Gerrea eta bakearen 33 ikuspegi argazkiz argazki

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-03-14 13:20   Kulturea

Gerra eta Bakea: zuzeneko begiradak erakusketa ibiltariak mundu osoko 33 barriemoile grafikoren irudiak batuko ditu, lehenengo Gernikako Bakearen museoan, martiaren 23tik aurrera, eta ostean, Donostian, Eibarren, Bilbon eta Gasteizen. Eusko Jaurlaritzearen 2012 Euskadi, Bakea eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea ekimenaren barruan dago erakusketea.

Gerra eta Bakea: zuzeneko begiradak erakusketa ibiltariak mundu osoko 33 barriemoile grafikoren irudiak batuko ditu, lehenengo Gernikako Bakearen museoan, martiaren 23tik aurrera, eta ostean, Donostian, Eibarren, Bilbon eta Gasteizen. Eusko Jaurlaritzearen 2012 Euskadi, Bakea eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea ekimenaren barruan dago erakusketea. Bilboko Bizkaia Aretoan aurkeztu dabe, eta prentsaurrekoan Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Paco Valderrama argazki-erakusketako komisarioa eta Samuel Aranda erreportaria izan dira.

Erakusketan parte hartu dauen argazkilari bakotxak bere bina argazki aukeratu behar izan ditu, bata bakea irudikatzeko, eta bestea, gerrea azaltzeko. Paco Valderrama komisarioak azaldu dauenez, urtebeteko lana izan da, eta askatasun osoz egin dabe. Erreportarientzako lanik gatxena bakearen ganeko erratratua aukeratzea izan da. Bakea azaltzeko argazkia topetea gatxagoa izan da; batzuk ironia erabili dabe, beste batzuk umorea, edo satirea. Danetarik dago, adierazo dau komisarioak.

15 herrialdetako punta-puntako 33 barriemoile grafikoren artean, aspalditik beharrean dabilzanak, eta oraintsu hasi diranak dagoz. Argazkirik zaharrena Enrique Menesesek Fidel Castro eta Che Guevarari, 1958an, Sierra Maestran egindakoa da; eta, barriena, ostera, prentsaurrekoan izan dan World Press Photo sariaren irabazle Samuel Arandaren Yemeneko argazkia, 2011koa.

Samuel Aranda orain hamar bat urte joan zan AEBetara behar bila; gaur egun New York Times egunkari ezagunean lan egiten dau. World Press Photo saria irabazi dauen argazkia zelan egin eban azaldu dau. Yemenen egin neban, urrian. Fatima ama eta Said haren semea agiri dira. Semea zaurituta dago, eta medikuek noiz hartuko itxaroten dagoz. Orain dala aste batzuk Yemenera bueltau nintzan, eurekaz egoteko asmoz. Polita izan zan. Gerretan jazoten dana argazkilariek dokumentau egin behar dabela erixten deutso Arandak, baina ez da baherrazkoa jenteari behin barriz irudi lar gordinak erakustea, orekea lortu behar da. Bildurra be aitatu dau, gero eta bildur gehiago daukat, lankide asko hil dira.

Ondoko argazkilarien hartu dabe parte Gerra eta Bakea erakusketan: Adrees Latif (Pakistan, 1973), Ahmed Jadallah (Palestina, 1970), Altaf Qadri (India,1976), Álvaro Ybarra (Espainia, 1979), Ami Vitale (AEB, 1971), Ariana Cubillos (Kolonbia, 1974), Ben Lowy (AEB, 1979), Bruno Stevens (Belgika, 1959), Carlos Barria (Argentina, 1979), Carolyn Cole (AEB, 1961), David Burnett (AEB, 1964), Don McCullin (Britainia Handia, 1935), Emilio Morenatti (Espainia, 1969), Enrique Meneses (Espainia, 1929), Fernando Moleres (Espainia, 1963), Finbarr O’Reilly (Britainia Handia, 1971), Gervasio Sánchez (Espainia, 1959), Goran Tomasevic (Serbia, 1969), Julie Jacobson (AEB, 1969), Kai Wiedenhöfer (Alemania, 1966), Kenneth Jarecke (AEB,1963), Lynsey Addario (AEB, 1973), Paolo Pellegrin (Italia, 1964), Patrick Chauvel (Frantzia, 1979), Reza Deghati (Iran, 1952), Samuel Aranda (Espainia, 1979), Sandra Balsells (Espainia, 1966), Santiago Lyon (Espainia, 1966), Sarah Caron (Frantzia, 1970), Saurabh Das (India, 1972), Stanley Greene (AEB, 1949), Walter Astrada (Argentina, 1974) eta Yannis Behrakis (Grezia, 1969).

Gernikan izan ostean, erakusketea beste lau lekutan izango da ikusgai: Donostiako San Telmo museoan, maiatzaren 15etik garagarrilaren 12ra; Eibarreko Armagintzearen museoan, garagarrilaren 17tik abuztuaren 9ra; Bilboko Zabalguneko merkatuan, abuztuaren 27tik urriaren 18ra; eta, Gasteizeko Vital Kutxa Fundazinoa Aretoan, urriaren 23tik abenduaren 11ra arte.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu