Elvin Bishop, Dana Fuchs eta Joe Louis Walker, Getxo & Blues jaialdian

Bizkaie! 2012-04-30 10:51   Musikea

Getxoko XXIV. Nazinoarteko Blues Jaialdiak osotu barri dau aurtengo egitaraua. Bagilaren 21etik 23ra izango dan edizino honetan, besteak beste, Elvin Bishop jarduera luzeko artistea eta Chicagoko blues elektrikoaren erakuslea, Dana Fuchs abeslari eta konpositorea eta Joe Louis Walker bluesman ospetsua eta zenbait Grammy sariren irabazlea izango dira.

Getxoko XXIV. Nazinoarteko Blues Jaialdiak osotu barri dau aurtengo egitaraua. Bagilaren 21etik 23ra izango dan edizino honetan, besteak beste, Elvin Bishop jarduera luzeko artistea eta Chicagoko blues elektrikoaren erakuslea, Dana Fuchs abeslari eta konpositorea eta Joe Louis Walker bluesman ospetsua eta zenbait Grammy sariren irabazlea izango dira.

Saioak Algortako Biotz Alai plazan izango dira, 21:00etan, bagilaren 21ekoa izan ezik, egun horretan ordubete lehenago hasiko baita. Sarrerak maiatzaren 2tik aurrera egongo dira salgai, antolatzaileek jakinarazo dabenez.

Jaialdia bagilaren 21ean hasiko da Elvin Bishopegaz (1942, Glendale, Kalifornia, AEB), blues eszenako gitarra-jole bikainenetakoa eta rockaren munduan ezaguna. Bishop 1960ko hamarkadearen amaieran hasi zan martxan Paul Butterfield harmonika-joleagaz eta, ordutik hona, bakarkako 20 disko baino gehiago grabau ditu, beste artista askogaz alkarlanean eginikoak ahaztu barik.

John Lee Hooker, B.B. King eta The Allman Brothers bluesaren mitoakaz jo dau Bishop-ek eta 69 urte beteta, oraindino mundu osoko agertokietan joten dau. Igaz bere azken diskoa kaleratu eban, Rasin' Hell Revue, zuzenean grabautakoa.

Bestalde, bagilaren 22an, Dana Fuchsen (1976, New Jersey, AEB) bandaren txandea izango da. Fuchs indar handiz finkatu da egungo eszenan azken urteotan, etorkizun handia dauela erakutsita. Jarduera profesionala New Yorken hasi eban John Diamond gitarra-joleagaz eta beragaz Dana Fuchs Band sortu eban. Epe laburrean uriko blues klub garrantzitsuetan joten hasi zan, batzuetan artista handiakaz: John Popperregaz, James Cottonegaz eta Taj Mahalegaz, besteak beste. Garai horretan konposatzen be hasi zan. Bere abestiak zenbait filmetan agertu dira, esaterako Across The Universe pelikulan. Horretan, rock, soul eta blues doinuak buztartzen dira, bere ahots indartsuaz abestuta. Horren adibide Love to Beg azken diskoa da.

Azkenik, Joe Louis Walker (1949, San Frantzizko, AEB) gitarrista eta abeslariak zarratuko dau jaialdia bagilaren 23an. Egungo blues artistarik miretsienetakoa da Walker eta zenbait Grammy eta W.C. Handy sari irabazi ditu. Bere jaioterrian abiatu zan musikan eta John Lee Hooker, Buddy Miles, Steve Miller, Charlie Musselwhite, John Mayall, Muddy Waters, Jimi Hendrix eta beste artista handiakaz jo dau. Kaliforniako bluesaren izen nagusietan eragina nabaria da bere musikan, eta jazz, gospel edo soul lako beste estilo batzuekaz buztartzen dau.

Getxo & Blues jaialdiaren egitaraua bagilaren 22an eta 23an Algortako The Piper's Irish Puben izango diran saioakaz osotuko da. Bertan, The Románticos eta Mr. Groovy and The Blue Heads taldeek joko dabe 23:00etan. Kontzertu horreetarako sarrerea dobakoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu