'Elbis Rever 5 years of pop' erakusketearen inaugurazinoa, Enbidia proiektuaren barruan

Bizkaie! 2012-04-13 11:09   Kulturea

Gaur, apirilak 13, arratsaldeko 20:00etan, La Brotxa galeria izandakoan (Conde Mirasol 1, Bilbo), Elbis Rever musika taldeko kideak diran Natalia Vegasek eta Alba Burgosek Elbis Rever 5 years of pop erakusketea inaugurauko dabe, konbidautako artista legez Enbidia ziklo kolektiboaren barruan.

Gaur, apirilak 13, arratsaldeko 20:00etan, La Brotxa galeria izandakoan (Conde Mirasol 1, Bilbo), Elbis Rever musika taldeko kideak diran Natalia Vegasek eta Alba Burgosek Elbis Rever 5 years of pop erakusketea inaugurauko dabe, konbidautako artista legez Enbidia ziklo kolektiboaren barruan. Ziklo hau joandako zemendian hasi zan UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko hamaika pintura irakaslek sormenaren eta taldekako sortze prozesuen inguruan garatu daben ikerketa proiektuaren azken emoitza moduan.

Enbidia zikloko zortzigarren erakusketea da Elbis Rever 5 years of pop. Joan zan astelehenetik, apirilak 9, dago ikusgai La Brotxa galeria izandakoan (Conde Mirasol 1, Bilbo) eta apirilaren 20ra arte egongo da zabalik arratsaldero astelehenetik barikura bitartean, 17:00etatik 20:00etara arte. Sarrerea librea da. Bariku honetan, hilak 13, 20:00etan, egingo dan inaugurazino ofizialean sukaldaritza fina eta zuzeneko kontzertu bat be izango dira, antolatzaileek aurreratu dabenez.

Elbis Rever 5 years of pop musika taldeak berak antolatutako erakusketea da, euren bosgarren urteurrena dala eta. Polonian 2007an sortu zan talde honek izaera internazional nabarmena dauka, bere kideak New York, Varsovia eta Bilbokoak baitira. Gaur egun oraindino be jardunean jarraitzen dau taldeak bilbotar egoitzea osotzen daben neska biei esker: Alba Burgos eta Natalia Vegas.

Erakusketa honek taldearen lanera hurreratuko gaitu ikuspegi zabal batetik, bere kideen prestakuntza artistikoaren ondorioz musikearen arlotik harago doazen beste lan mota batzuk be egin dituelako, arlo artistikoaren eta musikalaren arteko erdi-lerroagaz jokatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu