Jimmy Cobbek jasoko dau aurten Donostiako Jazzaldia Saria
2012-03-20 10:26 Musikea1929an jaioa, urtarrilean bete zituan 83 urte, eta sasoi betean dago Jimmy Cobb. Bere ibilbide profesionalaren hasieran, eta Earl Bostic orkestran sartu aurretik (eurekaz grabau zituan bere lehen diskoak 1950eko hamarkadearen hasieran), Charlie Rouse, Leo Parker, Frank Wess, Billie Holiday eta Pearl Baileygaz egin eban lan bere jaioterrian, Washingtonen.
Donostiako 47. Heineken Jazzaldiak Jimmy Cobb jazzaren historiako bateria-jotzaile handienetako bati emongo deutso aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria. Cobbek emonaldia eskainiko dau garagarrilaren 20an, 18:30ean hasita, Victoria Eugenia Antzokian. Jazzaldiko antolatzaileek nabarmendu dabenez, Jimmy Cobb bateriaren legenda bizia da jazz garaikidean. Bere ibilbideko momentu garrantzitsuenen artean dago Miles Davisen Kind of Blue diskoan parte hartu izana, eta bera da saio historiko haretako musikarien artean bizirik dirauen bakarra.
Cobb-en estiloa hard-pop klasikoenean dago oinarrituta, Philly Joe Jones, Max Roach eta Art Blakeyren bidean. Laguntzaile modura estilo indartsua erabilten dau, tempoari apur bat aurreratuta. Bakarlari lez, bateria era ia melodikoan erabilten dau.
1929an jaioa, urtarrilean bete zituan 83 urte, eta sasoi betean dago Jimmy Cobb. Bere ibilbide profesionalaren hasieran, eta Earl Bostic orkestran sartu aurretik (eurekaz grabau zituan bere lehen diskoak 1950eko hamarkadearen hasieran), Charlie Rouse, Leo Parker, Frank Wess, Billie Holiday eta Pearl Baileygaz egin eban lan bere jaioterrian, Washingtonen. Dinah Washingtonen bateria titularra izan zan eta Cannonball Adderley, Stan Getz eta Dizzy Gillespierekin egin eban lan.
1958an, John Coltranegaz hilebete batzuk emon ondoren (Giant Steps diskoko Naima kantuan jo eban bateria), Philly Joe Jones ordezkatu eban Miles Davisen taldean, eta hor egon zan 1963ra arte. Bitarte horretan, Kind Of Blue, Sketches of Spain, Someday My Prince Will Come eta Live at Carnegie Hall diskoetan parte hartu eban. Jarraian, eta Paul Chambersegaz batera, Wynton Kellyren hirukotean sartu zan, eta biretan eta grabazinoetan parte hartu eban Wes Montgomerygaz eta J.J. Johnsonegaz batera.
1970eko hamarkadan Sarah Vaughanegaz ibili zan lanean, eta beranduago, Sonny Stittegaz eta Nat Adderleygaz. Azken 20 urteetan, Cobbek ehunka grabazino saiotan hartu dau parte jazz garaikideko musikari onenen ondoan, eta gainera, bere proiektu ugari zuzendu ditu, zein baino zein interesgarriagoak.
Proiektu horreen artean dagoz Four Generations of Miles (Mike Stern gitarra-jotzaileagaz eta George Coleman saxofoi-jotzaileagaz) eta So What Band. Tartean aparteko talde baten buru zan (Javon Jackson, saxo tenorea; Wallace Roney, tronpeta; Buster Williams, baxua; Larry Willis, pianoa; Vincent Herring, saxo altua). Era berean, bere ohiko taldeak dira Cobb's Mob eta Jimmy Cobb's Reminiscence Band.
Donostiako Jazzaldia Saria
1994tik, Donostiako Jazzaldiak Donostiako Jazzaldia Saria emoten deutso nabarmendu dan persona bati, jazza aberastearen alde egindako lana eta ondorengo belaunaldiakan izan dauen eragina aintzatesteko. Saria jaialdiko agertoki enblematikoena dan Trinitate Enparantzea erreproduziten dauen plakea da.
Sariaren palmaresak jazzaren talentu nagusienen sekulako zerrendea osotzen dau, eta horreen artean dagoz Doc Cheatham, Phil Woods, Hank Jones, Steve Lacy, Chick Corea, Max Roach eta Clark Terry, Kenny Barron, Ray Brown, Elvin Jones, Bebo Valdés, Shirley Horn eta Fernando Trueba, Keith Jarrett eta Charles Mingus (in memoriam), Herbie Hancock, Wayne Shorter, Ahmad Jamal, Roy Haynes, Ron Carter eta Toots Thielemans.
Artista gehiago
Donostian garagarrilaren 19tik 23ra egingo dan Heineken Jazzaldiko ordainpeko kontzertuen programazinoa artista handiakaz osotu da: Jimmy Cobb, Neneh Cherry & The Thing (Don Cherry-ri omen eginez), Spectrum Road (Jack Bruce, Cindy Blackman-Santana, John Medeski eta Vernon Reid-ek osotutako talde aparta), Nils Petter Molvaer, Terje Rypdal, Hasier Oleaga-Cantus Caterva, Mari Kvien Brunvoll, Josetxo Goia-Aribe eta S. Mos.
Horreei guztiei lehendik iragarritakoak gehitu behar jakez, besteak beste, Bobby Mc Ferrin, Melody Gardot, Madeleine Peyroux, Sharon Jones, Jamaican Legends, Marc Ribot, Ray Gelato, Ninety Miles eta Peter Evans
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!