Gaztelania-euskera itzultzaile automatikoa aurkeztu dau Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2012-02-29 10:30

Gaztelaniatik euskerara itzultzen dauen tresna da orain aurkeztu dana, eta herritar guztien eskura dago honezkero www.itzultzailea.euskadi.net helbidean.

Eusko Jaurlaritzeak gaztelania-euskera itzultzaile automatikoa aurkeztu dau bart Bilboko Alondigan egindako ekitaldian. Itzultzaile automatikoaren proiektua 2008an abian jarri zanetik orain arte 553.432 euro inbertidu dira; 2008an, 395.000 euro eta 2011n, 158.432 euro. Gaztelaniatik euskerara itzultzen dauen tresna da orain aurkeztu dana, eta herritar guztien eskura dago honezkero www.itzultzailea.euskadi.net helbidean.

Hedabideen aurrean agertu dira Blanca Urgell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Juan Alberto Alonso Lucy Software Ibérica itzultzaile automatikoaren garapenaz arduratu dan Bartzelonako enpresaren zuzendaria itzultzailearen barri emoteko. Patxi Lopez lehendakariak be parte hartu dau gizartearen aurrean egindako itzultzaile automatikoaren aurkezpen-ekitaldian.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak orain aurkeztu dauen itzultzaile automatikoa urteetan egindako lan luzearen emoitzea da, baina azkenean proiektua gauzatu ahal izan da.

2011. urtea erabagigarria izan da proiektua gauzatzeko garaian; izan be, 2011n bultzada handia emon jakon itzulpen automatikoaren arloari. Blanca Urgellek adierazo dauenez, Eusko Jaurlaritzeak itzulpen automatikoa eremu estrategikotzat jo eban igaz eta, hori dala eta, 1.600.000 euro inguru inbertidu zituan lan garrantzitsu batzuk abian jarteko, bi itzulpen-noranzko barri gehitzeko oraingo sistemeari: euskera-gaztelaniara eta ingelesa-euskera, eta baita Itzulpen-memorien Banku Publikoa be.

Bart aurkeztutakoa testu labur orokorrak itzultzeko tresna lagungarria izango da eta, horrezaz gan, webguneak be itzultzen ditu eta bertan nabigau ahala itzuli egiten dau.

Dokumentu luzeagoak be itzuliko ditu, baina funtzionaltasun hori Eusko Jaurlaritzako intranetean bakarrik erabiliko da. Horren arrazoia da Jaurlaritzan egiten diran itzulpenak egiteko erabiliko dala, baina modu kontrolatuan, hau da, beti zuzenduko dira makinak egindako itzulpenak eta, zuzenketa horreei esker, sistemea zuzendu eta hobetuko da. Tresna gero eta gehiago erabili ezkero, itzulpenaren kalidadea hobetzen joango da. Epe labur-ertainean Interneten jarri dan itzulpen-mugea (1.024 karaktere) handitzea espero da. Horregaz eta sistemeak onartzen dituan itzulpen-memoriakaz, laster, sistemea asko hobetzea espero da.

Lucy Software enpresa alemanaren Bartzelonako filialak egin dau tresna hau. Eusko Jaurlaritzeak enpresa horri esleitu eutson, lehiaketa publikoaren bidez, itzultzailea garatzeko kontratua. Itzulpen automatikoko sistema hau ordenagailu programa bat da, testuak gaztelaniatik euskerara itzultzen laguntzen dauena. Itzulpen automatikoko beste edozein sistema lez, laguntza-tresnea da eta ezin dau ezelan be giza itzultzailea ordezkatu.

Askotan, euskerazko itzulpena zuzena izango da, edo ia zuzena, estilo kontuak alde batera itxita; beste batzuetan, ostera, euskerara egindako itzulpena zati batean bakarrik izango da zuzena. Hori ezinbestean da holan, itzulpen automatikoaren arloan teknologiaren egoerea ikusita. Kontuan izan behar da itzulpen automatikoko programa batek ez dauela ulertzen itzultzen dagoana -gizakiak egiten dauen moduan- eta egiten dauena esaldien itzulpen mekanikoa dala. Laguntza-tresna bat izanik, holan erabili behar da.

Beraz, behar-beharrezkoa da aintzat hartzea itzultzaile automatikoak euskerara emondako itzulpena erabili nahi bada aurkeztu edo argitaratu nahi dan dokumentu edo testuren batean sartzeko, ezinbestekoa dala aldez aurretik itzulpen hori giza itzultzaile batek aztertzea eta zuzentzea.

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordearen eretxiz, 'ahalik eta euskerazko itzulpen zuzenena lortzeko oso garrantzitsua da gaztelaniazko testua ondo idatzita egotea: akats ortografikorik barik, azentuak zuzen ezarrita eta puntuazino markak egoki erabilita; gainera, sintaxia zuzena eta ez oso konplexua izan behar da. Bestalde, erabiltzaileak erakutsi aukerak laukitxoa markau leike, sistemeak zenbait berba itzultzeko dituan aukerak ikusteko'.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak aurrerantzean lanean jarraituko dau gaztelania-euskera itzultzaile automatikoa hobetzen. 'Momentu honetan euskera-gaztelania eta ingelesa-euskera itzulpen-noranzkoetan lan egiten dagozala eta, beraz, 2013ko udarako prest egotea aurreikusten da', adierazo dau Auzmendik. 'Helburua da itzulpen automatikoaren sistema integral on bat izatea, eta hori gertatuko da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzea orain be lantzen dagoan Itzulpen-memorien Banku Publikoagaz loturea egiten danean', azpimarratu dau sailburuordeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu