Melody Gardot, Madeleine Peyroux, Sharon Jones, Kenny Barron eta Eric Reed, 47. Heineken Jazzaldian
2012-03-09 09:52 MusikeaDonostian garagarrilaren 19tik 23ra bitartean egingo dan 47. Heineken Jazzaldiak Melody Gardot, Madeleine Peyroux eta Sharon Jones kantariak sartu ditu bere egitarauan, Kenny Barron, Mulgrew Miller, Eric Reed eta Dado Moroni jazz-pianista ospetsuakaz batera.
Donostian garagarrilaren 19tik 23ra bitartean egingo dan 47. Heineken Jazzaldiak Melody Gardot, Madeleine Peyroux eta Sharon Jones kantariak sartu ditu bere egitarauan, Kenny Barron, Mulgrew Miller, Eric Reed eta Dado Moroni jazz-pianista ospetsuakaz batera. Antolakuntzaileek jakinarazo dabenez, jazzeko diva handia izateko bidean da dagoeneko 1985ean jaiotako Melody Gardot. Bee ahots bereziari eta sentiberatasunari esker, XXI. mendeko Billie Holiday esaten deutse Madeleine Peyrouxi, eta egia esan sekulako iraultza ekarri dau emakume-ahotsen jazzera. Beti zaindu izan dau oso ondo errepertorioa: Billie Holiday, Bessie Smith, Patsy Cline, Edith Piaf, Leonard Cohen, Bob Dylan, Hank Williams eta Tom Waitsen hainbat kanta eder abesten ditu Madeleine Peyrouxek.
Sharon Jones & The Dap-Kings da Agertoki Berderako lehen taldea. Soul, gospel, funk eta rhythm&bluesaren mundua hankaz gora jarri dau taldeak, eta Motown eta Stax-en urrezko garaiak gogorarazoten deuskuez. Sharon Jonesek gauza asko batu ditu bere ahots lodi ahaltsuan: Tina Turneren indar berezkoa, Mavis Staplesen sentiberatasun fina, James Brownen erritmo geldiezina eta Aretha Franklinen ahots-zabaltasuna. The Dap-Kingseko zortzi kideak, barriz, musika aldetik harrigarriak izateaz gan, ikuskizuna dira berez eta besterik barik.
Bestalde, An Evening with Two Pianos (Kenny Barron, Mulgrew Miller, Eric Reed eta Dado Moroni) jazzeko lau piano-jotzaile handiren bilera harrigarri bat da; lau belaunalditakoak dira, eta txandaka joko dabe, bi pianotan, bakarka, binaka eta launaka. Programearen izenburua Mostly Monk da eta Thelonious Monken errepertorioa izango dau ardatz.
Kenny Barronek Donostiako Jazzaldia Saria jaso eban 2000. urtean. Askoren ustez, jardunean dan jazz-pianistarik onena da; errepertorioa hautatzerakoan erakusten dauen gustu harrigarria eta jotean agiri dauen dotorezia ditu ezaugarri. Be-bop pianoaren tradizinoa gorde dabenen artean, nagusia da bera.
Mulgrew Miller hard bop-aren tradizinoan errotutako piano modernoaren interprete behinenetako bat da. 20 urte zitualarik, pianista-plazea bete eban Duke Ellingtonen orkestran, Mercer Ellington zuzendari zala. Ondoren, bi artista handiren laguntzaile izan zan: Art Blakey bateria eta Betty Carter kantaria. Berak sortu eban, beste lau lagunakaz batera, Tony Williansen boskotea, hau da, jazz garaikideko talderik karismatikoenetako bat, eta 90eko hamarraldian hasi zan bere hirukote eta boskoteen lider moduan.
Eric Reedek 18 urte besterik ez eukan Wynton Marsalisegaz lehenengo birea egin ebanean; haregaz jarraitu eban gero be lanean, beste zenbait musikari ospetsugaz lankide jarduteaz ganera: Freddie Hubbard, Joe Henderson, Benny Carter, Charlie Haden edo Roy Hargrovegaz, besteak beste. Eric Reed-ek Ahmad Jamalen eta gospel musikearen eraginpean eratu dau bere piano-estiloa. Erritmo-karga handia darabil bere interpretazinoetan, eta, pianoaz dauen orkestra-kontzeptuari esker, big band bat dirudi batzuetan.
Dado Moroni lider nabarmenen pianistea izan da, besteak beste, James Moody, Ray Brown, Alvin Queen eta Ron Carterena; gainera, The Mingus Dynasty eta Paris Reunion Bandegaz egin ditu zenbait bira. Shapes hirukotean be parte hartu dau, bai eta New York Reunionen be.
Kontuak kontu, Heineken Jazzaaldiak iragarriak ditu dagoeneko emonaldi honeek: Antony & The Johnsons, Et Incarnatus orkestreagaz; Bobby McFerrin, Yellowjacketsegaz; Jamaican Legends (Monty Alexander, Sly & Robbie eta Ernest Ranglin); Orquesta de Hombres Orquesta. Edozelan be, oraindino osotu barik dago programea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!