Txinak auto elektrikoen alde egin dau
2012-01-11 14:18 BidaideLehenengo begiratuan, Txina ekologismoaren antitesia da. Munduan gehien kutsatzen dauen herrialdeak gero eta ke gehiago botaten dau. Kutsadurearen ondorioen inguruko eztabaidea zabaldu da oraintsu Txinan. Egoerea larria dala konturatu dira batzuk, ezin dala larregi luzatu. Hori dala eta, Shanghaik uri elektriko bihurtzeko lehenengo pausuak emon ditu.
Lehenengo begiratuan, Txina ekologismoaren antitesia da. Munduan gehien kutsatzen dauen herrialdeak gero eta ke gehiago botaten dau. Krisi ekonomikoa mundu osora zabaldu arren, Txinako hazkunde ekonomikoak gora eta gora egiten dau -aurten % 9 baino gehiago izan dala dinoe-, energiaren kontsumoa ikaragarri hazi da -2010ean, % 5,9 igon zan, 3.250 ikatz tona beste, eta 2035ean AEBak baino % 68 gehiago beharko dau-, eta autoen salmenta onak pozarren ditu multinazional handiak. Baina, asfalto ganean irudia ez da hain polita, uri nagusienek kutsadura kronikoa daukie. Kutsadurea sano handia da; horregaitik, kutsadurearen ondorioen inguruko eztabaidea zabaldu da Txinan. Izan be, birikietako minbiziak nabarmen egin dau gora, eta herritarrak Gobernuak kutsadurea neurtzeko daukan moduekaz ez dago konforme, ez ditu-eta kontuan hartzen partikula txikienak eta kaltegarrienak.
Egoerea larria dala konturatu dira batzuk, ezin dala larregi luzatu. Hori dala eta, Shanghaik uri elektriko bihurtzeko lehenengo pausuak emon ditu. Ekimenaren helburua herritarren artean auto garbien erabilerea bultzatzea da, eta azpiegitura egokiak eregitea, erregai fosilekaz dabilzan ibilgailuak besteko erakargarriak izateko. Horretarako, 2012ko amaitu orduko 13.000 lekutan autoak kargetako zerbitzua ipiniko dabe martxan, 10.000 ibilgailu elektriko edo hibridok erabilteko. Gaur egun, Jiading barrutiko 463 km. koadrotik 100 prest dagoz auto berdeak funzionau ahal izateko.
Badakigu arrakastea izateko, oinarrizko hiru baldintza dagozala: Gobernuaren konpromisoa oinarrizko azpiegiturak eregiteko eta ibilgailu elektrikoak erabilteko araudia onartzea; enpresa pribaduekaz lankidetzea, zerbitzuak eskaintzeko eta autoak egiteko; eta, jentea sensibilizetea, ez dau ezagutzen-eta hau mundu hau, azaltzen dau Zhu Jing proiektuaren marketing saileko zuzendariak.
Shanghaiko egitasmoa abiapuntua izango da, mundu osoan zabalduko dan uri elektrikoen sarearen lehenengo pausua. Gidariak konbenziduteko, Jiadingen proba zirkuitua atondu dabe ibilgailu elektrikoak zelan funzionetan daben erakusteko. Egunean hogeita hamar lagun inguru etorten dira, eta asteburuetan gehiago. Gidatzeko baimena besterik ez dabe ekarri behar autoak probetako eta informazinoa eskatzeko. Gehienak gustora doaz, ibilgailu elektriko eta tradizionalen arteko aldea oso txikia dala ikusita, dino Shan Jiahu bisitariak hartu eta jagoten dituan gidariak.
Gobernuak 100.000 yuaneko (12.000 euro) dirulaguntzea emoten dau auto elektrikoak erostearren, eta ohiko gasolindegietan elektrizidadea kargetako eta bateriak aldatzeko lekuak ipintea sustatu dau, negozioa aldatzen hasteko lehenengo pausua. Orain arte hamar bat auto besterik ez doguz saldu, azaltzen dau Zhou Gang auto elektrikoen saltokiko arduradunak. Baina Gobernuak matrikulazino-zergea kentzea espero dogu, holan interesa handitzeko, ganeratu dau. Autoaren matrikuleak 6.000 euro balio leikez Shanghain.
Salgai dagozan auto guztiek bateria behin kargauta -sei bat ordu sarera konektauta- 150 kilometro egin leikiez. Zhu Jingen eretxiz, nahikoa da Shanghaiko biztanleen % 90entzat, europarren % 80rentzat eta AEBetako % 75entzat. Auto moeta batzuk kargetako nahikoa dira 4,8 yuan, 60 zentimo euro. Baina gauzarik gatxena herritarrek auto elektrikoei buruz daukien eretxia aldatzea da. Txinan oraindino sano garrantzitsua da erakustea, jenteari daukazuzan ondasunak erakustea. Ekologiaren aldeko jarrerek ez daukie eragin handirik. Auto elektrikoak Lamborghini batek besteko estatusa ez dauela emoten uste daben gidariak dira gure helburua, horreek atrapau behar doguz, azaltzen dau Zhuk.
Edozelan be, Txinak ikatzaren ordezkoa behar dau, gaur egun energiaren % 70k jatorri hori badauka be. Energia sortzeko erregaiak kutsatu ezkero, auto elektrikoak ez dira hain onak be, onartzen dau Zhuk. Horregaitik, Txinak energia nuklearraren eta energia barriztagarrien alde egin dau indartsu, eta gaur egun aerosorgailuen saltzaileentzako merkatu garrantzitsuena da.
Ez daukagu beste aukerarik, autortu dau Xie Fei Txinako Automozino-Injinerutza Institutuko presidenteordeak. 180 miloe auto daukaguz orain Txinan; kutsadura iturri handia dira. hamabost urtean, ganera, kopurua bikoiztu egingo ei da. Petrolioaren guztiz menpeko egiten gaitu horrek, eta petrolio gitxi dago. Ganera, petrolioaren salneurria sarri aldatzen da; mehatxua da herrialdearen energia segurtasunerako, eta mundu osokorako bere bai. Konponbide bakarra teknologia ekologikoak garatzea eta martxan ipintea da. Eta zenbat arinen egin behar da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!