Julio Llamazares eta Miguel Sanchez Ostiz aurrez aurre 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenean
2012-04-23 14:41 KultureaEztabaidak Literatureagaz ekimenak, literatur paisajeari buruzko hitzaldia dakar hilaren 24rako; paisaje hori erreala edo figuratua, existiduten dana edo desagertuta dagoana bada bere.
Eztabaidak Literatureagaz, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz, idazleakana hurreratzea proposatzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, literatura barrian emoten dan genero fusinoari buruzko topaketea jasoko dau apirilaren 24an, martitzenean, Julio Llamazares eta Miguel Sánchez Ostiz idazleen eskutik. Alkarrizketak hilero izaten dira, martitzenetan, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek aurkezle eta gidari lanak egiten ditu eta oraingo honetan, liburu eta literatura gaietan espezializauta dagoan Radio Euskadiko Kike Martín kazetariak izango dau ardura hori.
Eztabaidak Literatureagaz ekimenak, literatur paisajeari buruzko hitzaldia proposatzen deusku, paisaje hori erreala edo figuratua, existiduten dana edo desagertuta dagoana bada bere. Azken kasu horreetan, egilearen oroimenetik sortzen da. Hainbat gai landuko dira, paisajea pertsonaia izatera heldu ete daitekeen, oroimenagaz lotutako paisajearen irudikapena nostalgiazko ariketea ete dan, paisaje galduak literaturea egiteko onenak ete diran edo literaturan paisaje bat asmau ete daitekeen, egilea bertan inoiz egon ez bada be, irakurlearentzat erreala eta bizia izanik.
Zuzenbidean lizentziauta dagoan Julio Llamazaresek (Vegamián, León, 1955) laster itxi eban lanbide hori alde batera, idatzizko, irratiko eta telebistako kazetaritzeari ekiteko. 1983an, Luna de lobos, bere lehen eleberria (1985) idazten hasi zan, eta 1988an, La lluvia amarilla lana argitaratu eban. Bi lan horreek Literatur Sari Nazionaleko finalista izan ziran, Narratiba modalidadean.
Julio Llamazaresen lanaren ezaugarri nagusiak intimismoa, hizkuntza zehatzaren erabilerea eta deskribapenen zainketa landua dira. Horren adibide garbia, 2005ean argitaratutako El cielo de Madrid lana da. Azpimarragarriak dira, baita be, nekazaritza munduaren ebokazinoa, bere testuen sakontasuna eta lirismoa, hizkuntza aberatsa edo narrazinoaren egitura sendoa. Hori guztia dala eta, garai honetako narratzaile espainiar garrantzitsuenetakoa da. Julio Llamazaresek bibliografia zabala dauka, narrazinoak, poesia eta saiakerea, eta, horrezaz gan, bidaia liburuak eta zinerako gidoiak be idatzi ditu.
Miguel Sánchez Ostiz (Iruñea, 1950) be Zuzenbidean lizentziau zan Nafarroako Unibersidadean, eta abokatu lez ibili izan zan lanean 1974tik laurogeiko hamarkadearen amaierara arte. Egin edo El Correo lako egunkarietan hasi zan lanean, eta geroago nazino mailako egunkarietan ibili zan, ABC-n edo El Paísen, besteak beste. Literatur kritikea be landu eban. Aditua da Pio Barojaren lanean eta irudian. Narratibea, poesia eta saiakerea idatzi ditu, eta hainbat sari irabazi ditu, Gaztelaniazko Narratibako Kritikearen Saria (1998), Kulturako Bianako Printzea Saria 2001ean, Euskadi Literatura Saria (1990) eta Euskadi Literatura Saria, saiakera alorrean, 2010ean.
2007ko urtarrilean, Eztabaidak Literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.
Bidebarrieta Kulturgunea, barriz, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, liburuaren eta literaturearen garapena eta sustapena helburu nagusi dauen kultureari eskainitako gunea da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!