Lotsaizunaren jostailuak (II)
2012-03-30 10:26 BidaideInor ez da harritzen Txinako lantegietako lan baldintza gogorrakaz. The Sun egunkari britainiarrak Londreseko Olinpiar Jokoetan salduko diran pelutxezko maskoten ganean argitaratutako erreportaje batek polemika handia sortu dau. Made in China ipintea kontu bat da, eta beste kontu bat da saltoki baimenduek prezioaren % 50 hartzea.
Inor ez da harritzen Txinako lantegietako lan baldintza gogorrakaz. Baina mendebaldeko konsumitzaileek euren enpresak saltzen dituen produktuek langileen esplotazinoagaz bat ez egitea eskatzen dabe, berbarako, tartean Nazinoarteko Olinpiar Batzordea badago. Horregaitik, orain hile batzuk The Sun egunkari britainiarrak Londreseko Olinpiar Jokoetan salduko diran pelutxezko maskoten ganean argitaratutako erreportaje batek polemika handia sortu dau. Made in China ipintea kontu bat da -daborduko inor ez da harritzen- eta beste kontu bat da salgai piniko dituan saltoki baimenduek prezioaren % 50 hartzea. Beraz, baimendutako dendeak 20 libera (24 euro) eroango ditu pelutxe bakotxeko, baina txinatar langileek 10 penny (21 euro zentimo) besterik ez.
Egunkariaren arabera, danetara, txinatar lantegiak -Yancheng Rainbow Arts & Crafts- libera bi (2,4 euro) irabatzen ditu jostailu bakotxeko, prezio horren barruan dagoz paketatzea eta garraioa. Diru bera hartuko dau Nazinoarteko Olinpiar Batzordeak, ezer ez agitearren. Enpresa britainiarrak -Golden Bear Limited- materiala jaso eta banatu besterik ez dau egiten, baina sei libera (7,1 euro) irabazten ditu maskota bakotxeko. Holan bai, holan ulertu geinke Londres 2012 ekimeneko antolatzaileek 'merchandising'-gaz 95 miloe euro irabazteko asmoa eukitea, 1.190 miloe euroko salmentea egin ostean.
Baina txinatar langileen esplotazinoaren onurarik handiena Wenlock eta Mandeville maskotak saltzen dituen britainiar saltokiek jasoten dabe. Gure beharginak esplotetan doguzala dinoe, baina diru gehien irabazten dabenak inportazino enpresak eta saltokiak eurak dira. Preziorik bajuenak eskatzen ditue, eta gehienetan 50 eta 500 bider karuago saltzen dira gero. Konsumitzaileek eurei eskatzea dauke etekinak txikitzea, azaltzen dau bisitau dogun enpresa bateko ugazabak. Mendebaldearen diru-goseak eragin dau euren herrialdeetako krisialdia, eta egoera horrek geuri be arazo asko ekarri deuskuz, ganeratu dau. The Sun agerkariak argitaratutako datuen arabera, langileek ez dauke opor egun bakar bat bera be ez, eta hilean 358 ordu egiten dabe lan, legeak onartutako aparteko orduen hirukotxa, hain zuzen be. Lantegiak hori danori guzurra dala dino.
Txina eta Vietnameko ehungintza industriako lantegietan ikusi dogu Espainiako eta Europako markek 20 bider karuago saltzen dituela produktuak. Teknologia arloan be irabaziak handiak dira. Apple etxeak, berbarako, 150 dolar irabazten ditu saltzen dauen Ipad bakotxeko, langile txinatarrek, barriz, 8 dolar jasoten ditue.
Baina, yuana garestitzeak txinatarren ongizate nahia oztopatzen dau, eta akaso munduko lantegi izena kenduko deutso laster. Esportazinoek nabarmen egin dabe behera, balio erantsi txikiko produktuak egiten dituen enpresak ixten dabilz, eta multinazionalak beste herrialdera batzuetara begira dagoz, lanesku merkeagoaren bila. Vietnam eta Bangladesh askozaz merkeagoak dira, esaterako; gitxieneko soldatak 35 eta 50 euro artekoak dira.
Baina kostaldeko amesaren bila etorritako nekazal inguruetako miloeka emigranteek ez dauke isiltzeko asmorik. Izan be, makina bat greba antolatu ditue, galerazota egon arren, eta behargin asko enpresaburu eta politikariak iraindu eta erasotzen ausartu dira, polizioa-autoak be irauli ditue. Pekineko gobernuak badaki herritarren bizitza kalidadearen etenbako hobetzea dala zilegitasunaren oinarria, eta arduratzeko arrazoiak baditu izan. Gobernuak inflazinoa kontrolauko dauala agindu dau, langabezia % 5 baino gitxiago izango dala, eta txinatarren erosteko ahalmena haziz joango dala. Halanda be, aberats eta pobreen arteko aldea handitzen doa, eta proletalgoa artega dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!