Geldiro-geldiro, ailegau da ekoturismoa Txinara
2012-01-30 11:40 BidaideLehen japoniarrak ziran turismo masiboaren paradigmea, baina orain txinatarrak dira nagusi. Hazkunde ekonomikoak eta azpiegituren ugaltze itzelak turista talde ikaragarriak eroan ditu Txinako bazter guztietara. Turistok ez dabe ingurumena eta bertako kulturearenganako errespeturik. Badira salbuespenak, Jiuzhai-ko parke naturala, esaterako.
Lehen japoniarrak ziran turismo masibo eta prisaz egindakoaren paradigmea, baina orain txinatarrak nagusi dira turismo mota horretan. Baina, bada alde nabarmena: txinatarren kopurua japoniarrena baino hamar aldiz handiagoa da. Hazkunde ekonomikoak eta azpiegituren ugaltze itzelak turista talde ikaragarriak eroan ditu Txinako bazter guztietara. Turistok ez dabe ingurumena eta bertako kulturearenganako errespeturik. Turismo jasangarrian beharrean dabilzanek esaten dabenez, txinatarren tourrak pasetan diran lekutik ez da bedarrik hazten.
Baina, ez da gauza bera pasetan leku guztietan. Badira jagondako tokiak be. Jiuzhai-ko parke naturala horreetakoa da. Munduko paraje ederrenetakoa da, Unescok Gizateriaren Ondare izentau eban 1992an; eta ekosistema berezia eta ia ezezaguna (300 espezie) dauka 720 kilometro koadroko azaleran. Ezinezkoa da jenteak txikitatik entzun dauan leku baten ganean jakin-minik ez izatea, baina ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izatea lortu geinke, azaltzen dau Kieran Fitzgeraldek, parkeko Turismo Jasangarriaren aholkulariak.
Dana dala, ez da lar be igarten.Turistez ganezka datozan autobus txiki ugari ikusten dira, danak argazki-kamarak aldean, eta gidariaren atzetik ardiak artzainaren atzetik lez. Laku urdin-urdinen eta ur-jauzi ederren aurrean, garaipenaren keinua eginez argazkiak ataratea besterik ez dauke buruan turista txinatarrek. Baina, euren atzetik joan ezkero, konturatuko gara turismo jasangarriaren aldeko makina bat erabagi hartu dituela parke honetan.
Izan be, leku ezagunenen ganean pasabidez osotutako ibilbideak dagoz, turista artaldeak eta megafonodun artzainak ez daitezan han eta hemen sakabanatu. Ganera, ezin daiteke norberaren autoagaz joan, derrigorrez erabili behar dira parkeko autobusak. Gasolioagaz funtzionaten dabe atobusek -elektrikoek ezingo leukie-eta parkeko aldatz luzeak igon- baina sarritan garbitzen ditue, ahal danik eta gitxien kutsatzeko. Horrezaz gan, 106 kilometro koadro besterik ez dagoz edegita bisitarientzat, eta 56 kilometroko ibilbidea dauke aukeran. Egunero, gehienez, 20.000 lagun sartu daitekez parkean.
Halanda be, Fitzgeralden eritxiz, jente lar da, eta udan eta jaiegunetan (urriaren 1eko jai nazionalean) bisitari gehiago sartzen dirala autortzen dau. Ingurumenean kalte txikia eragitea ez da benetako helburua, izan be euren asmoa bidaiari txinatarrengan ardura ekologikoa sortzea da. Horregaitik, irlandar gazte honen taldeak Jiuzhai-ko Ekoturismo programea abiatu eban 2009an.
Ez da lan erraza izan. Txinan ekoturismoa zer dan be ez dakielako kontratau ninduen. Danek gura dabe ekoturismoa garatu, baina ez dakie zelan egin, dino Fitzgeraldek. Gobernua ez dago guztiz konforme. Bisitari bakotxeko lortzen daben etekina hartzen dabe kontutan, eta ekoturismoan horrek ez dauka horrenbesteko garrantzirik. Ganera, txinatar turistak oraindino ez dagoz ohituta ibilbide luzetxuak oinez egiten. Asko baserri inguruan jaiotakoak dira, leku nahiko pobreetan gehienak; momentu honetan nahi daben gauza bakarra erosotasunez bidaiatzea da, ahalik eta leku gehien ikustea ahalik eta denpora gitxienean, opor asko be ez daukez eta. Ez jake gustetan mendiko herritxuetatik orduak eta orduak oinez emotea, euren jatorria gogorarazoten deutse eta.
Horregaitik, eta merkea be ez danez -egun bat, 40 euro; gau bi eta gau bat, 75 euro; hiru egun eta akanpetako gau bi, 130 euro- momentuz emoitzak ez dira bolanderak botateko modukoak. 2009an 88 turistek hartu eben parte ekoturismo programan, eta 2011n 400 lagun euki doguz. Kontua da parkeak 3.000 pertsona hartu leikezala. Eta datozen gehienak kanpokoak dira.
Apurka-apurka turismo alternatiboaren kulturea zabaltzen dabil gazte txinatarren artean, batez be uri handietako unibersidade-ikasleen artean. Naturea eta kulturea gustuko ditue, baina oraindino gehienek gurago dabe argazkia atara eta lagunei esan han egon dirala, azaltzen dau Gao Miaomiao Hebei eskualdeko gazteak. Neskeak lau egun emon ditu Jiuzhaiko parajeak oinez ezagutzen, eta parke inguruko herritxuetan be izan da.
Herrietan nabarmen igarten da turismo masiboaren eragina. Parkea babestutako lekua da, baina hemendik kanpo egoerea bestelakoa da, onartzen dau Fitzgeraldek. Azkenengo urteetan hamar aldiz turista gehiago dator euren autoetan Chengdutik, Sichuan eskualdeko uriburutik. Eta aireportu barriak izandako eragina be kontuan hartzekoa da. Sarritan Jiuzhaigou-ko 25.000 oheak konturatu orduko beteten dira. Hori dala eta, urian etxeak neurri barik eregiten hasi dira. Ez dago kontrolik, igaz egurrezko azkenengo etxe biak bota zituen. Hondakinen tratamendua sano txarra da, ganera. Parke kanpoko ekosistemea arriskuan dago, eta tibetar kulturea bere bai.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!