Antzerkiaren Mundu Eguna Bilbon
2012-03-26 15:43 KultureaBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, sektoreko agente garrantzitsuenakaz batera, bat egingo dau, datorren martitzenean, martiaren 27an, Santiago Plazearen eta Arriaga Plazaren artean eskainiko dan ikuskizun ibiltariagaz. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, John Malkovich antzezleak sinatu dauen aurtengo adierazpena irakurriko da.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, sektoreko agente garrantzitsuenakaz batera, bat egingo dau, datorren martitzenean, martiaren 27an, Santiago Plazearen eta Arriaga Plazaren artean eskainiko dan ikuskizun ibiltariagaz. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, John Malkovich antzezleak sinatu dauen aurtengo adierazpena irakurriko da.
Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da Santiago Plazan. Bertatik, Hortzmuga Teatroa konpainiak gidatutako bi triziklo erraldoik, adierazpena dauen eskuizkribua eroango dabe Bidebarrieta kaletik Arriaga antzokiaren aurreko plazara. Bertan Helena Golab jantzaria izango dabe zain, egun horretarako beren beregi preparautako koreografia interpretatuz. Ondoren, eskuizkribua Buruz Beherako Maider Yabar zirkuko artisteari emongo jako, eta, antzokiko balkoitik, trapezio batetik zintzilik, Antzerkiaren Mundu Egunaren adierazpena irakurriko dau. Horrezaz gan, testuaren fotokopiak banatuko dira, bertan dagozan ikus-entzuleek adierazpena jarraitzeko aukerea izan deien.
Kultura eta Hezkuntza Sailak eta sektoreko agente garrantzitsuenek, Antzerkiaren Mundu Eguna ospatzeko antolatu dituen jarduerak lan jardunaldi bategaz osotuko dira. Eguaztenean, martiaren 28an, Burtsako Udaltegian, goizeko 10:00etatik aurrera, Arte Eszenikoetako zenbait artistak hartuko dabe parte, sektorearen estrategiei buruz berba egiteko. Hizlariak Natxo Montero (ADDE), Elías Otaola (ATAE), Rosa Abal (ESKENA), Ivan Alonso (banatzailea) eta Miriam Martín antzezlea izango dira. Moderatzaile lana Pako Revueltasek egingo dau. Jardunaldirako sarrera librea izango da, aretoak dituen leku guztiak bete arte.
Era berean, eguazten horretan bertan, arratsaldeko 19:30ean, Mama Crea konpainia bilbotarrak ¿Se puede? lana antzeztuko dau Errekaldeko udaltegian. Sarrerea librea izango da, aretoak dituan leku guztiak bete arte.
2012ko Antzerkiaren Mundu Eguneko mezua
Egilea: Jon Malkovich
Ohore handia da niretzat UNESCOren Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak (ITI) Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren 50. urteurrena ospatzeko mezu hau idazteko eskatu izana. Gogoeta labur hauek antzerkiko nire lagunei, nire berdinei eta kideei zuzendu nahi dizkiet.
Izan dadila zuen lana sinesgarria eta originala. Izan dadila sakona, hunkigarria, zuhurra eta paregabea. Lagun diezagula gizaki izatearen esanahia islatzen, eta bihotzak, zintzotasunak, xumetasunak eta graziak gida dezatela isla hori. Garai dezazuela ezbeharra, zentsura, pobrezia eta nihilismoa, izan ere, zuetako askok egin beharko baitiozue aurre. Jaso dezazuela gizakiaren bihotzak, berezko duen konplexutasun osoan, taupadak nola egiten dituen irakasteko beharrezko talentuaren eta zorroztasunaren bedeinkazioa, baita hori guztia zuen bizitzako obra izan dadin lortzeko behar diren xumetasuna eta jakin-mina ere. Eta barruan duzuen onena izan dadila —hori izango baita duzuen onena, eta, hala ere, une bitxi eta laburrenetan azaleratuko da— galdera guztietan oinarrizkoena biltzea lortzen duena: «Nola bizi gara?». Zorte on!
Itzulpena: Nerea Galarza
Bat-batekotasun norgehiagoka
Pabellón 6 aretoak, Bat-batekotasun norgehiagoka handia jasoko dau martiaren 31n, zapatuan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Antzezleen arteko topaketea izango da, eta antzezteko era barria izateaz gan, jaia izango da, batez be. Kirol norgehiagoka bategaz antzekotasunak izango ditu, bat-batean asmetan, inprobisetan eta jolasten daben bi artista talde dagozalako, eta ikus-entzuleek, euren eretxiz ondoen egin dauen taldearen aldeko botoa emongo dabe.
Oso proposamen dibertigarria izango da ikus-entzuleentzako, izan be antzezleak ezusteari aurre egiten ikusteko aukerea izango dau, DJ Mimolokok alaituko dauen ekitaldian. Norgehiagokan parte hartuko daben 16 euskal antzezleen artean Gabriel Ocina, Jon Urraza edo Maribel Salas azpimarratu behar dira. Sarrerak 10 euroan egongo dira salgai ikuskizunaren egun berean Pabellón 6 aretoan bertan.
Antzerkiaren Mundu Eguna 1961ean sortu eban Antzerkiaren Nazinoarteko Institutuak (ANI-IIT). Martiaren 27an egiten da urtero, eta eguna ospatzeko, arte eszenikoakaz lotutako hainbat ekitaldi antolatzen dira. Elementu garrantzitsuenetakoa mezu ofizialaren irakurketea izaten da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!