UPV/EHUk urrezko dominea emon deutso Bizkaiko Foru Aldundiari

Bizkaie! 2012-03-16 01:00

Iñaki Goirizelaia erretoreak dominea emoteko ekitaldian azaldu dauenez: Bizkaiko Foru Aldundiari emon deutsagun Urrezko Dominak geugaz izan dauen lankidetza sakonaren erakusgarri izan nahi dau; izan be, gure alboan jardun dauelako, UPV/EHUren Bizkaiko Campusaren garapen akademiko hobea eta erakargarriagoa lortzeko.

Iñaki Goirizelaia errektoreak UPV/EHUren saririk garrantzitsuena, urrezko dominea, emon deutso foru erakundeari, José Luis Bilbao ahaldun nagusiari, hain zuzen.

Euskal Herriko Unibersidadearen dominea Gobernu Batzarrak 1983ko apirilaren 21ean sortutako saria da, eta hogeita hamar urteotan hainbat personak eta erakundek jaso dabe. Hau zan helburua saria sortzerakoan: unibersidadeari zerbitzu aparta emon edo zientzia, letra edo arteen arloan nabarmendu izana. Horretarako, bi sari mota dagoz, urrezko edo zilarrezko dominea.

Oraingoan, Bizkaiko Campuseko Batzarrak aho batez proponidu eban, 2011ko abenduaren 12ko bileran, proposamen hau aurkeztea unibersidadearen Gobernu Kontseiluan, eta horrek urte bereko abenduaren 22an onartu eban.

Dominea emoteko erabagian unibersidadeak arrazoi hau adierazo eban: Bizkaiko Campusari, eta, oro har, UPV/EHUri emondako laguntza guztiagaitik unibersidadeko arlo desbardinetan; holan, bada, ohorezko lankidea dogu, eta erakundeak emondako aparteko zerbitzuokaitik merezidu dau ikur hori.

Bizkaiko Foru Aldundiak 46 miloe euro baino gehiago jarri ditu Industria Injinerutza Teknikoko Unibersidade Eskolaren eta Meatzeen eta Herri Lanen Injinerutza Teknikoko Unibersidade Eskolaren egoitza barriak eregiteko finantziazinoan, baita dagoeneko zabaldua izan dan Irakasleen Eskolarenean be. Era berean, berrogeita hamar urterako itxi dau Bilboko Erakustazoka zaharraren gaineko eskubideen titulartasuna, lehen aitatutako bi eskolak eregi daitezan ahalbidetzeko.

Bestelako jarduera batzuk aitatzearren, Bizkaiko Foru Aldundiak bi miloe emon zituan Campuseko Leioa-Erandio eremuko Arboretum sortzeko, eta horren ingurumen kudeaketa eta mantentze lanak unibersidadeagaz batera egiten ditu. Bestalde, 7 miloe be emon ditu Plentziako Itsas Estazinoa egokitu eta horniduteko. Hainbat katedragaz be laguntzen dau, besteak beste: Familia Enpresa, Kultura Zientifikoa, Unesco eta Unibersidadearteko Zuzenbidea eta Giza Genoma.

Bizkaiko Foru Aldundiak erakunde eta ekonomi sostengua be emoten dau unibersidadearen beste ekintza batzuetan: Bizkaiko Campuseko Zientzia Parkea, Euskampus proiektua, campuseko enpresa haztegiak, eta ikastegietan, Injinerutza Goi Eskola Teknikoan esaterako, prestakuntza eta ikerketa gelak.

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartzen dau, baita be, hainbat masterren garapenean, Bizbak ikastaroetan (BIzkaia Bilbao Arte eta Kultura) eta ZIO-Zientzia Irakurle Ororentzat euskerazko zientzi dibulgazinoko bilduma editorialean.

Iñaki Goirizelaia erretoreak dominea emoteko ekitaldian azaldu dauenez: Bizkaiko Foru Aldundiari emon deutsagun Urrezko Dominak geugaz izan dauen lankidetza sakonaren erakusgarri izan nahi dau; izan be, gure alboan jardun dauelako, UPV/EHUren Bizkaiko Campusaren garapen akademiko hobea eta erakargarriagoa lortzeko.


Urrezko hogei domina

1985eko maiatzaren 20an, Donostiako San Telmo Museoan, Eduardo Chillida eskultoreak jaso eban Gregorio Monreal erretorearen eskuetatik Euskal Herriko Unibersidadearen urrezko dominea. Erakundeak era horretara onartu eban eskultoreak euskal unibersidaearen aldeko kanpainan parte hartu eta unibersidadearen anagramea doban sortu izana.

Kulturaren munduko persona honeek doguz saria jaso dabenen artean: Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Artze Aguirre anaiak eta UPV/EHUko Abesbatza. Unibersidadea sortzen eta finkatzen lagundu ebenak: Ignacio Mª Barriola Irigoyen, Francisco Yarza Sanz, Manuel Agud Querol, Juan Echevarria Gangoiti, Justo Mañas Diaz, Juan Manuel Gandarias, eta Juan José Goiriena de Gandarias. Ikertzaileak: James Dewey Watson eta Pedro Miguel Etxenike. Erakundeak: Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteizko Udala eta Valladolideko Unibersidadea. Eta José Ramón Recalde hezkuntzako sailburu ohia.

Unibersidadeak emoten dauen dominea biribila da, 4 zm.-ko diametroa eta uztai edo kate begi bat dauka goiko aldean. Merezimendu akademikoakaitik emoten danean, jasotzailearen titulazinoaren koloreko xingola batetik doa zintzilik, edo xingola berde batetik, ganerako kasuetan. Aurkian ageri dira unibersidade zigilua eta berorren legenda, haritz hostoak dituan orla baten barruan. Atzean, goiko aldearen erdian, dominearen zenbakia agiri da zenbaki erromatarrez; eta, beheko aldearen erdian, dominea jasoten dauen personearen edo erakundearen izena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu