Capsula taldearen lehenengo hiru diskoen berrargitalpena eta Ziggy Stardust-en grabazinoa
2012-04-19 11:48 MusikeaMaiatzaren erdialdera kalean izango dira euskal-argentinar taldearen lehenengo hiru grabazinoak: Sublime (1999), Yudoka (2000) eta Capsula (2002), azken hau euren aurkezpen gutuna izan zana gurean. Nahasketa eta masterizazino lan barriak Angel Katarainek eginak dira, eta hasiera-hasieratik erakusten deuskue taldea bere sasoirik onenean, gaztelaniaz eta ingelesez abesten. Biniloan eta CDan, diseinuak be guztiz barrituta.
Maiatzaren erdialdera kalean izango dira euskal-argentinar taldearen lehenengo hiru grabazinoak: Sublime (1999), Yudoka (2000) eta Capsula (2002), azken hau euren aurkezpen gutuna izan zana gurean. Nahasketa eta masterizazino lan barriak Angel Katarainek eginak dira, eta hasiera-hasieratik erakusten deuskue taldea bere sasoirik onenean, gaztelaniaz eta ingelesez abesten. Biniloan eta CDan, diseinuak be guztiz barrituta.
Urteko lehen hiruhileko agendea erabat beteta euki dabe Hego Amerikako (Kolonbia) eta AEBetako (Austin eta New York) areto eta musika jaialdietan joten. Bidaia aprobetxauta, David Bowieren The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars diskoko abestien interpretazino guztiz personala grabau eben John Agnello produktore iparramerikarraren zuzendaritzapean. Grabazino hau New Yorkeko WaterMusic (Allman Brothers, Yo la Tengo, John Cale, Sonic Youth…) estudioetan egin eben, eta kolaborazino oso bereziak izan zituen. Lana CD eta binilo euskarrietan emongo da argitara, eta material osogarria eskainiko da DVD batean.
Irailean hasiko dira zuzeneko aurkezpen emonaldiak.
Capsula taldearen lehenengo hiru diskoak
Sublime (1999)
Martin Guevarak (ahotsa eta gitarra) eta Coni Duchessek (baxua) Buenos Airesen taldea sortu eta bi urtera, lehen diskoa kaleratu eban Capsulak, Sublime izenburukoa. Europan zehar bira bat egina euken ordurako, eta Bilboko Kafe Antzokian joteko lehen aukerea izan eben, Super Furry Animals taldearen konbidatu moduan. Hain zuzen, bira haren erdian grabau eben Sublime, Bilboko Mr. Jam estudioan, eta Laberintos eta Pizarnik izan ziran diskoa ezagutzera emoteko aukeratutako kantuak. Gaztelaniaz abesturiko bederatzi kantuotan, soinu indartsua agertu eban Capsulak, pop melodiak (Todos sus nombres, Ella encarna) eta gitarra gordin eta urratzaileen geruzak buztartuz, eraginak ezkutatu barik (Sonic Youth, Iggy Pop, eta 70eko eta 80ko hamarkadetako Argentinako taldeak: Sumo, Pescado Rabioso, Manal…) eta izenburu enigmatikodun kantuakaz: Piernas Arboles, Lo que es tal vez …
Yudoka (2000)
Yudoka bigarren diskoak aurrekoaren jarraipena ekarri eban. Sublime-ren barruko giroari eutsi eutson –estudioan landutako diskoak dira biak– eta kantuak gaztelaniaz abestuta dagoz barriro be, baina ñabardura elektronikoak erantsi eutsozan soinuari. Horrek ekarri eban zenbait kritikarik Ingalaterrako after-punkagaz lotzea diskoa. Gitarra geruzek eregitako kantu sendoen (Trampas del ajedrez, Naufragio) eta melodikoki zuzenak eta itsaskorrak (Esplendor, Palabras nomadas) diranen arteko orekea erakusten dau. Aurrekoa lez, La Nena Records diskoetxeak argitaratu eban, eta Argentinan bakarrik banatu zan.
Capsula (2002)
Madril, Londres eta Berlineko egonaldien ostean, taldea Bilbon finkatu zan. Bertan underground eszena erakargarria topau eban eta uriko beste taldeakaz alkar elikatzeko aukera egokia eskaintzen ebala eretxi eutson. Akaso horregaitik, taldearen hirugarren diskoak Cancer Moon dakar gogora hainbat unetan (Focused, Nuevo despegue). Bilboko DDT Diskoak argitaratu eban Capsula, eta lehen aldiz ingelesezko kantuak grabau zituan taldeak. Argentinako rockaren eraginak pisua galdu eban diskoan, eta nazinoarteko biretan jasotako esperientzia txertatuz joan zan taldearen soinuan, zabalduz, zorroztuz eta oinarrizkoago bilakatuz. Disko psikodeliko eta garage kutsu handikoa osotu eban hirukoteak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!