Maiatzaren 2an zabalduko da XXIV. Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketan izena emoteko epea
2012-04-30 15:47 Musikea18 eta 35 urte bitarteko gazteek, 1977ko urtarrilaren 1etik 1994ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako gazteek, osotutako musika-talde europarrentzat da lehiaketea. Helburua taldeen lanak sustatzea eta zabaltzea da, baita estaduko eta nazinoarteko beste talde batzuekaz eszenatokian jardutea be.
Bilboko Udaleko Euskera, Gazteria eta Kirol Saileko Gazteen Gaietarako Zerbitzuak martitzenean, maiatzak 2, zabalduko dau Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketearen 24. edizinoan izena emoteko epea. 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, 1977ko urtarrilaren 1etik 1994ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako gazteek, osotutako musika-talde europarrentzat da lehiaketea. Helburua taldeen lanak sustatzea eta zabaltzea da, baita estaduko eta nazinoarteko beste talde batzuekaz eszenatokian jardutea be.
Maiatzaren 31ra arte aurkeztu leikie parte hartzeko eskabidea taldeek, www.bilbao.net/bilborock webgunearen bidez. Eskabideagaz batera honako honeek be bialdu behar ditue: 3 kanta, mp3, ogg edo wma formatuan; argazki bat .jpg, .bmp edo .png formatuan; eta taldearen historiala .doc, .docx, .odt edo .pdf formatuan.
Parte hartu nahi daben taldeek ondoko baldintzak bete beharko ditue: disko bat baino gehiago ez izatea kontratu diskografiko bati lotua; Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketearen aurreko edizinoetako edozein modalidadetan lehen saria irabazi ez izana; eta konposizinoak jatorrizkoak izatea. Antolatzaileek eskatu ezkero, lehiatzaileak egilea bera dala frogatu beharko dau.
3 modalidade eta 3 fase
Hiru modalidade dagoz: Pop-Rocka, Metala eta Beste Joera Batzuk. Taldeek modalidade bakar batean emon behar dabe izena. Dana dala, antolatzaileek egoki eretxi ezkero, taldeek parte hartzeko beste modalidade batean sartzeko eskubidea izango dabe.
Lehiaketeak 3 fase izango ditu: lehenengoan, izena emon daben taldeetatik epaimahaiak 38 talde aukeratuko ditu, 2. fasean parte hartzeko. Modalidadeen arabera holan banatuta: 24 talde Pop Rockekoak, 10 Metalekoak eta 4 Beste Joera Batzuetakoak. Dana dala, epaimahaiak aldatu leike banaketa hori.
Bigarren fasean, lehenengoan aukeratutako taldeek zuzenean joko dabe Bilborock aretoan, 2012ko irailetik zemendira bitartean eta kontzertuak dobakoak izango dira. Fase honetan, epaimahaiak honako honeek aukeratu behar ditu: Pop Rockeko 3 talde, Metaleko 3 talde eta Beste Joera Batzuetako 2.
Azken fasean, gelditu diran talde horreek kontzertu finaletan joko dabe.
Lehiaketaren 2. eta 3. faseetan parte hartzen daben taldeek laguntza ekonomiko bat jasoko dabe Bilbora etorteko eta bertan joteko gastuetarako.
Epaimahaiaren osoketea fasearen araberakoa izango da: 1. eta 3. faseetan musikearen arloko profesionalek osotuko dabe epaimahaia. 2. fasean, barriz, musikearen arloko profesionalek, musikari loturiko gazte ez profesionalek eta kontzertuetako entzuleek osotuko dabe epaimahaia.
Lehiaketearen bigarren 2. fasea hasi aurretik, sailkatutako taldeek jabego intelektualaren euren eskubideak defendiduten dituan erakunderen batean erregistrauta badaukiez euren abestiak, horren barri emon beharko deutsie Lehiaketaren antolatzaileei.
Sariak
Pop-Rock eta Metala modalitateetan, irabazleek 5.000na euro jasoko dabe. Beste joera batzuk atalean, barriz, irabazleak 2.700 euro jasoko ditu. Bigarren sailkatuentzako 2.500na euro jasoko dabe Pop-Rock eta Metala modalidadeeetan eta 1.000na euro hirugarren sailkatuentzako aitatu modalidadeetan.
Bestetik, lehenengo aldiz emongo jako 1.000 euroko saria lehiaketan ezusteko mailea emon dauen talde gazteari. Horrezaz gan, sari honeek emongo dira:
- Bilbao Hiria saria Bilboko talderik onenarentzat: emonaldia Bilborock aretoan.
- Aste Nagusia saria Bilboko rock talde talderik onenarentzat eta Bizkaiko talderik onenarentzat: emonaldia 2013ko Aste Nagusian, Bertako Rock taldeentzako eszenatokian.
Epaimahaiak emon barik itxi leike edozein sari eta oinarrietan azaltzen ez diran bestelako sari batzuk be emon leikez (www.bilbao.net/bilborock).
Apirilaren 30ean, astelehenean amaituko da Bilboko Aste Nagusiko Bertako Pop Rock Erakusketara maketak aurkezteko epea
Bilboko 2012ko Aste Nagusiko Bertako Pop Rock Erakusketan parte hartu nahi daben taldeek astelehenera arte dabe maketak aurkezteko epea, beranduago heltzen diran lanak be onartuko diran arren, aitatutako epearen barruan jarritako zigilu-markea baldin badabe. Jai Batzordeak tokiko taldeei be aukerea emotea bilatzen dau egitasmo honegaz, Bilboko Udaleko iturriek jakinarazo dabenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!