Wayne Shorter eta Eliane Elias Getxoko 36. Jazzaldian izango dira
2012-04-30 18:19 MusikeaWayne Shorter saxo-jotzailea eta Eliane Elias piano-jotzaile eta abeslari brasildarra izango dira aurtengo protagonistak. Horreez gan, saio nagusietan Larry Carlton, Mike Stern eta Richard Bonaren banda eta China Moses abeslaria izango dira Getxon garagarrilean.
Getxoko 36. Nazioarteko Jazzaldiaren saio nagusien programazinoa dagoeneko osotuta dago, eta Wayne Shorter saxo-jotzailea eta Eliane Elias piano-jotzaile eta abeslari brasildarra izango dira aurtengo protagonistak. Horreez gan, saio nagusietan Larry Carlton, Mike Stern eta Richard Bonaren banda eta China Moses abeslaria izango dira. Jazzaldi getxotarra garagarrilaren 4tik 8ra izango da aurten, eta sarrerak eguazten honetatik aurrera, maiatzaren 2tik aurrera, egongo dira salgai.
Antolatzaileek jakinarazo dabenez, jaialdiaren lehenengo egunean, garagarrilaren 4an, Larry Carlton-ek (1948, Torrance, Kalifornia, AEB) eskarmentu handiko musikariak joko dau. Carlton jazz eszenako gitarra-jotzaile handienetako bat da eta estudioko musikari lez jarduera zabala dauka. Milaka estudio saio egin ditu eta, horrezaz gan, 500 bat diskoren grabazinotan parte hartu dau beste artistaka batzukaz alkarlanean. Grammy sarietarako 19 izendapen lortu ditu, lau sari irabazita. Jazzaz gan, komertzialagoak diran beste estilo batzuk be jorratu ditu artista kaliforniarrak, esaterako popa eta rocka. 1960ko hamarkadearen hasieran hasi zan arlo profesionalean Fifth Dimension eta The Crusaders taldeakaz, eta ordutik bakarkako diskoen grabazinoa buztartu dau beste artista batzukaz eginiko kolaborazinoakaz, besteak beste, Sammy Davis Jr., Quincy Jones, Joni Mitchell, Stanley Clark, Eric Clapton eta Michael Jacksonegaz ibili da Carlton.
Biharamunean, garagarrilaren 5ean, China Moses-en (1978, Los Angeles, Kalifornia, AEB) txandea izango da, etorkizun handiko abeslari gaztea, azken urteotan nabarmendu dana. Dee Dee Bridgewater abeslari handia dau ama eta horren eragina ezinbestekoa izan dau. Mosesek estilo anitzetara egokitu leike ahotsa eta, gaztea izan arren, dagoeneko bost disko grabau ditu. Getxon eskainiko dauen saioan Raphaël Lemmonier piano-jotzailearekin agertuko da taila gainean eta, besteak beste, This One Is For Dinah Dinah Washington omenezko diskoaren kantuak interpretauko ditu.
Jaialdiaren erdialdean, garagarrilaren 6an, Wayne Shorter (1933, Newark, New Jersey, AEB) saxo-jotzaile famatuak joko dau, egungo jazzaren mitoak. Jazz munduaren musikari eta konpositore emonkorrenetakoa da eta arrakasta handiak lortu ditu, horren artean irabazitako sei Grammy sariak aitatu behar dira, sari horretan 13 aldiz izentauta egon ostean. Artistearen irudimen handiaz eta musikea barritzeko gaitasun etenbakoaz jazz eszenaren leku gorenetara heldu da. Bere jarduerea Manhattaneko klubetan hasi zan eta laster hasi zan artista ospetsuakaz joten: Miles Davis handia, John Coltrane, Sonny Rollins, Art Blakey, Joe Zawinul (azken honegaz Weather Report talde ospetsua sortu eban).
Stern eta Bona
Garagarrilaren 7an, jazz fusion eta world music izango dira nagusi Getxon, Mike Stern (1953, Boston, AEB) gitarra-jotzailearen eta Richard Bona (1967, Minta, Kamerun) baxu-jotzailearen eskutik. Hiru aldiz izentau dabe Mike Stern Grammy sarietan eta 30 urte baino gehiagoko jardueran estilo anitzeko 12 disko barritzaile kaleratu ditu.
Bere belaunaldiko jazzaren eta jazz fusinoaren gitarra-jotzaile onenetakoa da eta bere jardueran maila handiko musikariakaz ibili da alkarlanean estudioan zein zuzenean, esaterako, Miles Davis, Jaco Pastorius, David Sanborn, John Patitucci eta Jack DeJohnettegaz.
Richard Bonari jagokonez, musika unibersala, oparoa eta publiko guztiek erraz ulertzeko modukoa egiten dau. Hori dala-eta, jazz fusion estiloaren eta soinu etnikoen zale amorratua da. Egungo baxu-jotzaile onenetarikoa izateaz gan, musikagile eta abeslari lanetan be nabarmendu da eta jazz eszenaren zein beste estilotako musikariakaz be ibilten da, horreen artean Pat Metheny, Larry Coryell, Joe Zawinul, Harry Belafonte, Bobby McFerrin, Paul Simon, Chick Corea eta Chaka Khan dagoz.
Azkenik, garagarrilaren 8an, Eliane Elias (1960, Sao Paulo, Brasil) piano-jotzaile, abeslari eta konpositorearen hirukoteak zarratuko dau Getxoko aurtengo jazzaldia. Hainbat aldiz Grammy sarietan izentau daben artista brasildarra musika anitzak interpretetako gai da, besteak beste, jazz ortodoxoena, musika klasikoa eta Hegoamerikako herri musikea; izan be, Brasilgo tradizinoaren doinuak sarritan buztartzen ditu jazzagaz. Teknika apartaren eta inprobisetako gaitasun handiaren jaube, oso gazterik Toquinho, Vinicius de Moraes eta beste artista brasildar ospetsuakaz batera jotea lortu eban, nazinoarteko musikariak ahaztu barik, besteak beste, Toots Thielemans, Herbie Hancock edo Jack DeJohnette.
Pays Jobim, Paulistana, Fantasía eta Sings Jobim dira bere lan arrakastatsuenak eta horreei bere azken diskoa gehitu jako, Light My Fire, hain zuzen be. Horretan, berak idatzitako kantuak eta beste egile batzuen piezak batu ditu, esaterako, Jim Morrisonenak, Stevie Wonderrenak eta Paul Demondenak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!