'Ispilua alderantziz, La Caixa Fundazioaren eta MACBAren bildumen artea' aurkeztu dabe gaur

Bizkaie! 2012-01-30 14:05   Kulturea

Guggenheim Bilbao Museoan, 2012ko urtarrilaren 31tik irailaren 2ra ikusgai izango dan erakusketea aurkeztu dabe gaur. Bi erakunde horreen funtsen aukeraketa bat da: XX. mendearen bigarren erditik egundainoko lanak hautatu dira, garai horretako arte-mobimentu eta joera nagusienetakoak, besteak beste, Dau al Set eta El Paso taldeak eta Vancouver-eko eta Düsseldorf-eko Eskolak egindakoak.

Guggenheim Bilbao Museoan, 2012ko urtarrilaren 31tik irailaren 2ra ikusgai izango dan erakusketea aurkeztu dabe gaur. Bi erakunde horreen funtsen aukeraketa bat da: XX. mendearen bigarren erditik egundainoko lanak hautatu dira, garai horretako arte-mobimentu eta joera nagusienetakoak, besteak beste, Dau al Set eta El Paso taldeak eta Vancouver-eko eta Düsseldorf-eko Eskolak egindakoak.

Hirugarren pisuan jarri ditue 52 artistaren 93 artelan, eta ibilbide horretan askotariko baliabideak ikusgai jarri dira: argazkigintzea, bideoa eta formatu handiko eskulturea dira nagusi. Erakusketea La Caixa Fundazinoaren eta MACBAren bildumen arteko aldeen eta antzekotasunen inguruan taiutu da; era berean, bilduma bi horreek sakonean aztertzen dituen arte-mobimentuak laburbatzen dira, esaterako, Espainian Informalismoa hastea eta objektibotasuna egungo argazkigintzan joera lez finkatzea.

Erakusketearen izenburuaren jatorria ikusgai dagoan Michelangelo Pistolettoren Ispiluaren arkitektura artelanean dago. Ispiluaren irudia hautatu da edozein arte-bilduma sortzean eta osotzean batzea, transferentzia eta interferentzia prozesuak gertatzen baitira, eta ispilua horrexen metafora baita. Izan be, erakusketeak arte garaikidearen bi bildumen oinarria azpimarratzen dau. Europako arte garaikide bilduma garrantzitsuenetakoak dira eta Bartzelonan dabe egoitza; lehen aldiz alkarregaz ikusgai jarri dira egoitza horreetatik kanpo, 2010ean sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker.

Komisarioa Álvaro Rodríguez Fominaya da, Arte Arduraduna New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en, eta ikusgai jarri ditu argazkiak, pinturak, argitalpenak, eskulturak, instalazinoak eta bideoak, 52 artistarenak, besteak beste, ondokoenak: Antoni Tàpies, Sigmar Polke, Julian Schnabel, Jeff Wall, Martha Rosler, Michelangelo Pistolletto, Thomas Ruff, Gillian Wearing, Bruce Nauman, Andreas Gursky, Martin Chirino eta Antonio Saura.

Kontuak kontu, hirugarren pisuko 2.000 metro koadroetan La Caixa Fundazinoaren eta MACBAren bildumen ehun bat lan antolatu ditue, sei ataletan: Dau Al Set/El Paso; Funtzioa eta birsorkuntza argazkigintzan: Landschaft; Funtzioa eta birsorkuntza argazkigintzan: nia eta bestea; Performancearen mugak; Ispilua alderantziz; eta Arintasuna, grabitatea eta beste hainbat ezinezko.

Azken buruan, erakusketearen harian, Guggenheim Bilbao Museoak Álvaro Rodríguez Fominayaren berbaldia antolatu dau. Bertan, komisarioak erakusketearen eta La Caixa Fundazinoaren eta MACBA bildumen inguruan egingo dau berba. Hitzordua zezeilaren 1ean, Zero Espazioan (40 lagun gehienez), arratsaldeko zazpiretan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu