Euskal antzerkigintza modernoan aitzindaria izan zan Katalina Eleizegi idazlea ezagutarazo dau Amaia Alvarezek

Bizkaie! 2012-03-02 13:45   Kulturea

Idazle oparo honi merezidutako omenaldia egin deutso Amaia Alvarez filologoak, UPV/EHUn defendidu dauen tesian: 'Generoa eta nazioa Katalina Eleizegiren antzezlanetan'. Haren memoria berreskuratzea eta lana ezagutarazotea da tesiaren helburuetako bat, dino Alvarezek.

Donostiako Udalak Euskal Iztundea izeneko taldea sortu eban 1915ean, euskerazko antzerkigintza modernoaren sorburua izan zana eta Katalina Eleizegi (Donostia, 1889 – Lizarra, 1963), haren amatzat hartzen da. Idazle oparo honi merezidutako omenaldia egin deutso Amaia Alvarez filologoak, UPV/EHUn defendidu dauen tesian: 'Generoa eta nazioa Katalina Eleizegiren antzezlanetan'. Haren memoria berreskuratzea eta lana ezagutarazotea da tesiaren helburuetako bat, dino Alvarezek. Ikerketa horretan, atentzino berezia eskaini deutso Katalina Erausoren bizitzan oinarrituta idatzi eban drama historiko argitaratu bakoari: Erauso Kateriñe. Antzezlan horren edizinoa be badago irakurgai tesian.

Egitura klasikoan oinarritzen zan Eleizegi antzezlanak idazteko, hiru ataletan bereizten baitzituan, eta drama historikoa erabilten eban genero moduan. Baina jorratzen zituan gaietan ez zan bape tradizionala: gaurkotasuneko edukiak aukeratzen zituan eta personaien bitartez ekarpen handia egin eutson euskal emakumearen irudiari. Horixe da, hain zuzen, Alvarezen tesiaren ildo nagusietako bat. Bere garaiko emakume idazleek be irudikatzen zituen emakumezko personaiak eta protagonistak, baina, batez be, amaren roletik, kultura-transmisinoari lotuta, eta kristau on moduan, jakina. Eleizegirenak be kristau onak ziran, baina ez amak bakarrik. Bestelako irudi batzuk agertzen dira: emakume gazteak, adimen autonomoa eta erabagiteko ahalmena dabenak, bere desirak edo nahiak beteteko ezelako arazorik ez dabenak…, adierazo dau ikertzaileak.


Donostia

Alvarezek tesian adierazo dauenez, bi aro bereizten dira Eleizegiren ibilbidean: Donostiakoa eta Lizarrakoa, han igaro ebalako bere bizitzako bigarren erdia, ia 30 urtez, hil zan arte.

Donostiako garaikoak dira Garbiñe (1916), Loreti (1918), Gaine (1929) eta Yatsu (1934) antzezlanak. Laurak izan ziran argitaratuak, eta Gaine ez beste hirurak, antzeztuak eta sarituak be bai. Hain zuzen be, Garbiñe obrak izan eban harrerarik beroena, Eleizegiren lan guztien artean. Ikertzaileak azaldu dauen lez, arketipikoak ez diran emakumeak irudikatu zituan idatziotan: sorginak, txiroak, zaharrak, handiustekoak… Euskal emakumearen irudi tradizionala be jorratu eban, eta, holan, ikuspegi bata eta bestea kontrajarrita agiri dira haren antzezlanetan.

Dana dala, nazino-identidadearen garapenari lotuta dagoz Eleizegik aro honetan egin zituan lanak, beste ezeren gainetik. Hori dabe ezaugarri nagusi. Sabino Aranaren doktrinea sustatzen eben garaiko sortzaileek, eta berak be hori egin eban, baina modu personalago batean. Euskaldunen eskubide zapalduak defendidu zituan, batez be hizkuntzearen ikuspuntutik, adierazo dau Alvarezek.


Lizarra

Lizarrako aroan, hiru lan idatzi zituan: Brujaseko harilkia (1960), Erauso Kateriñe (1962) eta Roldan (1963, amaitu barik hil zan). Lehenengo aroko (Donostian) lanak argitaratu zituan, euskal kulturearen plazan egon zan. Baina bigarrenekoak, ez, dino ikertzaileak. Izan be, komentu batean egon zan lehenengo, eta umerik ez euken senar-emazte batzuen etxean hartu eban ostatu gero, eta ez eban bertatik ia urten be egiten. Dana dala, argitaratu ez zan arren, Erauso Kateriñe antzeztu eben, behintzat, Eleizegi hil ostean: Antzeztu zala badakigu, argazki bat dagoalako.

Lizarrako obrak askoz be lotuago dagoz genero-identidadearen gaiagaz; Erauso Kateriñe bera da horren lekuko. Izan be, haren bitartez, genero femeninoa gainditu dauen personaia irudikatu eban. Katalina Erauso protagonista moduan hautatuta, estigmaren kontra egin eban Eleizegik, Alvarezek azaldu dauenez: Euskal emakume historikoaren bestelako eredu bat aukeratu eban. Ez emakume izateko beste eredu bat bakarrik; hartu-emonak izateko beste eredu bat be bai. Egia da Eleizegiren lanetan ez dala agertzen sexualidadeari buruzko ezer, baina badakigu Katalina Erauso beste emakume batzuekaz egon zala. Eleizegik personaia hori aukeratzean, berrirakurketa bat egiten dau: jentartean txarto ikusia egoan izateko modu bat, hartu-emonak izateko modu bat, egituratu daitekeela, hain zuzen.

Horrenbestez, Erausoren personaiaren bitartez, transgenero kontzeptua mahaigaineratzen da. Hain zuzen be, horixe da Alvarezek bere tesian azpimarratu dauen puntu nagusietako bat, Eleizegik ekarpen goiztiarra egiten deutsolako transgeneroari, zoriona eta askatasuna lortzeko aukera lez planteauta: Erakutsi nahi neban aspaldi agertu zala kontu hau, eta euskal kulturan, eredu heterosexualez eta araututakoez aparte, bestelako eredu batzuk be egon dirala urtetan zehar.


Amaia Alvarez Uria

Amaia Alvarez Uria (Bilbo, 1978) Euskal Filologian lizentziaduna da, eta Literatur Zientzietan egin dau doktoregoa. Mari Jose Olaziregi Alustiza UPV/EHUko Letren Fakultadeko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakaslearen zuzendaritzapean idatzi dau tesia. Irakaslea da orain Alvarez, Gasteizko Irakasleen Unibersidade Eskolako (UPV/EHU) Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Sailean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu