Vaticanoko Agiritegi Sekretuak Erdi Aroko euskal historiari buruzko garrantzi handiko informazinoa dauka
2012-03-05 17:53Agiri horreek UPV/EHUko Europa eta Mundu Atlantikoa: boterea, kultura eta gizartea izeneko Masterreko ikasle dan Agurtzane Pazek egindako ikerketan agertu dira. Pazen lanak Vaticanoko Agiritegi Sekretuan Erdi Aroko Euskal Herriari buruz dagoan dokumentazino bibliografikoa bilduma berean kokatzen eta sailkatzen dau.

XV. mendean inprimategia agertu zan arte, ezagutzen dogun Historiaren zati handi bat eleiz iturriek transmitiduten eben. Iturri horreetako bat da Vaticanoko Agiritegia, lurralde kristinauei buruzko informazinoa batzen dauena hainbat gairi buruz, besteak beste botere-abusuei, eskumikuei, heresiei, babes eskariei, Aita Santuen lekapenei, barkamenei, eleiz onurei eta bestelakoen ganean.
1233an, Gregorio IX Aita Santuak Gaztela eta Leongo Erregeari, Fernando III.ari, Bizkaiko jaunek –Lope Diaz II.a Harokoak eta haren seme Diego Lopez III.a Harokoak– Galtzadako Santo Domingoko eleizan egindako gehiegikeriak zuzentzeko agindu eutson, eta Erregeak artzaina eleizatik kanporatu eta ondasunak kendu eutsozan. Hori, Euskal Herriko Erdi Aroagaz zerikusia daukien Vaticanoko Agiritegi Sekretuko ia 1200 agirien erakusgarri bat besterik ez da. Agiri horreek UPV/EHUko Europa eta Mundu Atlantikoa: boterea, kultura eta gizartea izeneko Masterreko ikasle dan Agurtzane Pazek egindako ikerketan agertu dira. Pazen lanak Vaticanoko Agiritegi Sekretuan Erdi Aroko Euskal Herriari buruz dagoan dokumentazino bibliografikoa bilduma berean kokatzen eta sailkatzen dau. Bilduma horrek neurri handian errazten dau Erdi Aroan Baiona, Burgos, Kalagorri eta Iruñeko gotzaindegien artean banatuta egoan Euskal Herria ardatz daben ikerketen gaur egungo eta etorkizuneko lana, eta gainera, oso erabilgarria izan daiteke euskal historia ezagutzeko interesa dauen edozeinentzako.
UPV/EHUko ikasle horrek egindako ikerketak hainbat datu emoten dau, besteak beste, jatorrizko agiriaren data zehatza eta kokalekua azaltzen ditu. Era berean, edukiari buruzko informazinoa dauen ohar laburra dakar, agiria osorik agertzen dan ala ez azaltzen da, edo agiri bakotxaren edukia landu ahal izan daben aurretiazko argitalpenak.
Lana, interesa dauen persona guztiek on line konsultetako eskura dabe Antso Jakituna Fundazinoaren webgunean, eta Pazek hamar hilebetez egindako ikerketea UPV/EHUko irakasle dan José Ramón Díaz de Duranak eta CSICeko Cristina Jular-ek zuzendu dabe. Proiektuak, gainera, Antso Jakituna Fundazinoak emoten dauen Jesús Olaizola bibliografia bekearen bitartez 6.000 euroko saria jaso eban.
Vatikanoko Agiritegi Sekretua
Agiritegi garrantzitsu hori, eleizgizonek eta zibilek garai bakotxeko Aita Santuagaz kurutzatutako ezin konta ahala agirik osotzen dabe. Sekretu edo secretarium kalifikazinoa erabilten da, antxina agiritegian aita santuaren inguruko persona edo erakundeak bakarrik sartu ahal ziralako. Era berean, aita santuaren konfidantzazko personea, kontuz hartu beharreko gaiak azaltzen jakozana, eta sarritan agiriak edo erregistroak egin behar zituana, sekretarioa edo secretarium izenekoa zan.
Vatikanoak bere agiriak aita santuen arabera ataraten ditu sekretupetik, ez urteen arabera, eta gaur egun Pio XI.aren heriotzara arte (1939ko zezeila) konsultau daitekez. Gaur egungo aita santuak erabagiko dau Pio XII.aren aitasantutzako dokumentuak dituan agiritegia (1939-1958 urteen artekoa, hain zuzen) publiko egiten dauen ala ez.
Egileari buruz
Agurtzane Paz (Donostia, 1984) UPV/EHUn Historian lizentziaduna da, orain gitxi amaitu dau UPV/EHUko Europa eta Mundu Atlantikoa: boterea, kultura eta gizartea izeneko masterra. Gaur egun Arabako Kexaako monasterioari buruzko doktorego-tesian dabil lanean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!