Topaguneak hizkimizki.com webgunea aurkeztu dau
2012-05-07 10:42Euskeratik eta euskeraz sortu dan tresna barri honek hizkuntzen arteko poltsikorako oinarrizko hiztegiak sortzea dau helburu. Danetara, 43 hizkuntza batzen ditu eta euren arteko konbinazinoak eginez 1.806 oinarrizko hiztegi sortzen ditu webguneak.
Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak hizkimizki.com webgunea aurkeztu dau. Euskeratik eta euskeraz sortu dan tresna barri honek hizkuntzen arteko poltsikorako oinarrizko hiztegiak sortzea dau helburu. Danetara, 43 hizkuntza batzen ditu eta euren arteko konbinazinoak eginez 1.806 oinarrizko hiztegi sortzen ditu webguneak. Horreetako hizkuntza asko lehen aldiz jarri dira bata besteagaz hartu-emonetan, esaterako aragoiera-nepalera edo fula-islandiera. Aurkezpen ekitaldian Jasone Mendizabal (Topaguneko zuzendaria), Itziar Arrieta (Eusko Jaurlaritzako Immigrazinoa eta Aniztasuna kudeatzeko zuzendaritza), Mikel Insausti (Kutxa-Ekoguneko zuzendaria), Maider Elkoro (proiektuaren arduraduna, Topagunea), Belen Uranga (Soziolinguistika klusterra), Nekane Goikoetxea (Sorguneak) eta Xabier Monasterio (Zenbat Gara alkartea) egon dira.
Webgunearen funtzionamendua argia da. Erabiltzaileak nahi dituan bi hizkuntza hautatu eta momentu horretan hizkuntza horreen arteko oinarrizko hiztegia sortzen dau datu baseak: maketauta emoten dau, Din A4 batean inprimidu, tolestu, eta poltsikoan sartzeko prest. Hiztegiek komuniketako beharrezkoak diran nozinoak batzen ditue, besteak beste, agurrak, ohiko galderak, eta abar. Esaldi horreen artean euskereari eta Euskal Herriari erreferentzia egiten deutseen esaldiak batu dira webguneko 43 hizkuntzetan. Horrenbestez, Hizkimizki Euskal Herriaren enbajadorea izango dala esan daiteke.
Euskerearen onurarako egindako lan honek bestelako hizkuntza gitxiagotuen onurarako be erabilgarria izan daiteke. Izan be, erabiltzaileak inoiz hartu-emonik izan ez daben hizkuntzen arteko hiztegia sortu leike, adibidez, alemanaren eta quechuaren artekoa. Hori dala eta, Quechua hizkuntzea berba egiten dan herrialde batera doan alemanak quechueraz komuniketako aukerea izango dau gaztelaniara edo ingelesera jo barik.
Hizkimizki.com aukeratutako edozein hizkuntzen arteko zubilana egiteko erabili ahal izango da. Aurrerantzean poloniera/errumaniera, errumaniera-poloniera eta nahi beste konbinazino egin ahal izango da. Proiektua garatze bidean dago. Aurrera begira erabiltzaileak izena eta pasahitz baten bitartez datu baseko informazinoa zuzendu, aldatu eta gehitzeko aukerea izango dau. Gainera, etorkizunean hiztegiak gaika sortzeko aukerea izango dau erabiltzaileak.
Auzoko egitasmoa
Hizkimizki.com webgunea Topagunearen Auzoko egitasmoaren barruan sortu da. Proiektua euskeratik urrun bizi diran herritarrak euskerara hurreratzeko asmoa dauen ekimena da. Auzokoren oinarrian alkar autortzea dago, hau da, euskerara hurreratuko danak euskereari autortza bat egiten deutso eta hori bi zuzenbideetan emon daiten Euskal Herrian berba egiten diran beste hizkuntza batzuk jaso dira.
Euskeratik abiatuta, programa honen barruan poltsikorako oinarrizko 32 hiztegi sortu dira. Hiztegi horreek Euskal Herrian berba egiten diran hainbat hizkuntzetatik sortu dira eta hiztunek sortu ditue, hain zuzen be.
Hizkimizki.com-ek Eusko Jaurlaritzako Immigrazinoa eta Aniztasuna Kudeatzeko zuzendaritzearen eta Kutxaren babesa izan dau. Aplikazino informatikoa Konponbit alkarteak sortu dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!