Kanpoko eta bertoko musikariek joko dabe Bilbao Distrito Jazz jaialdian

Dabi Piedra Robledo 2012-03-07 14:23   Musikea

Martiaren 9an hasiko da eta sei saio izango dira danetara, martiko eta apirileko barikuetan. Aurreko urteetan legez, Bilbao Distrito Jazz jaialdiaren 13. edizino honetan, Bizkaiko uriburuko auzo ugaritara eroango ditue jazz doinuak. Sarrerea librea eta dobakoa izango da, aretoak bete arte.

Martiaren 9an hasiko da eta sei saio izango dira danetara, martiko eta apirileko barikuetan. Aurreko urteetan legez, Bilbao Distrito Jazz jaialdiaren 13. edizino honetan, Bizkaiko uriburuko auzo ugaritara eroango ditue jazz doinuak. Sarrerea librea eta dobakoa izango da, aretoak bete arte.

Bilbao Distrito Jazzek helburu nagusi bi ditu: jazza bultzatu eta publiko barriak sortzea batetik; eta bestetik, deszentralizazinoaren alde egitea, hau da, ekitaldi kulturalak Bilboko auzo guztietara eroateko asmoan sakontzea. Holan, aurten, Txurdinagan, Otxarkoagan, Zazpi Kaleetan, Solokoetxen, Errekalden eta Sarrikon izango dira emonaldiak. Inaugurau barri daben Errekaldeko udaltegiak estreinaldia izango dau jazz jaialdian. 1.500 jezarleku izango dira guztira eta, aurreko urteetako arrakastea ikusita, ziur nago dan-danak beteko dirana, azpimarratu dau Iñaki Lopez Agileta Bilboko Udaleko kultur arduradunak.

Estiloaren eta jatorriaren aldetik, jaialdi anitza izango da aurtengoa, ganeratu dau Lopez Agiletak. Atzerriko musikari bikainak ekarriko ditue, baina Euskal Herrian egiten dan jazza be entzungai izango da, goi mailako artistak daukaguz berton eta lekua merezidu dabe. Musikari gazteen alde egin dabe aurtengo egitaraua osotzerakoan eta, horren adibide garbiena, martiaren 9an lehenengo saioa eskainiko dauen Felix Rossy dogu. 17 urte baino ez daukaz eta honezkero goi mailako disko bat plazaratu dau. Otxarkoagako udaltegian joko dau Felix Rossy Quintet taldearen barruan, diskoa aurkezteko. Bilbaina Jazz Club-eko Carlos Tatok nabarmendu dauenez, harrigarria da Rossyren mailea, daukan edadeagaz, musikarien semea da eta horrek lagundu deutso ziur.

Bigarren saioa Sarrikoko kontserbatorioan izango da, martiaren 16an, Scott Hamilton eta Toni Sola Quintet-en eskutik. Martiaren 25ean, Errekaldeko auzo etxean, Clara Lunak eta Xavi Mauretak joko dabe. Martiaren 30ean, barriz, Japoniako jazz musikaririk bikainenetako bat ekarriko dabe Bidebarrietako liburutegira, Eri Yamamoto. Goruntz datorren piano jolea da Yamamoto, bere estiloa topau dau, Carlos Tatoren arabera. Apirilaren 13an, Begoñako udaltegian, Carl Winther Trio hirukoteagaz disfrutau ahal izango dogu, igaz Getxoko Jazzaldian sari nagusia irabazi eben, Eskandinaviarrak dira eta hango estilo aberatsa ekarriko dabe.

Amaitzeko, apirilaren 20an, berton sortutako jazzaren txandea izango da, Carlos Velasco basauritarraren eskutik. Bilboko musika eskolan ikasi eban Velascok eta euskal musikari onenetako batzuek lagunduta, hainbat disko eta proiektutan parte hartu dau bere ibilbide luzean. Carlos Velascok berak esan dauenez, munduan punta-puntan dagozan musikariakaz joteagaitik pozarren nago, baina nabarmendu nahiko neuke Bizkaiko jazza erakusteko izango dodan aukerea. Bilbao Distrito Jazzeko kontzertu guztiak iluntzeko zortziretan hasiko dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu