Martiak 31: 75 urte

Bizkaie! 2012-03-14 12:00

Aurten Durangoko Bonbardaketearen 75. urteurrena beteko da. Hori dala eta Gerediaga Alkarteak ahalegin berezia egin eta hainbat ekitaldi antolatu ditu, besteak beste, Jon Irazabal Agirrek idatzitako liburuaren aurkezpena: Gerra Zibila Durangaldean 1936-1937, martiaren 27an, arratsaldeko 19:00retan Santa Susana eleizan.

Aurten Durangoko Bonbardaketearen 75. urteurrena beteko da. Hori dala eta Gerediaga Alkarteak ahalegin berezia egin eta hainbat ekitaldi antolatu ditu:

• Jon Irazabal Agirrek idatzitako liburuaren aurkezpena: Gerra Zibila Durangaldean 1936-1937, martiaren 27an, arratsaldeko 19:00retan Santa Susana eleizan.

Jon Irazabal 1977an Gerediaga Alkartean sartu zAn, baina 1984tik aurrera Durangoko bonbardaketea eta Gerra Zibila ikertzeari ekin deutso buru-belarri. Lan horren emoitzea: erakusketak, artikuluak, hitzaldiak eta bi liburu aitagarri: 1937 Martxoak 31 Durango (2001) eta Otxandio Gerra Zibilean (1936/1937) (2003).

Hilaren 27an aurkeztuko dan liburu berri honetan, Jonek 260 orritan zehar Durangaldeko historiaren zati garrantzitsua jasoten dau eta material grafiko barria be erantsi dau. Liburua salgai egongo da Durangaldeko liburudendetan martiaren 26tik aurrera.

• Pablo Garitaonandiak zuzendutako dokumentalaren aurkezpena. Durangoko bonbardaketa, martiaren 27an, arratsaldeko 19:30ean Santa Susana eleizan.

Pablo Garitaonandiak, argazkilaria ogibidez, 1989an Jesus Maria Arruabarrena zuzendutako dokumentala eta argitaratu barik egoana, berreskuratu eta hobetu egin dau. 38 minutuko zinta honek Durangoko bonbardaketearen irudi eta testigantzak jasoten ditu eta Jon Irazabalen liburuagaz batera salduko da.

• Txelu Angoitiaren M31- (in memoriam) instalazino artistikoa, martxoaren 20tik Apirilaren 1era Santa Susana eleizan. Sarrerea: doban. Erakusketea dagoan bitartean, 18:30tik 20:30ra eta jai-egunetan, 12:00tik 14:00etara, gainera, 1937ko Durangoko bonbardaketearen biktimak gogora ekarri eta nor bere barruan batzeko toki egoki hau bisita daiteke.

• Oroimen ekitaldia: Berbaro alkartea eta Kriskitin dantza taldeagaz batera, martiaren 31n, arratsaldeko 20:00etan Andra Mariko eleizpean. Urtero lez, oroimen ekitaldi xume honetan jantza ekitaldia, lore eskaintzea, idatziaren irakurketea eta kantua eskainiko dira.


M31 (in memoriam)

281 bonba. 14.840 kilo lehergai. 336 hildakotik gora. Zauritutakoak eta elbarriak ehundaka.

Zenbakiak ikusita, eta nahiz eta zenbaki handiak izan, estadistikea ekartzen deuskue burura, eta ez samina.

Baina biktimak anonimatutik ataraten doguzanean, banan-banan izentetan doguzanean, orduantxe konturatzen gara zenbakiek mina ezkutatzen deuskuela.

Era berean, sirenen zarata bildurgarriak eta bonben danbatekoak lausotu egiten deuskue gure barruko bildurra.

Triskantzearen ostean isiltasun itogarria heltzen da hondakinen artera. Orduan konturatzen gara egoerearen benetako larritasunaz.

M31 (in memoriam) instalazioaren helburu apala hauxe da: Durangoko bonbardaketearen biktima guztiei omenaldi zintzoa eta beroa egitea. Gazte bakotxa, andra bakotxa, ume bakotxa, azken batean persona bakotxa omentzea.

Sinbolismo handiko toki hunkigarri honetan, martiaren 31ko basakeria jasan eban leku honetan hain zuzen be, hausnartzeko eta nor bere barrura begiratzeko gune bat sortu dogu.

Orain dala 75 urte hemen izandako hondamendia eta atsekabea adierazo nahi deutsagu ikusleari instalazino honen bidez. Horretarako hainbat baliabide erabili doguz: argazkiak, ikus-entzunezkoa eta omenaldirako bereziki egindako eskulturea.

Orduko durangarrei autortza egitea aldarrikatzen dogu, oraindik inork ez deutselako parkamenik eskatu. Biktimen bakarkako eta taldeko mina autortzea eskatzen dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu