Francisco Escudero gogoratuko dabe Gipuzkoan 50 jarduera baino gehiagogaz
2012-04-17 12:47 MusikeaFrancisco Escudero oinarrizko konpositorea da euskal musikan. Concierto vasco para piano y orquesta, Illeta, Zigor! eta Gernika (operak azken bi honeek) lako obren egile, lan handia egin eban euskal gaien inguruko eta euskal testuetan oinarritutako musika sorkuntzan.
Gipuzkoak Francisco Escudero maisu eta konpositore zarauztarra omenduko dau bere jaiotzearen mendeurrena ospatzen danean, eta danetara, 50 jarduera baino gehiago antolatu dira apiriletik abendura bitartean lurralde osoan zehar. Egitaraua aurkezteko prentsaurrekoan, Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendariak egitaraua antolatzeko erakundeen eta alkarteen arteko alkarlana azpimarratu dau. Lopez de Etxezarretagaz batera, Itziar Larrinaga Musikeneko irakaslea eta Francisco Escuderoren inguruko tesiaren egilea, Francisco Maria Escudero Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionaleko zuzendaria eta musikagilearen semea, Gari Berasaluze Zarauzko Udaleko Kultura zinegotzia eta Jon Bagüés Eresbileko zuzendaria be izan dira agerraldian.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zarauzko Udalaren eta Eresbilen ekimenez, eta beste dozena bat erakunderen parte-hartzeari esker (Donostiako Musika eta Dantza Eskola, Musikene, Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionala, Musika Hamabostaldia, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Eusko Ikaskuntza, besteak beste) preparau da egitaraua. Danetara, 50etik gora jarduera izango dira apiriletik abendura arte Gipuzkoako hainbat herritan, besteak beste, kontzertuak, jardunaldiak, proiekzinoak edo erakusketak.
Eskainiko diran 26 kontzertuen artean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) bagilaren 14an Kursaalean eskainiko dauena azpimarra daiteke. Halan da be, ez da bakarra izango, Musika Hamabostaldiaren barruan, abuztuaren 17an, Illeta obrea interpretauko dauelako Andra Mari Koralagaz batera. Gainera, Musikaste Errenteriako Musika Asteak be omenaldia egingo deutso Escuderori maiatzean bere lau obra eskainiko diralarik.
Kontzertuez gan, lehiaketa, erakusketa, antzerki eta mahai-inguruakaz, eta Koldo Mitxelena Kulturuneak urriaren 3tik 24ra antolatu dituan Francisco Escuderoren inguruko jardunaldiakaz osotuko da egitaraua.
Argitalpenak
Mendeurrenak Francisco Escuderoren obra eta ekarpenak euskarri desbardinetan ezagutarazoteko be balioko dau, izan be, Gipuzkoako Foru Aldundiak konpositorearen bizitza eta obreari buruzko monografia bat plazaratuko dau, baita dibulgazinozko eskuorri bat be. Eresbilek, barriz, Escuderori zuzendutako webgunea eta bere obren katalogoa argitaratuko ditu.
Gainera, Musikenek Fantasia Geosinfonia grabauko dau eta Zarauzko Udalak Sinfonia Mítica izenekoa. Euskonews (Eusko Ikaskuntza) eta Musikenews (Musikene) aldizkari digitalek be parte hartuko dabe mendeurrenean musikagilearen inguruan informazino zabala eskainiz.
Azkenik, Donostiako Musika eta Dantza Eskolak Escuderoren obra argitarabakoak plazaratuko ditu eta Eusko Jaurlaritzearen Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerkuntza sailak Sinfonia Mítica-ren inguruko unidade didaktikoa argitaratuko dau.
Francisco Escudero oinarrizko konpositorea da euskal musikan. Concierto vasco para piano y orquesta, Illeta, Zigor! eta Gernika (operak azken bi honeek) lako obren egile, lan handia egin eban euskal gaien inguruko eta euskal testuetan oinarritutako musika sorkuntzan.
Sortzaile izateaz gan, Escudero figura garrantzitsua izan zan Gipuzkoan musikearen alorrean XX. mendeko bigarren erdian: Donostiako kontserbatorioko zuzendari eta harmonia irakasle izan zan, eta garai horretan sortutako hainbat musika talderen sustatzaile eta zuzendari izan zan, Donostiako Banda, Kontserbatorioko Orkestra eta Gipuzkoako Ganbera Orkestra, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!