Eszenatoki barria ganbera-musika kontzertuen XIII. Eleizetan Jaialdian: San Juan Ergoien baseleizea
2012-05-02 15:43 MusikeaEgitarauari jagokonez, esperientzia eta kalidade handiko musika taldeen eskutik dator aurten XIII. Eleizetan. Danetara 5 kontzertu izango dira. Asteon, maiatzaren 5ean izango da lehenengoa; iluntzeko 20:00etan Boroako San Pedro baseleizan, Método Cardiofónico izenburua dauen German Diazen ikuskizun barria.
Beste urte batez, euskal ganbera-musikaldirik berezienetako bat izango da Amorebieta-Etxanon. Kontzertuen eszenatokia berezia izaten da Eleizetan jaialdian: udalerriko landa baseleizak eta eleizak hain zuzen be. Egitarauan eszenatoki barria eskaini jako oraingo edizinoan kontzertuotako bati: San Juan Ergoien baseleizea. Izen bereko auzoan dagoan elizpedun eraikin erlijioso honen kokalekua bikaina da, eta horren lekuko izango dira programau dan musika hitzorduaz gozetako asmoz hurreratzen diran guztiak.
Egitarauari jagokonez, esperientzia eta kalidade handiko musika taldeen eskutik dator aurten XIII. Eleizetan. Danetara 5 kontzertu izango dira. Asteon, maiatzaren 5ean izango da lehenengoa; iluntzeko 20:00etan Boroako San Pedro baseleizan, Método Cardiofónico izenburua dauen German Diazen ikuskizun barria, hain zuzen. Iriarte doktoreak joan dan mendeko berrogeiko hamarkadan grabau eta Método Cardiofónico izenaz biniloan argitaratu zituan bihotz-taupadak ditu oinarri proposamen honek. Taupadak oinarri hartuta, soinu uniberso aparta sortu dau musikariak, melodiak idazteko darabilzan kartoi zulodunak irakurtzn dituen tresna mekanikoez. Playasaxa, errolmonika kromatikoa, barbaria-organoa eta musika-kutxea, zanfonaren biradereagaz batera, eta loopen zuzeneko grabazinoa, inprobisazinoaren eta kartoi zulatuen zurruntasunaren artean ibiliaz.
Hurrengo barikuan, maiatzaren 11n, iluntzeko 20:00etan, Dudeako San Migel baseleizan, Manouche Jazz kontzertuaren txandea izango da, Shine-ren eskutik. Manouche Jazz edo Gipsy Swing topaketa magiko batean sortu zan: Django Reinhardt gitarra jole manouche handiak pasa dan mendeko 30eko hamarkadako jazz amerikarragaz izan eban haretan hain zuzen.
Shine eta swinga sinonimoak dira: swing dotorea, zintzoa, beroa eta berezia, iragandako garai magikoetako soinuak naturaltasun handiz gogorarazoten dituana, orduko irratietan, klubetan eta jantza-aretoetan protagonista ziran musika-doinuak gaurko emonaldietara ekarririk.
Maiatzaren 13an, 12:00etan, Bernagoitiko San Migel eleizan, Sonar haize boskoteak jardungo dau. Prestakuntza eta sorterri desbardinetako bost musikarik (txirula, oboea, klarinetea, tronpa eta fagota) osotzen dabe talde hau.
Maiatzaren 19an, zapatuan, 20:00etan, San Juan Ergoien baseleizea izango da Maite Olmosek eta Juanjo Munerak (pianoa-bonbardinoa) eskainiko daben kontzertuaren eszenatokia.
Musika pedagogia, musika lengoaia eta akonpainamendu tituluduna da Olmos. Ganbera musikako hainbat taldegaz eta abesbatzakaz ibilten da, bai eta Bilboko Musika Bandeagaz be. Bilboko Udal Musika Eskolako (Bilbao Musika) piano-jole laguntzailea da gaur egun, eta bertako umeen eta gaztetxuen abesbatzen zuzendaria.
Munera valentziarrak, barriz, interpretari gazteen hainbat lehiaketa irabazi ditu: Ciudad de Xátiva, Villar del arzobispo Ateneoa eta Villa de Albuixec besteak beste direla. Estadu guztiko orkestren eta banda sinfonikoen kolaboratzaile jardun dau. Irakasle konbidatua izan zan 2003an Caracasen, Venezuelan orkestren eta banden arloetan emon dan musika mobimentuari lotuta antolatu zan Bonbardinoaren I. Mintegian. Luur Metalls Spaniss Brass jaialdira konbidau eben 2004an. 2005ean, Europako Banda gaztean jardun eban eta munduko banda gaztean, barriz, 2006an (Winds of World). Bilboko Bandako bakarlaria da gaur egun.
Bruseels Virtuosi izeneko ganbera orkestrearen eskutik etorriko da azken kontzertua. Domekan izango da, maiatzaren 20an, eguerdiko 12:00etan Etxanoko Andra Mari eleizan.
Musikarien nazinoarteko talde hau 1981ean sortu zan Marc Grauwels txirulari belgikarraren ekimenez. Mundu osoan zehar ibili dira 30 urteotan, besteak beste, Walonie, Hong-Kong, Ravello, Seul eta Tokio lako jaialdietan. Espainian, Alemanian, Frantzian, Austrian, Italian, Grezian, Japonian, Korean, AEBetan, Kanadan, Mexikon, eta abarretan egin ohi ditu orkestra honek birak.
Hainbat dira beren ibilbidean grabau dituen lanak eta, bat nabarmentzekotan, Hyperionen Prix du disque nabarmendu daiteke, Mozarten ganbera musika txiruladunari eskainia.
Autobus zerbitzua izango da kontzertu guztietan. Kontzertua baino ordu erdi lehenago urtengo dau autobusak Nafarroa Zentrotik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!