Fredi Paia eta Pedro Zabalza, IX. Café Bar Bilbao Teatro Laburreko Sariaren irabazleak
2012-02-14 14:04 KultureaFredi Paiaren Hartu ez nuen deia eta Pedro Zabalzaren Ochomil lanak dira IX. Café Bar Bilbao Teatro Laburreko Sariaren irabazleak. Bilboko Plaza Barriko Café Bar Bilbaok antolatzen dau sariketea, Tartean antzerki taldearen eta Artez argitaletxearen laguntzinoagaz.
Fredi Paiaren Hartu ez nuen deia eta Pedro Zabalzaren Ochomil lanak dira IX. Café Bar Bilbao Teatro Laburreko Sariaren irabazleak. Bilboko Plaza Barriko Café Bar Bilbaok antolatzen dau sariketea, Tartean antzerki taldearen eta Artez argitaletxearen laguntzinoagaz. Kafetegian egin dabe prentsaurrekoa, Mikel Martinez sariketearen antolatzailea bertan izan da.
Aurten, danetara 36 lan jaso ditue IX. Café Bar Bilbao Teatro Laburreko Sarian; 30, gaztelaniaz, eta ganerako 6rak, euskeraz. Oso pozik gagoz parte-hartzeagaz, batez be euskerazkoekaz. Ez da erraza, esan dau Mikel Martinezek. Euskerazko saria 1.400 eurokoa da, eta gaztelaniazkoa, 1.200 eurokoa. Horrezaz gan, saritutako testuak Café Bar Bilbaoren webgunean ipiniko ditue irakurgai.
Aurreko edizinoetako lanak lez, honek be Artez argitaletxeak kaleratuko dituela azaldu dau Matinezek. Igaz, orain arte saria jaso daben euskerazko zein gaztelaniazko antzezlan guztiak argitaratu ziran. Urtero ez bada be, urte birik behin-edo saritutako testuak argitaratzeko asmoa daukagu.
Fredi Paia Ruiz (Getxo, 1981) bertsolari eta etnografoak idatzitako lehenengo antzezlana da Hartu ez nuen deia. Maite dan personea hilten danean, agurtzeak daukan garrantzia azaltzen dau. Istorioko protagonista guztiek dauke euren etorkizunaren barri; aitak semeari deitzen deutso handik egun bira hilko dala esateko. Egileak berak bizi izandako jazoerea dago oinarrian. Udan pasautako gauza batek bultzatu eustan. San Lorentzo azokan nengoen, aita deitu eustan baina ez neban deia hartu. Handik egun bira hil zan, gogoratu dau Paiak. Aita hil ostean, Café Bar Bilbao antolatutako sariketearen barri jaso eban. Aita eta biok Bilbon lotzen ginanean, hona etorten ginan, bazkaltzen edo kafe bat hartzen -azaldu dau- Ez dot uste kasualidadeak existiduten diranik.
Pedro Zabalza Lopez (Iruñea, 1970) kazetaritzan lizentziaduna da eta erizaina lanbidez. Diario de Noticias de Navarra egunkarian antzerki kritikak idazten ditu. Iruñeko Gaiarren antzokian Lazos familiares eta Virtual anak estreinau ditu. Ochomil Himalayako mendi batean gertatzen da, mendi-erreskate baten inguruan. Lekua atxakia bat da, gizakion sentimenduen ganean barba egiteko atxakia. Protagonisteak lehendik ezagutzen eban neska bat erreskatau behar dau mendian, aurreratu dau Zabalzak.
Bai Paiak bai Zabalzak sariketeak emondako aukerea eskertu dabe. Gaur egungo egoeran, honeek lako erakunde pribadu txikiek holango proiektuak bultzatzea heroikoa da nire ustez, nabarmendu dau Zabalzak. Paiaren eritxiz, moeta honetako pizgarriak sano garrantzitsuak dira, batez be zabalkundea daukelako.
Café Bar Bilbaok saritutako lanen irakurketa dramatizauak egin izan ditu, eta aurten be egitekoa asmoa dauka, Mikel Martinezek esan dauenez. Orain arte, irakurketez gan, saria jaso daben ondoko lanak taularatu dira: Eztenbako trikuak, Galder Perez; Sexua.org.asmoa, Kepa Gallego; Morrison eta Garzia. Kultoko antzezlana, Jon Urraza Intxausti; eta, Herioi heroi, Oier Guillan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!