Txina modearen ikur
2012-04-30 15:13 BidaideLuo Zilin-ena ez da edertasun txinatar tradizionala, izan be, milurtekoetan herri honetan nagusi izan dan ereduaren antitesia be izan daiteke: 183 zentimetroko altuerea dauka, edozein gizonezko kikildu eta lotsarazoteko modukoa, landa giroko emakumeen ohiko arpegiko larruazal baltzingoa eta Angelina Joliegaz lehiatzeko moduko ezpan haragitsuak ditu ezaugarri.
Luo Zilin-ena ez da edertasun txinatar tradizionala, izan be, milurtekoetan herri honetan nagusi izan dan ereduaren antitesia be izan daiteke: 183 zentimetroko altuerea dauka, edozein gizonezko kikildu eta lotsarazoteko modukoa, landa giroko emakumeen ohiko arpegiko larruazal baltzingoa eta Angelina Joliegaz lehiatzeko moduko ezpan haragitsuak ditu ezaugarri, ez dauka xiaojiabiyu fin eta delikatu baten etxurarik eta hori gitxi ez bada, jarrera ausarta eta edegia dauka.
Orain, barriz, Shanghaiko neska honek badaki Txina barriaren ordezkari eta eredu dala, XXI. mendean munduaren buru izateko prest dagoan Txinaren ordezkari, hain zuzen. Herri hau oso azkar aldatzen da, gauza barrietarako, bie barriak zabaltzeko benetako pasinoa dauka eta atzo ezinezkotzat hartzen ziran gauzak gaur egun errealidadea dira. Akaso, horregaitik Luo Zilin-ek Txinako Miss Uniberso lehiaketako koroa irabazi barri dau eta orain hamarkada batzuk ezinezkoa izango zan holako edertasun lehiaketa bat Txinan. Brasileko finalean 'Txina' aldarrikatu neban ozen, niretzako ohore handia izan zalako nire Herriak bizi dauen aldaketearen ordezkari izatea gogorazo dau. Indar eta jarrera horri esker, unibersoko bost emakume ederren artean dago egun.
Bost urte joan dira Zhang Zilin herrikideak Txinarentzat mundu mailako lehenengo miss lehiaketea irabazi ebanetik. Orain Luorenak baino keinu estandarragoak dituan Zhang neskatilea L’oreal etxearen irudi ofiziala da Maoren herrian eta ganezka dagozan modelo akadamietan dabilzan nesken inspirazino iturri bihurtu da. Atzerriko edertasun eta kalidade ereduen ezaugarritzat hartu izan diran begi urdinak eta urre koloreko ule luzeak bete-betean baztertu barik, esnobismoa ahaztu eta txinatar ezaugarrien indarraz jaubetu gara. Shanghain paseoan ibili ezkero, markesina eta dendetako erakuslehioetan orekatuta agiri dira eredu klasikoak eta begi urratuak dituen modeloak, bardin marka merkeak zein karuak iragarten. Modearen munduan indar handiko herrialdea garela eta modelo eta diseinatzaileen artean profesional bikainak daukaguzala konturatu gara. Pekinek mailua eta igitaia gorde dituala aprobetxauta, aro barria zabaldu da helburu bikotxagaz: batetik, modearen arloan, Txinan dagoan negozioaren zati bat eskuratzea eta, bestetik, munduan be muturra sartzea. Duda barik, helburu horreek lortzeko bidean dago Txina. Lujoaren Nazinoarteko Alkartearen prebisinoak betetan badira, Txinak aurrea hartuko deutso aurten Japoniari lujoaren sektorean.
Munduko bigarren indar ekonomikoak salmenta guztien % 27 hartzen dau gaur egun, Europak % 18, besterik ez, eta 2012an txinatarrek 10.000 miloe euro baino gehiago gastauko ditue lujo handiko produktuetan, jet pribatuak, yateak eta kotxeak kontuan hartu barik. Krisialdi ekonomikoa indarrean egon arren, sektorearen hazkundea sekulakoa da: azken bost urteotan etenik bakoa izan da hazkundea, urteroko batez bestekoa % 30ekoa izanik. Erdi mailako herritarren kopurua be gora doa, gaur egun 200 miloe inguru dira eta urtetik urtera % 10 hazten doa kopurua. Panorama horretan, Prada lako markentzako Txina lehenengo herrialdea da salmenta kopuruari jagokonez eta bigarrena, barriz, irabazietan. Beste alde batetik, Inditex lako talde potoloentzat be krisiaren kontrako botika onena da txina.
Edozelan be, yuan guztiak ez doaz Txinatik kanpora. Modeloen iraultzea ez eze, Txinako moda diseinuak aurrekaririk bako arrakastea dauka. Ma Yanli emakume bakarra da Txinan zein Txinatik kanpo arrakastea lortu dauena; 1995ean, txinako lehenengo top modeloa izan zan. 21 urtegaz heldu zan modeloen sarean puntaren puntara eta munduko pasarela nagusietan desfilau eban. Dana dala, arlo horretan denpora gitxi egingo ebala jakinik, diseinu ikasketak hasi zituan unibersidadean. Gaur egun goi mailako joskintza marka propioa zuzentzen dau, Mary Ma izenekoa, hain zuzen be. Arrakasta handiz ekialdeko elementuak eta mendebaldeko teknikak buztartzen ditu eta datu lez baino ez bada be, David Beckham-ek be haren jantziak erabilten ditu. Txinak bizi dauen aro barriko bide urratzaile sentiduten naz baina eskerrona be adierazo behar dot ze iraultza hori barik nire negozioak ez zan jaio be egingo eta ez neban mendebaldeko kulturatatik ikasteko aukerarik be izango.
Kontuak kontu, alkarreragin horri esker, Frankie Xie diseinatzaile txinatarra herrialde honetako lehenengo jostuna izan zan Pariseko Modearen Desfilean parte hartu ebana. Halan da be, Xie jn.ak adierazo dauenez, Txinak ez dau sekula estilo propioa izango, hortik eta hementik hartzen dauelako. Txina ez da Japoniaren pausuen atzetik joango, izan be, estilo zehatza ezarriz, Yamamotoren lehenengo desfileek shock handia eragin eben Europan eta, esangura horretan, Txinak asko dauka oraindino ikasteko. Gero be japoniarren neurria edo zuhurtziaren eta europarren ausardiaren arteko hibridoa izango da Txina. Oraindino arriskutsua izan daiteke Txinan larregi nabarmentzea.
Dana dala, argi dago Maoren irudi zurruna aldatzen eta desartzen doala. Hori ondo daki Prada taldeko zuzendari Sebastian Suhl jn.ak. Ez da egia bezero txinatarra besteak baino tradizionalagoa danik, egia esateko, hemen erropa ausartagoa saltzen dogu. Eroslea gaztea da gehienbat eta gauza barriak probetako prest dago. Pradaren merkatuaren % 42 gizonezkoentzako da eta sarritan zur eta lur geratzen gara ze bildumetako piezarik ausart eta nahasienak eskatzen deuskuez. Horrek adierazoten dau merkatu horri buruzko aurreretxi asko dagozala oraindino, berbarako, logotipoa dala ardura deutsien bakarra. Hori ez da egia, txinatarrek gero eta gehiago eskatzen dabe diseinua eta kalidadea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!