Martiak 5: Matxitxakoko burrukaldiaren 75. urteurrena

Bizkaie! 2012-03-05 10:01

Euzkadiko gudontzidia Busturialdean erakusketea ikusgai dago Bermeoko Arrantzaleen Museoan, martiaren 2tik maiatzaren 27ra bitartean.

1937ko martiaren 5ean, Eusko Gudarostearen itsas armadeak aurre egin eutson flota frankisteari. Egun bat lehenago, martiaren 4an, Nabarra, Bizkaia eta Donostia gerraontziak Baionatik abiatu ziran Bilborantza. Galdames merkataritza itsasontziari babesa emoten joiazan. Eguraldi txarragaitik gerraontziak banatu egin ziran eta Bou Gipuzkoa-k Matxitxako parean Canarias gerraontzi frankisteagaz topo egin eban. Eusko Gudarosteko itsasontziari eraso egin eutsien, eta hainbat tiro jaso zituan arren, babesera heltzea lortu eban Bou Gipuzkoa itsasontziak.

Geroago, Nabarra eta Donostia gerraontziakaz alkartu zan Canarias, Galdames babesten egoala. Nabarra-k frankisten itsasontzia erakarri nahi izan eban, era horretan Galdames-ek iges egin ahal izateko, baina bere menpe hartu eban Canarias-ek merkataritza itsasontzia. Momentu horretan hasi zan Nabarra eta itsasontzi frankistearen arteko burrukea.

Eusko Itsas Gudarosteko itsasontziak ez ziran burrukarako ontziak, gerrarako preparautako arrantzontziak baino. Horregaitik, Nabarra eta Canarias-en arteko burrukea azkarra izango zala pentsau eben. Edozein modutan, ordubetez eutsi eutson euskal gerraontziak erasoari. Kantauriko itsas burruka gogorrena izan zan.

Behin Nabarra menpean hartuta, hogei gudari errenditu egin ziran eta ganerakoak itsasontziagaz batera hondoratu ziran. Preso hartu zituen gudari horreek, eta gerra tribunal batek heriotza zigorra ezarri eutsen. Baina Canarias gerraontziko agintariek, eusko gudarien adorea kontuan hartu, eta euren indultua eskatu eutsien Francori.


Bizkaiko Aldundiak Euzkadiko gudontzidia Busturialdean erakusketea edegi dau Bermeon

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak Euzkadiko Gudontzidiaren sorreraren 75. urteurrenari buruzko Euzkadiko gudontzidia Busturialdean erakusketea aurkeztu eban pasa dan barikuan Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Gudontzidia Errepublikako Armadeari laguntzeko sortu zan, euskal uretan itsasoko trafikoa eta arrantza-lanak babesteko. Erakusketearen aurkezpenean Juan Azkarate be izan zan, Euzkadiko Gudontzidiko kidea izan zana.

Indar horren ekintzarik garrantzitsuena 1937ko martiaren 5ean izan zan: gudontzidiko hainbat ontzik aurre egin eutsien Canarias kurutze-ontziari Matxitxako aurrean, Baionatik etorren merkantzia-ontziari Bilbora sartzeko babesa emoteko.

Bermeon dagoan Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzaleen Museoa hasieratik ibili da alkarlanean Matxitxako Alkarteagaz hainbat jardueretan eta, batez be, ontzidi horretako bizirik urten eben kideen eta hildakoen omenez urtero egiten diran ekitaldietan. Matxitxako Alkartea Euzkadiko Gudontzidiko kideek eta euren senideek osotzen dabe.

Matxitxakoko burrukearen 75. urteurrena ospatzeko antolatu diran ekintzen artean, Arrantzaleen Museoak Euzkadiko Gudontzidiaren historia erakusten dauen erakusketea antolatu dau. Haren bidez, ontzidiaren ekintzak gogoratzen eta ontzidiko kideak omentzen dira, batez be, Busturialdeako itsas-gudariak, ontzidiko talderik jentetsuena.

Erakusketea martiaren 2tik maiatzaren 27ra bitartean egongo da ikusgai, Bermeoko Arrantzaleen Museoko aldi baterako erakusketetarako aretoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu