Bilboko Udaltegiek Expodistritoko 7 erakusketa ibiltari barri jasoko ditue
2012-04-04 13:38 KultureaExpodistritok, Bilboko Barrutietako Udaltegietan antolatzen dan aldi baterako erakusketa zikloak, urteko bigarren hiruhileko egitaraua inaugurau dau apirilaren 2an.
Expodistritok, Bilboko Barrutietako Udaltegietan antolatzen dan aldi baterako erakusketa zikloak, urteko bigarren hiruhileko egitaraua inaugurau dau apirilaren 2an. Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Otxarkoagako eta Burtsako (Zazpi Kaleak) udaltegietara hurreratzen diranek, zazpi pintura, eskultura eta argazki erakusketa ibiltari barrigaz gozetako aukerea izango dabe bagilaren amaierara arte.
Apirilean hiru erakusketa inaugurauko dira; pinturea Olaia San Miguel artistearen eskutik helduko da, 30era arte Castañoseko Udaltegian bisitau ahal izango dan erakusketeagaz. Lanaren oinarria naturea eta ezustekoa dira, elementu guztiak alkarren artean era naturalean lotzen diran inguruakaz.
Lugares del mundo que me hacen sentir da Isabel Domínguez Vierak sinatu dauen hormako eskultura erakusketearen izena, eta artista beraren berbetan, bizitzaren sorrerea adierazoten dabe eta sortzeko irudimena akuilatzen dabe. Erakusketa hori be apirilaren 30era arte egongo da zabalik, San Inazio – Ibarrekolandako udaltegian, lehenengo.
Artea eta osasun mentala
Barrainkuako udaltegiak, Claudio Maruottolo psikiatreak eta Iñaki Martinez eskultoreak koordinautako erakusketea jasoko dau. Artea eta Osasun mentala. Beste aldekoa? Proposamen artistikoa psikiatriaren ikuspegitik izenburupean, personok, berbez ez eze, artearen bidez be, geure sentipenak eta pentsaerak adierazo geinkezala aztertu nahi da. Aurkeztutako lanak AMSAko pazienteen, terapeuten eta artisten sormen-indarraren erakusgarri dira. Alkarte horrek psikiatria zerbitzuak eskaintzen ditu Bilbon. Erakusketea apirilaren 16tik 30era bisitau ahal izango da Barrainkuako Udaltegian.
Maiatzean, beste bi pintura erakusketa inaugurauko dira. Lehenengo hamabostaldian, Begoñako udaltegiak Biderlau taldearen Paisajes del patio trasero erakusketea jasoko dau, eta bigarren hamabostaldian, Gregorio Rodríguez Santi margolariari egindako erakusketa-omenaldia bisitau ahal izango da. Ibilbide artistiko eta profesional handiko pintorea, autodidakta eta bizitza osoa arte horri emona. Haren orio-pintura batzuk eta tintaz egindako marrazki batzuk (Alegorías deitzen zituanak) egongo dira ikusgai erakusketan.
Maiatzean, Juan Carlos Eguillor Poesia Bisual I. Lehiaketan saria jaso eben lanen erakusketea be inaugurauko da Barrainkuako Udaltegian. Euskadiko Idazleen Alkarteak antolatutako sariketa horrek, literatura eta irudia nahasten dituan arte mota hori erakutsi nahi dau eta, aldi berean, joan dan urtean hildako euskal artistea omendu nahi dau. Erakusketea Barrainkuan bisitau ahal izango da maitzaren 2tik 15era.
Alkartasunezko ekimenak
Hiruhileko honetarako programautako azken erakusketea alkartasunezko bi ekimenetan bikoiztuko da. Alde batetik, Fransol GKEak antolatutako Arte osasungarria erakusketea, Mbuji Mayi urian (Kongo) amentzako ospitalea egiten laguntzeko. Ekimen honetan ondoko artistek hartu dabe parte euren lanakaz: Txomin Badiola, Ricardo Aldama, Carmelo Camacho, Aitor Ortiz, Leire Fernández, J.M. Garay, Mª Jesús Varona de la Peña eta J.M Pinto Rey. Erakusketea maiatzaren 16tik 23ra bisitau ahal izango da Barrainkuako Udaltegian.
Beste alde batetik, Barrainkuako Udaltegian, baita be, maiatzaren 24tik aurrera, FISC Lankidetza eta Garapena Fundazinoak, bere 15. urteurrena ospatzeko antolatu dauen argazki erakusketea aurkeztuko da. Erakusketeak, erakundeak Hego Amerikan eta Afrikan gauzatutako 80tik gora proiekturen argazkiak erakutsiko ditu. Proiektu horreek emakumeen ahalduntzea bultzatzeko, osasun-baldintzak hobetzeko, elikagai-subirotasuna eta alkartegintzea indartzeko eta hezkuntza hobetzeko dira.
Expodistrito programea, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean uribilduko arte adierazpenak deszentralizetea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoz, eta baita dagoeneko ezagunak diran beste batzuen erakustoki izatea be. Ohikoa danez, erakusketeak txandakatuz joango dira. Erakusketa bakotxaren egun zehatzak udaltegietan, udalaren webgunean (www.bilbao.net) eta 010 telefono zenbakian konsulta daitekez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!