Gerrea eta gerraostea ez ahazteko, erakusketa bi Galdakaoko Torrezabal kultur etxean
2012-03-27 15:08 KultureaGaldakaoko bonbardaketen 75. urteurrena gero eta hurrago dago, eta daborduko hasi da jazoera hareek gogoratzeko egitaraua. Erakusketa bikotxagaz abiatu ditue ekitaldiak, Sabino Arana Fundazinoaren Inoiz ere ez! 1936-1939 gerrako irudiak eta Galdako Gogora taldeak eta Galdakaoko Udalak prestautako gerrako herriko argazkien erakusketakaz.
Galdakaoko bonbardaketen 75. urteurrena gero eta hurrago dago, eta daborduko hasi da jazoera hareek gogoratzeko egitaraua. Erakusketa bikotxagaz abiatu ditue ekitaldiak, izan be apirilaren 27ra arte ikusgai izango dira Galdakaoko Torrezabal kultur etxean Sabino Arana Fundazinoaren Inoiz ere ez! 1936-1939 gerrako irudiak eta Galdako Gogora taldeak eta Galdakaoko Udalak prestautako gerrako herriko argazkien erakusketea.
Inaugurazinoa astelehenean izan zan, hilaren 26an, 19:00etan, eta bertan izan ziran besteak beste, Ibon Uribe Galdakaoko alkatea, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazinoko presidentea eta Eunate Barroeta Galdako Gogora taldeko kidea.
Ibon Uribe alkateak birraitita gogoratu eban, izan be gerra sasoian fusilau eben. Ez dot gerrarik ez gerraosterik bizi, baina halan be argazkietako personen begiradek hunkitu egiten nabe, esan eban. Bildurrak, tristeziak eta lotseak gerrako jazoera eta bizipenak ostendutea eragin dau. Erakusketok orduan pasautakoak ez ahaztuteko ahalegina dirala nabarmendu eban Uribek.
Inoiz ere ez! 1936-1939 gerrako irudiak erakusketeak izen bereko liburua dauka oinarrian, eta hautatutako irudirik onenek osotzen dabe. Erakusketa honetako erretratuek hainbat lekukoren berbak eta bizipenak ditue lagun. Gerrekaz herriek zer sufriduten daben eta bizirik geratzen diranek zenbat jasan behar daben ez ahazteko ahalegina da. Makina bat astakeri egin ziran, hareek ez ahazteko, gauzak astintzea baino gauza hobeagorik ez dago, adierazo eban Juan Mari Atutxak. Ez daiten errepetidu, jenteak jakin daien gaur eguneko ondasunak eta ongizatea ez dirala zerutik jausi beharrezkoa da holango ekimenak egitea, ganeratu eban Sabino Arana Fundazinoko buruak.
Galdako Gogora taldeak herriko hainbat argazki batu ditu azkenengo hileotan, besteak beste, gudari galdakoztarrez osotutako San Miguel eta Karmelo Leizaola konpainiarenak, Bilboko Burdin Hesiko Galdakaoko bunker eta lubakiak, herrian fusilatakoen zerrendea edo herriak jasandako bonbardaketen ondorioen irudiak. Igaz sortu zan Galdako Gogora taldea, herriko memoria historia berreskuratzeko asmoz. Azkenengo urtean bonbardaketen 75. urteurrenerako ekitaldiak atontzen ibili dira taldeko kideak.
Erakusketak apirilaren 27ra arte egongo dira zabalik, Galdakaoko Torrezabal kultur etxean, astelehenetik barikura, 17:30etik 20:30era.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!