Antonio Trashorrasen 'El callejon' filmak eta euskal zineari buruzko Fant Laburrean erakusketeak inaugurauko dabe Fant 2012
2012-05-04 15:52Epaimahaiaren sari nagusia lortzeko lehiatuko dan El Callejón luzemetraiaren emonaldiak eta euskal film laburrei zuzendutako Fant Laburrean saioak edegiko dabe gaur, hilak 4, Fant 18, Bilboko Zinemaldi Fantastikoa.

Epaimahaiaren sari nagusia lortzeko lehiatuko dan El Callejón luzemetraiaren emonaldiak eta euskal film laburrei zuzendutako Fant Laburrean saioak edegiko dabe gaur, hilak 4, Fant 18, Bilboko Zinemaldi Fantastikoa.
Alondigako Golem zine aretoak izango dira barriro be aurtengo edizinoko egoitza nagusia, eta bertan jasoko dira zine emonaldiak eta gaur, hilak 4, arratsaldeko 19:45etik aurrera, egingo dan inaugurazino ekitaldia. Ekitaldi horretan, Sekzino Ofizialeko lehen luzemetraia eskainiko da, Antonio Trashorras zinegilearen El Callejón (Espainia-Kolonbia 2011). Zinegileak berak aurkeztuko dau filma Bilboko ikus-entzuleen aurrean, antzezle protagonistak, Ana de Armas kubatarrak, lagunduta. Plaza de España edo D-calle lako telesailak zuzendu ondoren, zinegilearen lehen luzemetraia da El Callejon.
Sekzino Ofiziala
Sekzino Ofizialeko Luzemetraia Onenaren eta Gidoirik Onenaren FANT 2012 Saria eskuratu leikien film guztiak lehen aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon, zenbait Estadu osoan be lehen aldiz ikusteko aukerea izango da eta batek erabateko estreinaldia egingo dau. Antonio Trashorras zinegilearen El Callejón lanaz gan, lehiaketara aurkeztuko diran filmak honako honeek dira: Xavier Gens zuzendariaren, Frantziako bildurrezko lanen azken mobimentuaren egile garrantzitsuenetakoaren, The Divide (Alemania / EEBB/ Kanada, 2011); Thriller postapokaliptiko horrek makilaia onenaren saria irabazi eban Sitgesen; Jasón Eisener zinegilearen Hobo with a shotgun (Kanada, 2011); Bellflower (EEBB, 2011) amerikarra, Evan Glodell zuzendariak egindako maitasun istorio epiko eta erromantikoa, Estadu Batuetako zine independentearen sentsazino bilakatu dana, Sundanceko zinemalditik igaro ondoren; Nicolás Goldbart zuzendari eta gidoilariaren lehen luzemetraia dan Fase 7 (Argentina, 2011); Frantziako zine fantastikoaren azken sentsazinoa bilakatu diran Julien Maury eta Alexandre Bustillo zuzendarien Livide (Frantzia, 2010), azken lana, Sitgeseko jaialdiko azken edizinoan saritua; FANT 18k eta Bilbok, Devoured (EEBB, 2012) lanaren erabateko estreinaldia jasoko dabe. Marta Millans protagonista izango dauen bildurrezko thriller psikologiko hori, etorkizun handia dauen Greg Olliver Texaseko zuzendariaren lehen lana da. Zuzendaria Bilbon egongo da, bere filma aurkezteko.
Laburrean
Azken edizinoetan legez, film laburrak oso leku azpimarragarria izango dau Fant-en aurtengo edizinoan. Orain hiru urte, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak lehiaketearen oinarriak aldatu zituan, eta bakotxak 3.000 euro banatuko dituan sari barri bi sartu zituan, zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen eretxiz onenak diran bi film labur saritzeko. Zinegile barrien lana bultzatu nahi daben —Zinemaldiaren asmo nagusietakoa— film laburren alorreko bi sari horreei, aurtengo edizinoan 2.000 euro jasoko dituan saria gehitu jakee, Euskal Film Laburrik Onenari emongo jakona.
Holan, Fant 18k, mundu osotik etorritako 432 film labur aukeratu ditu, eta antolatzaileek 26 onenak aukeratu ditue —animazinoa eta fikzinoa—. Lan horreek Fant Laburrean saioan eskainiko dira. Aurten bi saio izango ditu, maiatzaren 4an eta 5ean, eta lehen saioa euskal film laburrei eskainita egongo da. Euskal zinegileek lehiaketara aurkeztu dituen eta euskeraz eta gaztelaniaz ikusi ahal izango diran lanen artean, honako honeek azpimarra daitekez, besteak beste: Karlos Alastrueyren Ada, Borja Corralesen eta Eneko Artetxeren Alone, David RL-ren Chicamon edo Pedro Riveroren eta Alberto Vázquezen Birdboy.
Sekzino paraleloak
Zinemaldiko sekzino paraleloak zinemaldiko alderdi indartsuak izango dira, barriro be, generoaren jarraitzaileentzat zein zine zaleentzat orokorrean, oso interesgarriak izango diran mota guztietako proposamenakaz. Holan, Fant Maisuak sekzinoak, generoan erreferentzia diran bi zinegileren, Roman Polanskiren eta Richard Fleischerren zenbait lan ikusi ahal izango dira. Lehenengoaren Repulsió (1965) eta La semilla del diablo (1968). Fleischerren filmografia zabaletik, Fant 18k El estrangulador de Bostón (1968) lana aukeratu dau.
DokuFant sekzinoaren barruan, Superheroes (AEB, 2011) dokumentala eskainiko da.
Beste alde batetik, zinemaldiak Fant Erreskatean izeneko zikloagaz jarraituko dau aurten be. Ziklo horren barruan, La Llamada (1965) eta La semana del asesino (1972) luzemetraiak eskainiko dira, kalidade handiko film espainiarrak, euren generoan klasiko diranak, baina ez oso ezagunak ikus-entzule gehienentzat, eta topetako oso gatxak.
La Llamada, zuri baltzean egindako film dotorea, Javier Setók zuzendua eta Emilio Gutiérrez Caba protagonista dauena —horrezaz gan, produktorea be bada—, kultuzkotzat hartzen dan film horreetako bat da, Espainiako fantasia-bildur generoko onenetakoa. Emilio Gutiérrez Caba bera izango da luzemetraia hori Bilboko ikus-entzuleei aurkeztuko deutsena, maiatzaren 8an, arratsaldeko 17:30etik aurrera, Alondigako Golem zine aretoetan.
Eloy de la Iglesia euskal zuzendariaren La semana del asesino filmari jagokonez, protagonistea Vicente Parra dala esan behar da. 70eko hamarkadan egiten zan generoko zineari begirada emotea proposatzen dau, drama existentzial baltz eta tristea. Luzemetraia hori maiatzaren 9an eskainiko da, arratsaldeko 16:30etik aurrera, Golem zine aretoetan.
Horrezaz gan, Fant 18k, Bilbon egingo dan lehen Phenomena Experiencean parte hartzeko aukerea eskainiko deutse Bilboko ikus-entzuleei. Nacho Cerdá zuzendariak bultzatutako ekimen hori, 70eko, 80ko eta 90eko film entretenigarriz osotutako zine saio bikotxa da, garai haretako trailerrakaz eta iragarkiakaz hornitua. Saio bikotxean bildurrezko zinearen bi lan garrantzitsu eskainiko ditu: Stanley Kubricken El Resplandor eta Sam Raimiren Posesión infernal II. Saioa maiatzaren 10ean izango da, arratsaldeko 19:45ean.
Bestetik, azteken egutegiaren arabera munduaren amaierea etorriko dan urteagaz bat etorriz, Apokalipsia irudikatzen saiatu dan edo gerrak, hondamendiak edo suntsipenezko istorio fantastikoak kontetako Bibliako pasarte horretan oinarritu dan filmografiari eskainitako ziklo berezia jasoko da aurten. Ziklo hori zinemaldiaren bigarren egoitzan eskainiko da, Otxarkoagako Udaltegian. Saioak maiatzaren 7an, 8an, 9an eta 10ean izango dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta bertan honako lanak eskainiko dira: The last man on earth (1954), Richard Mathesonen Soy leyenda eleberriaren lehen egokitzapena; El incidente, The road eta gai horri buruz lehiaketan jasotako film laburren aukeraketea.
Zinemaldiaren ohiko laguntzaile lez, Bilboko FNAC-ek zenbait jarduera jasoko ditu maiatzaren 5etik 11ra, umeentzako tailerrak eta fantasia eta bildur makillaje saioak. Horrezaz gan, lehiaketatik kanpo dagozan film laburren aukeraketa bat eskainiko da, eta kultuzko The twilight zone seriearen zenbait kapitulu.
Ohikoa denez, Zinemaldi Fantastikoak txikienentzat tartetxu bat be gordeko dau, eurei zuzendutako FantEskola sekzinoagaz. Sekzio hori Golem zine aretoetan eskainiko da, maiatzaren 8an eta 9an, goizeko 11:00etan, eta Ricardo Ramón eta Joan Espinach zuzendarien animazinozko Aita, zonbia naiz filma eskainiko da.
Fantrobia Saria
Aurtengo saritua Kike Maíllo (Bartzelona, 1975) zuzendari katalana izango da. Eva, haren lehen luzemetraiagaz hiru sari lortu zituan Goya Sarien azken edizinoan, efektu berezi onenen, taldeko antzezle onenaren eta Zuzendari Barri onenaren sariak. Kike Maíllok maiatzaren 9an aurkeztuko dau bere filma ikus-entzuleen aurrean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Saria, barriz, maiatzaren 11n, zinemaldiaren amaiera ekitaldian jasoko dau.
Horrezaz gan, Kike Maíllok eta Lluís Castellsek efektu bereziei buruzko Master Class bat eskainiko dau maiatzaren 11n bertan, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara, Abando — Barrainkuako udaltegian. Ikastaroa doban izango da, baina plazak mugatuak izango dira. Izena emotea fanteskola@fantbilbao.net helbide elektronikoaren bitartez egin ahal izango da.
Aurtengo edizinoko epaimahaia Jorge Guerricaechevarría gidoilariak, Alex Angulo antzezleak eta Desirée de Fez zine kritikariak osotuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!