Aguraingo Sorginetxe, Aramaioko Marixeka, Aiaraldeko Altubepekoak eta Gasteizko Martin Ttipia Arabako finalean

Bizkaie! 2012-03-12 10:31   Bertsolaritzea

Martiaren 24an, Aramaion jokatuko dan finalean Aguraingo Sorginetxe, Aramaioko Marixeka, Aiaraldeko Altubepekoak eta Gasteizko Martin Ttipia taldeak izango dirala aurrez aurre.

Zezeilean hasi zan bertso liga Araban eta bertso idatzietan nahiz bat-batekoetan saio ederrak osotu ostean, astegoienean finalerdiak jokatuta, Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketea azken txanpan sartu da. Dagoeneko badakigu martiaren 24an jokatuko dan finalean Aguraingo Sorginetxe, Aramaioko Marixeka, Aiaraldeko Altubepekoak eta Gasteizko Martin Ttipia taldeak izango dirala aurrez aurre.

Lehenengo finalerdira, Zigoitiako aretora 100 bat lagun hurreratu dira. Bat-batekoan Gasteizko Kakiturri-Ehari eta Aiaraldeko Altubepekoak izan dira kantuan. Idatzizkoan, barriz, Gasteizko Trikiporru eta Martin Ttipia taldeak.

Idatzizko atalean, Trikiporru taldeak Urdanga Arin-en inguruko bertsoak taularatu ditue giro onean. Kirolari eta enpresariz jantzita, jantza soltea eta koplak tartekatuz barrea ekarri dabe aretora. Ikusentzunezkoa be ez da faltan izan. Martin ttipia taldea Jimez ijito familia bilakatuta agertu zan. Gasteizko gorabeherak eta personaiak gogoan izanik, umoretsu aldarrikatu dabe ijito eta vascoen arteko lehen asanbladea. Pintxo txakurraren ijito-bersinoagaz agurtu dabe entzulea.

Bat batean ibili diran bi taldeek bikain erantzun deutsie alkarri. Aiaraldeko Altubepekoak taldea osotu dabe Serapio Lopezek, Unai, Mendibilek, Iñaki Cabezak, Julen Eizagirrek, Ainhoa Comasek eta Izar Mendigurenek. Gasteizko Kakiturri-Ehari-n, barriz, Beitto Martinez, Juan Mari Juaristi, Rikardo Gonzalez de Durana eta Xabier Rico izan dira bertsolariak.

Ainhoa Comas eta Rikardo Gonzalez de Durana Martiaren 3ko jazoeren harira jarri ditu kantuan gai-jartzaileak lehenengo. Rikardo semea atxilotu dabe eta polizia etxetik bueltan dira ama-semeak. Zortziko nagusian Comasek: Zuregana joan behar izan dut familia dena izutuz/mila aldiz esana dizut ta ibili behar duzu kontuz/ bihotzarekin sentitu eta jokatu ezazu buruz /gatazkak ez dira ta konpontzen gatazka gehiago sortuz. Langabezi handia dago eta langileriaren alde agertu da Gonzalez de Durana: eta langilearen legea nahi nuen ederki bete/Ama, kontuz ibili nahiz baina harrapatu egin naute.

Talde bateko kide batek beste taldeko 3ri bertsoa bota eta ganerakoek erantzutea zan hurrengo ariketea. Izarrek Kakiturri Ehari taldekideen artetik bikote zita bat izateko hiru bertsolarien artean aukeratu beharra eukan. Izarrek: Nik aingeru bat izan nahi nuen eta Juan Mari da txarra / kamisetaren kolorea da zerutik duen bakarra , eta Juan Mari Juaristiren erantzuna: eta hobeto egingo duzu niri ateraz pixkat punta/ R-arekin xarma handia dut izara azpian sartuta.

Zortziko txikian kantau dabe Unai Mendibilek eta Juan Mari Juaristik, jarraian. Unairen pisukidea etxeraino lagundu dau Juaristi munizipalak, ordu txikitan. Eta ez ei da lehen aldia, Mendibilen esanetan. Ondokoa arpegiratu deutso: Aguantea daukala badigu erakutsi / Baina munizipalek fundamentu gutxi / Kalean hor botata eta ez ikasi /Hurrengoan tabernak mesedez ez itxi.

Puntuari erantzunaren ostean bakarkako gaiari helduta bina bertso kantau behar izan dabe talde bakotxeko 2 kidek. Izar Mendigureni, txikitako lagun min bategaz lehen aldiz hasarretzea egokitu jako. 40 urte jadanik ni naiz dama esperientziaduna / Baina lapurtu egin didate nire etxeko zalduna/ Ta komunetik bota egin dut ezkontzako eraztuna/ ohean kezka jarduna/ dena hotza ta iluna/Nahi gorrotoa sentitzen dudan helduko da maitasuna/haserretzen ez den pertsona bat, ez da benetan laguna. Beitto, ostera, korrikaldia hastear dan atleta baten azalean jarri dabe, urtetako prest eta urduri: Zein gertu dauden marra hontatik /porrota ta garaipena.

Bestetik, ale ederrak itxi ditue Altubepekoek aguazil postuetarako hautagai batzuen papelean sartuta. Ainhoa Comasek abiatu dau: Pentsatu dut aukera urriak ditut nik/Ez daukat eta, zuek duzuen porrarik! eta Iñakik jarraian: Barkatu baina nik honetan abantaila osoa/aspalditik honetan ni naiz txibatoa. Baina duda barik, algara gehienak ekarri ditu Comasek: Kandidata onena naiz ni aizu jakin/ Trafikoa gelditzen da gorputz honekin.


Aguraingoak bat-batekoan eta Aramaiokoak idatzikoan finalera

Giro polita izan da nagusi Araiako Andra Mari aretoan, Arabako kuadrilla arteko txapelketako bigarren finalerdian. Idatzizkoan Aramaioko Ai ene! eta Aguraingo Ostiral iluntzeetako berbalagunak izan dira lehian, trikiti doinuak lagun eta mozorroak gainean, doinu klasiko nahiz irlandar doinuak nahastauta, bertso ederrak entzuteko aukerea izan dabe bertan batu diran bertsozaleek. Aramaioko konkistatzaile bizardunak izan dira finalerako txartela irabazi dabenak.

Bat-bateko saioan, Aguraingo Sorginetxe eta Aramaioko Marixeka taldeak izan dira buruz-buru. Sorginetxeko sorginek saioari hasierea insumisoaren doinuan emon deutsien arren, gai-jartzailearen aginduei sumisioz erantzun eta eurak izango dira Aramaioko finalean Aiaraldekoen kontra lehiatuko diranak.

Agur bateratu bategaz amaitu da saioa, koplatan eta bi taldeak nahastauta. Lehiak lehia, ostadar bat da atzekoa, gu herrialde bat gara izan da txalo artean entzun dan azken koplea.


Finala Aramaion

Martiaren 24an, zapatuan izango da finala 17:30etik aurrera. Antolatzaileek esan dabenez, goizeko 10etan urtengo dau autobusak Laudiotik eta Amurrion, Agurainen eta Gasteizen egingo ditu geldialdiak. Dobakoa izango da. 14:30ean bazkaria egingo dabe frontoian bertan eta jarraian hasiko da Arabako Txapelketako finala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu