Andres Trapiello eta Agustin Fernandez Mallo aurrez aurre Eztabaidak Literatureagaz programan

Bizkaie! 2012-03-16 13:04   Kulturea

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako Eztabaidak Literatureagaz ekimenak, narrazino eredu barriei buruzko hitzaldia proposatzen dau datorren martitzenerako, martiaren 20rako, Andrés Trapiello eta Agustín Fernández Mallo idazleen eskutik.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako Eztabaidak Literatureagaz ekimenak, narrazino eredu barriei buruzko hitzaldia proposatzen dau datorren martitzenerako, martiaren 20rako, Andrés Trapiello eta Agustín Fernández Mallo idazleen eskutik. Eredu barri horreetan, aurretik ezarritako arauak apurtu egiten dira, genero barriak sortzeko. Holan, planteauko diran gaien artean, generoen liberazinoak testuari freskotasuna emoten ete deutson ala, fusinoa baino gehiago konfusinoa, nahasketea, sortzen ete deutson egongo da. Horrezaz gan, honezkero ezarrita dagozan poesia, eleberria, antzerkia edo saiakerea lako kanonetatik urrundu egiten diran genero barri horreek sailkatzeko dagozan zailtasunak lako gaiak be planteauko dira.

Andrés Trapiello (Manzaneda de Torío, León 1953) idazle eta editoreak poema liburuak, eleberriak, saiakera lanak eta artikulu bildumak argitaratu ditu. Horrezaz gan, bere egunerokoen hamabi liburuki baino gehiago argitaratu ditu, Salón de pasos perdidos izenburu orokorragaz. Hainbat sari irabazi ditu, horreen artean, Plaza & Janés eleberri saria 1992an, El buque fantasma lanagaitik, Gaztelaniazko poesiari emoten jakon Kritikaren Saria 1993an, Acaso una verdad lanagaz, edo Juan de Borbón saria 1995ean, Las armas y las letras. Literatura y guerra civil 1936-1939 saiakera lanari esker. Horrezaz gan, 2003. urtean Nadal sari garrantzitsua irabazi eban Los amigos del crimen perfecto liburuari esker, eta 2005ean Miguel Delibes Kazetaritza Sari Nazionala, Bartzelonako La Vanguardia egunkarian argitaratutako El arca de las palabras artikuluagaitik.

Agustín Fernández Mallo (La Coruña, 1967) Zientzia Fisikoetan lizentziatua da, eta denpora librean idazten dau. 2000. urtean Poesia ondorengo poesia—literaturearen eta zientzien arteko loturak— terminoa asmau eban, honako poesia lanetan islatu dauen estiloa izentetako: Yo siempre regreso a los pezones y al punto 7 del Tractatus (2001), Creta lateral travelling (2004), Joan Fontaine odisea (2005) eta Carne de píxel (2008).

Postpoesía, hacia un nuevo paradigma liburua, Anagrama Saiakera Sariko finalista izan zan 2009an. 2006an, Nocilla Egitasmoa jarri eban martxan, eta bere lehen eleberria argitaratu eban, Nocilla Dream. Quimera aldizkariak urteko eleberririk onena izentau eban. Horren ondoren, Nocilla Experience (2008) eta Nocilla Lab (2009) etorri ziran.

Alkarrizketak hilero egiten dira, martitzenetan, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bilboko Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek ekitaldiaren aurkezle eta gidari lanak egiten ditu. Oraingo honetan, kultura gaietan espezializauta dagoan Radio Euskadiko Idoia Jauregi kazetaria izango da ekitaldiaren moderatzailea.


Bosgarren edizinoa

2007ko urtarrilean Eztabaidak Literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu