Errua eta bildurraren ganeko liburu bana kaleratu dau euskeraz Begoña Ibarrola idazle bilbotarrak

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-04-16 15:50   Kulturea

Begoña Ibarrola idazle bilbotarrak liburu barri bi aurkeztu ditu, Ausarten kluba eta Zeurea da errua, biak Miren Agur Meabek euskeratutakoak. Sentimenduak eta emozinoak lantzen dituan Elkar argitaletxearen Sentipuinak bilduman kaleratu ditue.

Begoña Ibarrola idazle bilbotarrak liburu barri bi aurkeztu ditu, Ausarten kluba eta Zeurea da errua, biak Miren Agur Meabek euskeratutakoak. Sentimenduak eta emozinoak lantzen dituan Elkar argitaletxearen Sentipuinak bilduman kaleratu ditue.

Sentipuinak saileko kontakizun guztiek sentimenduren bat jorratzen dabe, orain arte plazaratutako liburuetan, besteak beste, zeloak, enpatia eta alkartasuna izan ditu berbagai Ibarrolak. Bildumearen bosgarren eta seigarren liburuek errua eta bildurra bizi daben personaiak ditue protagonista. Eguneroko gaiak lantzen dira Ibarrolaren liburuetan, horregaitik bai gurasoek bai irakasleek sano gogoko ditue, azaldu dau Elkar argitaletxeko Antziñe Mendizabalek.

Zeurea da errua liburuak Marisaltotxiki eta Brinkoleta mixerren istorioa kontetan dau. Ahiztak dira, eta gazteak beti botaten deutso errua zaharrari; edozein gauzaren erruduna beti da bestea. Errua eta erantzukizuna lantzen ditu egileak kontakizun honetan. Helduentzako ez da erraza erruaren inguruan berba egitea umeekaz; liburu hau lagungarria izan daiteke gaiaz jarduteko, azaldu dau Ibarrolak. Ume eta nerabeekaz aspalditik dabil beharrean, eta urte askoan terapeutea be izan da. Ume askok egin ez daben gauzen errudun dirala pentsetan dabe, adibidez, gurasoen dibortzioa euren errua dala, azaldu dau.

Ausarten kluba ikaskideek egindako jazarpena edo bullying-a lantzeko erabilten dabe hainbat eskolatan, Ibarrolak berak azaldu dauenez. Alan, ikasgelako ganerako ume gehienen antzera, Samuelen bildur da, izan be indartsuagoa da eta arazo guztiak ukabilkadaka konpontzen ditu. Lagun baten semearen istorioa da hau, benetan jazotakoa da. Ume horri laguntzeko idatzi neban -gogoratu dau Ibarrolak- egoereari aurre egiten erakusteko. Idazlearen eretxiz, ez dago ume koldar edo ausartik; batzutan koldarrak eta beste batzutan ausartak diran umeak baino.

Bildumako liburu bakotxeko irudiak ilustratzaile desbardinek egin ditue, oraingoan Pablo Auladell eta Joseu Luis Navarro izan dira. Sei urtetik aurrerako irakurleentzako liburuak izan arren, helduek be gustura irakurten ditue, nabarmendu dabe editoreak eta egileak.

Ausarten kluba eta Zeurea da errua lanen aurretik, Ibarrolaren beste lau atara ditue Sentipuinak sailean: Koxkor kale-txakurra, Neu naiz handiena, Ziztuli eta Pantxinet eta Xirto eta errege hitzontzia. Udagoienean, beste bi argitaratuko dituela aurreratu dau Elkar etxeko Antziñe Mendizabalek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu