VIII. Matematikak eguneroko bizitzan ekimena Bilbon matematikea eta magia buztartuz

Bizkaie! 2012-04-25 12:56

Berbaldiak Bidebarrieta Liburutegian eskainiko dira, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Lehenengoa, Matemáticas, magia y misterio izenekoa, eguen honetan (apirilaren 26an) eskainiko dau Fernando Blascok. Blasco Zientzia Matematikoetan doktore da Madrilgo Unibersidade Konplutensen, Matematika Aplikatuko irakasle Madrilgo Unibersidade Politeknikoan eta mago zaletua.

Bidebarrieta Kulturguneak, Matematikak eguneroko bizitzan programearen zortzigarren edizinoa jasoko dau hurrengo hiru eguenetan, matematikak eta euren errealidadea gizarte osora hurreratzeko zenbait topaketaren bitartez. Zikloa mota guztietako ikus-entzuleei dago zuzenduta, eta helburu nagusia, matematikek eguneroko bizitzan daben presentziaz jaubetzea da.

Berbaldiak Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan eskainiko dira, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Lehenengoa, Matemáticas, magia y misterio izenekoa, eguen honetan (apirilaren 26an) eskainiko da, eta Fernando Blascok eskainiko dau. Fernando Blasco Zientzia Matematikoetan doktore da Madrilgo Unibersidade Konplutensen, Matematika Aplikatuko irakasle Madrilgo Unibersidade Politeknikoan eta mago zaletua da. Matemagia (2007) eta El Periodista Matemático (2009), liburuak idatzi ditu, matematikak jente guztiari hurreratzeko asmoz.

Lehen berbaldi hori magia ikuskizun moduan planteetan da, eta omenaldia eskaini nahi deutso, milaka ume matematikari eta milaka matematikari ume bilakatzea lortu eban eta 70 liburu baino gehiago idatzi zituan Martin Gardnerri. Zenbakietan zein geometrian oinarritutako jolasak aztertuko ditue, eta naipeetarako lekua be egongo da. Kasu bakotxean, trukuen ostean dagozan propiedade matematikoak azalduko dira, eta ate bat zabalik itxiko da, horretan interesa daben partaideek euren aldetik, horren inguruan dagoan literatura zabala konsultauta, antzeko jolasak zelan egin ikasi deien.

Hurrengo saioan (maiatzaren 3an), Antón Aubanell matematikariak Geometría de las pompas de jabón berbaldia emongo dau. Aubanell Matematiken Didaktika irakaslea da Bartzelonako Unibersidadeko Matematika Fakultadean, eta sarritan egiten ditu matematikaren gizarte zabalkunderako jarduerak.

Berbaldian, xaboiz eta urez egindako irudi dibertigarri horreen atzean, ideia geometrikoen bitartez azter daitekeen matematika egitura bikaina ezkutatzen dala erakutsiko deusku, eta matematikeak, fenomeno naturalak azaltzeko, deskribiduteko eta aurreikusteko eskaintzen dituan aukerak erakutsiko dira. Kasu honetan, fenomeno naturala likidoen portaerea izango litzateke. Berbaldiak parte bi izango ditu: lehenengoa teorikoagoa izango da, eta bigarrena praktikoagoa. Bertan, zenbait egituratan oinarrituz lortuko diran irudi harrigarrien esperientzia praktikoak aurkeztuko dira.

Berbaldien zikloa maiatzaren 10ean amaituko da, Konpostelako Santiagoko Unibersidadeko Matematika Aplikatuko Katedradun Alfredo Bermúdez de Castroren partaidetzeagaz.

Matemáticas, simulación por ordenador y aplicaciones industriales izeneko berbaldian, informatikeak azken hamarkadatan izan dauen aurrerapen ikusgarria, eta, horregaz batera, zenbakizko kalkulurako algoritmoek izan daben garapen paraleloa aitatuko ditu. Holan, gaur egun, zientzia eta teknika alorretako gailuen eta prozesuen portaerak arautzen dituen eredu matematiko konplexuak arrazoizko kalkulu denporatan ebatzi daitekez. Holan, batzuek metodo zientifikoaren hirugarren zutabea, teoriagaz eta esperimentazinoagaz batera, izentau daben tresnea sortzen da: zenbakizko simulazinoa. Berbaldiak, teknologia barri horren alderdi metodologikoak erakutsi nahi ditu, labur bada be, eta teknologia horrek industrian eta ingurumenagaz lotutako arazoen azterketan izan leikezan zenbait aplikazino aurkeztuko ditu.

Matematikak eguneroko bizitzan programea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultadeak eta Real Sociedad Matemática Española izenekoak antolatu dabe alkarlanean, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) izenekoaren eta Radio Euskadiren laguntzinoagaz.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiaren barruan kultureari eskainitako gunea da, eta bere helburuen artean kulturearen, literaturearen, arteen eta zientziaren garapena dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu