'Egungo euskal ipuingintzaren historia' liburua aurkeztu dabe Bilbon
2012-02-27 14:43 KultureaEuskal literaturan gaurko ipuin garaikidea genero berantiarra izan bada be arin batean garatu da eta euskerazko narratibearen lorpen nagusietako batzuk genero honen eskutik etorri dira, azaldu dau Alvaro Rabelli liburuaren zuzendariak.
UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu dau Egungo euskal Ipuingintzaren historia Euskal Literatura Sailaren barruan. Gaur aroko Euskal Literaturearen Historia osotu nahi duen proiektu handiago eta zabalago baten parte da, Jon Kortazar UPV/EHUko katedradun eta idazleak zuzentzen dauen bildumako zortzigarren alea, hain zuzen be.
Euskal literaturan gaurko ipuin garaikidea genero berantiarra izan bada be arin batean garatu da eta euskerazko narratibearen lorpen nagusietako batzuk genero honen eskutik etorri dira, azaldu dau Alvaro Rabelli liburuaren zuzendariak. Rabelligaz batera, liburu honen egileak dira baita be Iñaki Aldekoa, Ur Apalategi, Miren Billelabeitia, Ibon Egaña, Jon Kortazar, Iratxe Retolaza eta Francisco Javier Rojo Cobos. Lan honek euskal ipuingintzearen garapena, hasieratik gaur arte; ipuin teoriak genero berezi honetaz esandakoak eta 1983tik 2003ra produzidutako 21 ipuin-libururen gaineko artikulu sorta batzen ditu.
Egungo euskal ipuingintzaren historia honetan aztertzen diran idazle eta euren lanak honakoak dira: Joseba Sarrionandia (Narrazioak); Joxemari Iturralde (Dudular); Inazio Mujika Iraola (Azukrea belazeetan); Koldo Izagirre (Mendekuak); Edorta Jimenez (Atoiuntzia); Juan Gartzia (Itzalen itzal); Pello Lizarralde (Sargori); Pako Aristi (Auto-stopeko ipuinak); Mikel Hernandez Abaitua (Bazko arrautzak); Arantxa Iturbe (Lehenago zen berandu); Anjel Lertxundi (Piztiaren izena); Patxi Iturregi (Haize kontra); Xabier Montoia (Gasteizko hondartzak); Bernardo Atxaga (Obabakoak); Harkaitz Cano (Telefono kaiolatua); Jose Luis Otamendi (Euri kontuak); Javier Cillero (Hollywood eta biok); Karlos Linazasoro (Ez balego mundurik); Iban Zaldua (Traizioak); Itziar Rozas (Sartu, korrontea dabil) eta Jokin Muñoz (Bizia lo).
Alearen zuzendariaren eretxiz, genero honen garrantziaren erakusgai da, euskal ipuina eleberria baino pluralago agertu dala, bai ahotsetan, bai gaietan, bai estetiketan. Bide batez, liburu honegaz genero honen autonomia, eleberriagazkoa batez be eta balioa aldarrikatu nahi izan ditu Rabellik, ipuina bigarren mailako generoa dala aldarrikatzen dauen ikuspegi oker horretatik iges eginda.
Aukeratutako tartea (1983-2003) ikertzeari emon deutsien lehentasunaren arrazoiari jagokonez, honakoa aitatu dau Rabellik: Esan daigun euskal literatura literatur sistema konbentzional moduan eratzen 80ko hamarkadan hasi zala; eta ipuingintzeari dagokionean, 1983. urtea ezinbestekoa da, ordura arte genero honetan ezagutu ez zan eztandea gertatu zalako, bai argitalpen kopuru aldetik, bai kalidadeagatik eta bai generoak izan eban babesagaitik. Gainera, urte honetakoa da, besteak beste, mugarritzat hartu daitekeen Sarrionandiaren 'Narrazioak'.
Iurretako idazlearen lanagaz batera Iraolaren Azukre belazeetan (1987) Atxagaren Obabakoak (1988), Montoiaren Gasteizko hondartzak (1997) eta Zalduaren Traizioak (2001) azpimarratzen ditu mugarri lez Rabellik. Zeozelan, liburuok 20 urte horreetako euskal ipuinaren ezaugarri nagusiak batzen ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!