Lotsaizunaren jostailuak (I)

Zigor Aldama 2012-03-15 12:57   Bidaide

Gaur egun, Xuk 1.500 yuan inguru (180 euro) irabazten ditu hilean, gurasoak baino hiru bider gehiago. Baina, arnas-gaixotasun kronikoak izateko arrisku handia dauka, izan be pelutxeetako barrukoa sarritan toxikoa da.

Adreiluzko eraikin bat, ezerezaren erdi-erdian. Hiru pisu zelai baten erdian; hurren dagoen herria, Yiwu, 30 kilometrora dago. Inork ez leuke pentsauko han munduko makina bat umeren jolasak, barreak eta amesak bertan egiten diranik. Baina, halan da. Hutsik dagoala begitantzen jakun arren, makinen zaratea urrunetik entzuten da, eta agirian ixten dau han barruan lanean dagozala. Sarrerako koloretako oihalak, han eta hemen, barruan sortzen dabilzan personaia dibertigarrien barri emoten dabe. Bai, munduko jostailu produktore handieneko lantegi bat da.

Barruan hotz dago. Ez dago berogailurik; 80 beharginek erropa piloa daroe. Udan, 35 gradu egoten dira, eta ez dago aire giroturik. Beharrean buru-belarri dabilz josteko makinetan, begiradea ia altxau barik. Inportazailea nazela esna beharra daukat lantegi erdi legezko honeetara sartu ahal izateko. Behargin gitxi batzuk ausartzen dira berba egiten, eta egin be handik kanpo, jakina.

Xu Weixiong bere historia kontetako prest dagoan beharginetako bat da. Neska gazte honek 22 urte ditu, Henan eskualdekoa da. Orain dala lau urte ailegau zan Yiwura, Txinako eskulagintza gune garrantzitsunetakora. 14 urte bete nituanetik gurasoen ortu txikian ibili naz beharrean. Diru gehiago irabazteko asmoz, 18 urtegaz handik ospa egin neban. Izeko batek lantegi bateko ikuskatzailea ezagutzen eban, eta han hasi nintzan lanean. Eskunarruak josten egon zan, gitxieneko soldatea baino diru gitxiagoren truke. Barriei soldata eskasak eskaintzen deuskuez, lanbidea ikasten gagozalako. Fabrika askotan, batez be ehungintza arloan, langileak esklabuak dira.

Handik hile bira jostailu-lantegi batean hasi zan beharrean, 800 yuaneko (100 euro) soldateagaz. Ordutik, alor berean segiduten dau. Dana dala, langile gehienen antzera, sei hiletik sei hilera, enpresaz aldatzen dau. Holan, soldata hobea lortzen dabe, esperientziari esker. Enpresa gehienak txikiak dira, eta hilean egun libre bi emoten deuskuez. Aparteko ordu asko egiten doguz, baina guk gura dogulako. Soldatea osotzeko behar-beharrezkoak dira orduok. Eta, egia esan, herrian ez dago gauza askorik egiteko.

Gaur egun, Xuk 1.500 yuan inguru (180 euro) irabazten ditu hilean, gurasoak baino hiru bider gehiago. Baina, arnas-gaixotasun kronikoak izateko arrisku handia dauka, izan be pelutxeetako barrukoa sarritan toxikoa da. Halan be, ikuskaitzaileak berak onartzen dau material batzuk ez datozela bat Europako edo AEBetako araudiekaz. Baina horrek ez deutse ardura Afrikan edo Asian, dino, biak be indar handiagaz sortzen dagozan merkatuk dira. Xu ez da arduratzen hogei urte barru pasauko danagaz, nahikoa dauka-eta egunero egunero bizirauteagaz. Bederatzi ordu egiten doguz behar, baina prisazko eskariak dagozanean, Gabonetan edo San Balentin egunaren inguruan, 16 orduko txandak egiten dira, parau barik.

Dana dala, herrialde garatuetako krisialdiak, lan-kostuen igoereak -% 10-15 inguru, urtean- eta txinatar dibisearen balioaren gorakadeak -yuanak ia % 30 irabazi dau euroaren aurrean, baliorik handiena azkenengo 4 urtean-, ezegonkortasun handia ekarri dau jostailuen industriara. Krisia dala eta, salneurri bajuak mantenidutea eskatzen jaku, baina Txinako inflazinoak soldatak beherantz egitea eragiten dau, lehengaia karuagoa da, eta yuanak kalte egiten deusku, autortzen dau pelutxezko hartzak egiten dituan enpresa bateko ugazabandreak. Bihotz batzuk egin ditue, Espainian Maiteminduen Egunean saltzeko; Te amo (Maite zaitut) ipinten dau. Txinatar dendetan saldu dira. Enpresa asko zarratu egin dira, eta erosleek herrialde merkeagoetara joten hasi dira. Esportazinoak bajatu egin dira, eta Txinak derrigor behar dau kontsumo-ondasunen balio erantsian jauzi kualitatiboa egitea.

Xu lako beharginentzat egoera barriak arazo ekonomikoak dakarz. Produkzinoa txikitu danez, aparteko ordu gitxiago egin behar ditue. Gero eta beranduago ordaintzen deuskue, aparteko ordu gitxiago kontetan ditue, eta edozein inuzentekeri dala-eta isunak ipinten hasi dira, komunera sarriegi joatearren edo gure artean berba egitearren, berbarako. Jatekoaren prezioak be gora egin dau, azaltzen dau Xuren lankide batek. Gero eta gatxagoa dago bizirautea, asko euren herrietara bueltau dira. Baina, etxera esku hutsik buelteteta lotsagarria begitantzen jake. Hobe da diru gitxiagoren truke behar egitea. Esplotau egiten gaitue, baina sikeran ez deutsgeu gurasoei entzun behar, dino barrezka Xuk.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu