Anje Duhalderen 'Ibilean', sasoi bat ixteko lana

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-04-27 15:12   Musikea

Zuzeneko diskoa da Ibilean, Bilboko eta Ondarroako Kafe Antzokietan emondako kontzertuen emoitzea. Arrangoitzeko musikariaren berrogei urteko ibilbide osoaren erakusgarri dira diskoko hamabost kantak, batzuk Errobiko sasoikoak, eta beste batzuk azkenengo lanetakoak. Fase baten amaierea dala esan dau Duhaldek berak.

Zuzeneko diskoa da Ibilean, Bilboko eta Ondarroako Kafe Antzokietan emondako kontzertuen emoitzea. Arrangoitzeko musikariaren berrogei urteko ibilbide osoaren erakusgarri dira diskoko hamabost kantak, batzuk Errobiko sasoikoak, eta beste batzuk azkenengo lanetakoak. Fase baten amaierea dala esan dau Duhaldek berak, aurrerantzean beste gauza batzuetan jardungo dot.

Hainbeste maite dauen Bilboko Kafe Antzokian egin dau prentsarako aurkezpena kantari lapurtarrak, Elkar etxeko Anjel Valdes lagun. Duhalderen konstantzia, egiteko modua eta publikoaren fidelidadea nabarmendu ditu Valdesek. Zuzeneko animalia da Anje, zuzenean emoten dau emon beharreko guztia, ganeratu dau. Publikoa, Valdesen ustez, kontzertuetan irabazten da, eta Duhaldek ederto daki hori egiten.

Bai taldeari bai entzuleei, esker ona adierazo gura deutse Anje Duhaldek Ibilean diskoaren bidez. Hamabi bat urtean banda beragaz jo dau, Iñigo Telletxea (baxua), Remy Gachis (gitarrea) eta Txomin Duhalde (bateria) semeagaz. Nire esker ona emon nahi deutset taldekoei, musikari trebeak izateaz gan, nire lagun eta laguntzaileak izan diralako urteotan. Entzuleak be gogoan izan ditu Arrangoitzekoak, izan be entzule barik ni ez naz inor, ez nintzateke hemen egongo.

Estudioan baino askozaz gusturago dago Duhalde eszenatoki ganean, estudioan sartuta txarto pasetan dot, onartu dau. Askoz gehiago gozetan dot zuzeneko emonaldietan, jentearen kontaktua asko gustetan jat. 16 bat urtegaz hasi zan musika munduan, eta ordutik 15 disko argitaratu ditu, eta makina bat kontzertu emon.

Diskoa sasoi baten amaierea dala autortu dau, hamabi urteotako ibilbidearen konklusinoa. Dana dala, oraindino ez dauka oso argi norantz joko dauen fase barrian, lan akustikoagoak egingo ditu akaso, baina horrek ez dau esan nahi motelagoak, edo makalagoak izango diranik, argitu dau. Buruan ditu euskal kanta tradizionalak, folka... eta beste hainbat ideia.

1993an argitaratu eban azkenengo zuzeneko diskoa, Zuzenean izenburukoa. Hamabost kanta ditu Ibilean diskoak, batzuk aspaldi grabautakoak, eta beste batzuk oraintsukoak: Gure lekukotasuna, Maitasun nortasun, Oh, Garbiñe, Bilintzi Balantzan, Langabeak, Isilean, Gitarra zahar honekin, Gogoaren baitan, Ezin isildu, Irtenbiderik ez zen, Etxekoandre, Eperra, Kantuz, Amnistiaren dema, eta Kantu hau zuretzat. 93ko diskoa ez errepetiduten ahalegindu dira, baina badira derrigorrezko kanta batzuk, sartu ezean jenteak ondo ikusiko ez leuke.

Abesti batzuk, aurreko diskoetan jasota dagozan arren, ez ditu egundo zuzenean jo. Ezin isildu, Langabeak, Isilean eta Bilintzi Balantzan dira abesti barri horreek. Bazterrean geratu izan diran kanta batzuk sartu nahi izan doguz, azaldu dau kantariak. AEBetako Joan Hiatt kantariaren bersino bi be egin ditu.

Ohiko bandeagaz batera, Urbil Artola gitarristea be izan zan Bilbo eta Ondarroako zuzenekoetan, konbidadu berezi lez. Maikel Garcia eta Mikel Ugarte izan dira teknikariak, eta nahasketak Berako Mik estudioan egin ditue.

Ibilean diskoa jentaurrean aurkezteari ekingo deutso laster Anje Duhaldek; lehenengo hitzordua Senperen izango da, maiatzaren 13an egingo dan Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen jaian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu