Bilbo Hiria irratiak 15 urte

Bizkaie! 2012-03-28 11:39

Bilboko irrati euskaldunak 15 urte beteten ditu egunotan. Izan be, 1997ko martian jarri zan abian Bilbo Hiria irratia, Zenbat Gara alkarteak bultzatuta. Urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Bilbo Hiriak martian eta apirilean.

Bilboko irrati euskaldunak 15 urte beteten ditu egunotan. Izan be, 1997ko martian jarri zan abian Bilbo Hiria irratia, Zenbat Gara alkarteak bultzatuta. Urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Bilbo Hiriak martian eta apirilean. Horreen artean martiaren 28an 10:30etik 12:30era Kafe Antzokiko agertoki gainetik zuzenean egingo dan Ibaizabal magazinaren emisinoa nabarmendu behar da. Zazpigarren pisuko estudioetatik kanpo egingo dan saio berezi horretan, magazinearen ohiko atal eta alkarrizketez gan, azken urte honeetako ibilbidea gogoratuko dogu, hainbat lagunen testigantzak mikrofonoetara ekarrita.

Bilboko euskaldunen arteko hartu-emonak bideratzea eta euskerea eta euskal kulturea sustatzea dau helburu Bilbo Hiria irratiak. Urbanoa da, edegia, kosmopolita eta % 100 euskalduna, ezelako konplexu barik. Urte honeetan guztietan ehunka esatari eta kolaboratzaile igaro dira gure antenatik.

Bestalde, momentu berezi eta erabagiorran etorri da Bilbo Hiriaren 15. urteurrena, izan be, kinka larrian dagozalako Bilbo Hiria irratiaren jarraipena, EAEko eta Nafarroako hainbat irrati euskaldun, libre edota komunitariorena dagozan lez. Hainbeste urte alegaltasunean ibili ostean, azkenik etorri da irrati askoren egoera legeztatzeko aukera, EAEn zein Nafarroan, hurranez hurran, 34 eta 44 lizentzia banatuko baitira lehiaketa bidez.

Halan da be, lehiaketarako deialdiak lizentzia lortzekotan irrati komertzialak izatea edo bihurtzea eskatzen deutsenez, irrati kate aberatsen neurrira egindako deialdia da. Irrati komunitarioak eta ez komertzialak nahita kanpoan ixten ditu, horreen artean egun euskeraz dabilzan Hego Euskal Herriko irrati ez publiko guztiak. Deialdi honetan lizentziarik ez lortzeak zailtasun handiak ekarriko deutsez kanpoan geratuko diran irratiei, egun okupetan dituen frekuentzietatik kanporatuz eta etorkizunean irrati digitalera igarotzeko aukerea murriztuz. Irrati ez komertzialak, bestalde, jagokena eskatzen dagoz: gizarteari egiten deutsien ekarpenaren onarpena eta legeztatzea, lan hori askatasunez eta trabarik barik egiten jarraitu ahal izateko. Gai hau be agertuko da, duda barik, gaurko saioan. Entzuleok saioan esku hartzeko aukerea izango dogu, 94 424 37 04 telefonoan, Bilbo Hiriaren Facebookeko orrialdean edo Twitter bidez #bh15urte etiketeagaz. Bilbo Hiria zuzenean entzuteko nahikoa da FMko 96.0 sintonizetea eta Internet bidez www.bilbohiria.com webgunean be entzun daiteke. Smartphoneetan be sintonizau daiteke Bilbo Hiria, Tunein edo Uhinbak programen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu