'Oroimenaren topografiak', argazkilaritza garaikidearen azken hamarkadak 70 iruditan
2012-02-01 14:03 KultureaOroimenaren topografiak erakusketeak punta-puntako 34 argazkilari garaikideren 70 lanetik gora batu ditu Bilboko Alondigan. Argazkiak Ordóñez Falcón Argazkien Bilduman egindako hautaketea da. Erakusketea Tenerife Espacio de las Artes (TEA) eta Alondigearen arteko lankidetzea da.
Oroimenaren topografiak erakusketeak punta-puntako 34 argazkilari garaikideren 70 lanetik gora batu ditu Bilboko Alondigan. Argazkiak Ordóñez Falcón Argazkien Bilduman egindako hautaketea da. Erakusketea Tenerife Espacio de las Artes (TEA) eta Alondigearen arteko lankidetzea da. Apirilaren 15era arte izango da ikusgai. Aurkezpenean, Marian Egaña Alondigako arduraduna, Carles Guerra Bartzelonako Arte Garaikideko Museoaren kontserbadorea eta erakusketearen komisarioa eta Enrique Ordóñez Ordóñez Falcón argazki-bildumearen jaubea izan dira.
Argazkilaritzearen azken 30 urteotako ibilbidea ezagutzeko erakusketa aproposa da Oroimenaren topografiak. Marian Egañak adierazo dauenez, paradigma aldaketearen lekuko dira, argazkia dokumentu izatetik sorkuntza artistiko izatera pasau zanekoa. Egile ezagun-ezagunen lanak dagoz ikusgai, besteak beste, Mark Lewis, Riuchard Prince, Brassaï, Thomas Ruff, Gabriel Orozco, Dan Graham, Wolfang Tillmans, Dorothea Lange, Xavier Ribas eta Allan Sekularenak. Enrique Ordóñezek nabarmendu dauenez, argazkilaritzearen historiaren ikonoak dira" Argazkietako batzuk, ganera, lehenengo aldiz erakutsiko ditue. Lanen artean, Gabriele Basilicoren Bilbao (1993) dago.
Alondigako hiru aretotan banatutako irudien bidez, argazkiek lekuak erakusteaz gan, lekuak sortu egiten dituela konturatuko da ikuslea, Carles Guerra komisarioaren eritxiz. Argazkilaritzeak aspaldi itxi eutson inozoa izateari, gaur egun gobernuek eta komunikbideek, berbarako, irudiak erabili egiten ditue. Errealidadeak sortzeko mekanismo bihurtu da, azaldu dau Guerrak. Argazkiak tresna bihurtu dira, ganeratu dau.
Azkenengo hamarkadetan, teknologia barrien eraginez, mobimentia dauken eta ez dauken irudien arteko aldea desagertu egin da, Guerrak azpimarratu dauenez. Horregaitik, Mark Lewisen Centrale (1994) bideosormenak leku berezia dauka erakusketan. Kamera finko batek kalean pasetan dana grabetan dau, taberna bateko leihotik.
Bilboko Alondigan ikusgai izan ostean, Tenerifeko TEA museoan edegiko dabe, garagarrilaren 1ean.
Argazki guztien eta egileen ganeko informazino osoa Alondigearen webgunean dago.
Erakusketeagaz batera, tailer bi antolatu ditu Alondigeak: zezeilean, argazkigintza analogikoari buruzkoa familiartean egitekoa, eta bestea, martian, profesionalentzat, Xabier Ribas eta Txema Onzainen eskutik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!