Kepa Murua eta Jose Ibarrola protagonista Eztabaidak Literatureagaz ekimenean

Bizkaie! 2012-01-20 15:44   Kulturea

2007. urtearen hasieran, Eztabaidak literatureagaz izenekoak martxan jarri ziranetik, 80 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 6.000 persona baino gehiago hurreratu dira. Denporaldi barriko lehen hitzordu horretarako, sarritan alkarren ondoan dagozan bi esparruren arteko alkarrizketa proposatzen da, literaturearen eta artearen arteko alkarrizketea, hain zuzen be.

Eztabaidak literatureagaz, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz, jentaurreko alkarrizketearen bitartez idazleakana hurreratzea proposatzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, bere bosgarren denporaldia hasiko dau datorren martitzenean, urtarrilaren 24an, Kepa Murua idazlea eta José Ibarrola eskultore, margolari eta ilustratzailea alkartuko dituan ekitaldian.

Alkarrizketak hilero egiten dira, martitzenez, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek ekitaldiaren aurkezle eta gidari lanak egiten ditu. Oraingo honetan Fernando Golvano arte kritikaria eta UPV/EHU-ko irakaslea izango da moderatzailea.

2007. urtearen hasieran, Eztabaidak literatureagaz izenekoak martxan jarri ziranetik, 80 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 6.000 persona baino gehiago hurreratu dira. Denporaldi barriko lehen hitzordu horretarako, sarritan alkarren ondoan dagozan bi esparruren arteko alkarrizketa proposatzen da, literaturearen eta artearen arteko alkarrizketea, hain zuzen be. Eta lotura horretan sakontzeko, ikus-entzuleen aurrean, poesiaren eta artearen alorretako bi euskal erreferente jesarriko dira, Kepa Murua eta José Ibarrola, hain zuzen be.

1972an taldekako arte erakusketa batean lehen aldiz parte hartu ebanetik, José Ibarrola (Bilbo, 1955) eskultore, margolari eta ilustratzailearen karrerak hainbat bide egin ditu. 1974an Ikutze taldea sortu eban, beste artista batzuekaz batera, eta erakusketa lan handia egin eban. Ordutik aurrera, hainbat erakundetan eta galerietan egin ditu erakusketak eta bere artelanak erakunde edo galeria horreetan ikus daitekez, banakako zein taldekako erakusketetan. Komiki albumak be argitaratu ditu, Orfeo, Compañía Monteverdi, La Piedra Dormida, Alfil Negro eta Cuando canta la Serpiente, besteak beste. Margolari eta ilustratzaile lanak eszenografo lanakaz buztartzen ditu eta, horrezaz gan, antzerki, zine edo telebistarako arte zuzendari lez be ibili izan da, 70 ikuskizun baino gehiagotan.

Kepa Muruari (Zarautz, 1962) jagokonez, Abstemio de honores, Cavando la tierra con tus sueños, Siempre conté diez y nunca apareciste, Un lugar por nosotros, Cardiolemas, Las manos en alto, Cantos del dios oscuro eta No es nada poesia liburuak idatzi ditu. Horrezaz gan, zenbait saiakera lan eta artista lan be argitaratu ditu, eta horreen artean, Jabier Herreroren grabatuakaz argitaratutako Cuando cierras los ojos, AFC Mintxoren irudiakaz kaleratutako Poemas del caminante azpimarra daitekez. Luke literatura aldizkari birtuala zuzentzen dau.

Fernando Golvano arte kritikaria eta erakusketa komisarioa, UPV/EH-ko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko Arteen Estetika eta Teoria irakasle da. 60ko eta 70eko hamarkadetako arte abangoardiak, memoriaren poetikak/politikak, artea, natura eta esfera publikoa, arteak eta demokrazia eta Cornelius Castoriadisen filosofia aztertu eta hareei buruzko lanak argitaratu ditu. Arte kritikari lanean dabil nazinoarteko Exitexpress eta Exitbook aldizkarietan.


Bosgarren edizinoa

2007ko urtarrilean Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko era barria izan da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu