Kazetarien akabua Chittagonen dago
2012-02-28 14:01 BidaideBagenkian arriskutsua izango zala. Baina, Chittagoneraino horretarako bakar-bakarrik joan ostean, inork ez eukan bueltan joateko asmorik. Itsasontzi erraldoiak zatitzen dituen milaka behargin ia esklabuak ze baldintzatan bizi diran erakutsi gura genduan.
Bagenkian arriskutsua izango zala. Mafiek ez dabe gura kazetari kanpotarrak euren negozio lohietan sartzea. Ganera, bagenkian azkenengo hileetan inork ez ebala lortu kontu horretan sartzea. Duda barik, atrapau ezkero, ezin esan gure alde ez genkianik nora ginoiazan.
Chittagoneraino horretarako bakar-bakarrik joan ostean, inork ez eukan bueltan joateko asmorik. Izan be, hegaldia ondo ordainduta egoan, eta benetan be ausarta izan behar da Biman Bangladesh Airlines konpainiako Fokker F-28 hegazkinean bidaiatzeko. Be a Man Airlines-eko Fucker 28 be deitzen dabe, atara kontuak. Larrialdietarako atea ikusi ebanean, neugaz etorren Miguel Candela argazkilaria martxan ospa egitekotan egon zan.
Beraz, ez geunkan beste aukerarik. Itsasontzi erraldoiak zatitzen dituen milaka behargin ia esklabuak ze baldintzatan bizi diran erakutsi gura genduan. Munduko edozein bazterretatik ailegetan dira bertaraino ontziak. Industria honek ingurumenean dituan ondorio ikaragarriak be azaldu nahi genduzan. Pertsona gitxi batzuentzat diru iturri handia da, miloeka dolar irabazten ditue. Eta, Bangladeshen bertan erabilten dan altzairuaren iturri garrantzitsuena be bada. Gure helburua lortzeko bertako aktibista edo ekintzaile bat geunkan lagun.
Eguna goiz hasi genduan, baikortasunez. Motordun trikiziklo suizida baten atzealdeko kaiola sartu ginan, ‘auto-rickshaw’ esanten deutse holango ibilgailuei. Kostalderantz abiatu ginan, han 30 kilometroko lerroan ehun arrantzale herri baino gehiago desagertu dira. Txatarrea bihurtzen diran itsasontzi erraldoietako petroleioak iruntsi ditu herritxuak.
Itsasontziak itzelak ziran, ezinezkoa zan inon ostendutea. Hondartzak baltz-baltzak ziran. Barkuak txikituten dabilzan beharginek nagusia handik dabilela inoskuen, hasieran irribarrez, bekoki ilunekaz ostean. Azkenenan, etorritako lekutik joateko eskatu euskuen, keinuka. Miguel ez egoan konforme, ez eukan teleobjetibo onik. Gehiago hurreratu behar gara, itsasontzia barrutik zelan txikertuten daben ikusteko, inoen purrustadaka. Gogoz kontra bada be, gure gidariak azkenean bertaraino geroazan.
Auto-ricshawan saltu-saltuka, herri txiki batera ailegau ginan, estu eta luzea zan herria; lupetzez betetako kalearen alde bietan etxe itxurako ilara bana, besterik ez. Kalea itsasoan bertan amaitzen zan. Eta han kargaontzi ikaragarri bi, gerrialdetik ebagita. Delituaren probea, gure kemenaren emoitzea.
Baina orgasmora ailegau orduko, deadarka hasi jakuzan. Aurrez-aurrez, itsasontzi txikitzaileak eta negozioko mafiaburuak geunkazan, aitzen ez genduan hizkuntzan txilioka. Euren atzean, ume bildurgarri talde bat eta gaizkile bihurtutako arrantzaleek handik iges egiteko aukera barik itxi gintuen.
Zer egiten dozue hemen? Zertarako zabilzie argazkia ataraten? Norentzat egiten dozue behar? Itaun bakotxaren ostean hamar zentimetro txikitu ginan hirurok. Gure fixer-a egoan okerren, estuen, haren izerdo hotzak ez eukan gauza onik. Miguel argazki guztiak ezabatu zituan, eta neuk be plantak egin nituan. Bengalako gizona bertakoei begira egoanez, Miguel eta biok, koldar hutsak, trizikloaren bila hasi ginan, handik zenbat arinen ospa egiteko.
Baina, umeak ikusi egin gintuen, eta benetan be gaiztoak ziran gero! Banbu edo indikainaberazko zubi baten atrapatu gintuen, jausi barik ibiltea hain gatxa dan zubi horretako baten, hain zuzen be. Ia-ia behearen ganera joan nintzan. Eskerrak gaztetxu batek ume demoninoak geldiarazo zituala, argazki-ekipoa neroian motxilea edegi barri eben eta. Esprintean auto-rickshawara ailegau ginan, eta bat-batean, kaiolea munduko lekurik onena begitandu jaku. Isil-isilik itxaron genduan.
Handik gitxira interpretea etorri zan, zuri-zuri, dardarka, eta mafia bengaliarra atzean daukala. Goazen, goazen!. Ia 20 kilometro orduko, ibilgailua hegan doala emoten eban. Bildur naz, telefonoa eskatu deustie eta nire helbidea dauke. Bueno, lasai, ez da ezebe pasauko. Eta zein hoteletan zagozen esan beharra euki dot. Ai, ene! Zer? Zelan? Baina, zelan otu jatzu? Ez dot beste aukerarik izan, baina ez dakie zein gelatan zagozien. Eskerrak! Mesedez, deitu hotelera, atoan, ospa egin gura dogu. Ez arduratzeko dinoe, segurtasun handiagoa ipiniko dabela. Jakina, zer esango dabe, ba?! Hotelera ailegau, eta han bost morroi, armaz josita, irrbartsu hartu gintuen. Hemendik ez da inor pasauko geuk esan barik. Eraginkortasun bengaliarra.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!