Txinan zonbiak edonon
2011-12-27 14:13 BidaideTxinan zonbi izena emoten jake programa automatiko batek sortutako erabiltzaile faltsuei. Profil irrealak dira, argazkirik bakoak, ez dago alkarreraginik ziberespazio horretan.
Wu Dianyi ez da sekula neska ezaguna edo ospetsua izan. Eskolan ikagelako lehenengo lerroetan jesarten zan ikastuna eta jolasorduak etxeko lanak egiteko erabilten zituan horreetarikoa zan. Gaur egun, barriz, finantza zerbitzuetako kontulari lanak egiten ditu eta errutineari eta isolamendu sentimenduari aurre egiteko amesezko lagunen bati berba egitea baino alter ego birtuala sortzea erabagi eban oraintsu. Lan kontuakaitik Shanghaira biziten joan zanean, Sina Weibo, twitter txinatarrean kontua zabaldu eta 140 ideogramatan sormenari leku egiten hasi zan: broma burutsuak, ohar lizunak, kritika politikoak... Baina alperrik. 25 bat fan egin nituan arren, interakzino gitxi egoan gogorarazo dau. Behin, 'lagun' horreetako bi galdu zituala jaubetu zan; sekulako depresinoa izan neban. Bakar-bakarrik sentidu nintzan. Orduan, C2C merkataritza elektronikoaren atari nagusiena dan Taobao ospetsuan atzera eta aurrera ebilela ohar interesgarria deskubridu eban Wu Dianyi-k, izan be, twitter txinatarrean lagunak egiteko eskaintzea zan, 5 fen (0,6 zentimo euro) lagun bakotxeko; larregi pentsau barik, lagun batzuk 'erosi' zituan. Geldiro-geldiro, lagunen kopurua gehitzen joian. Hori bai, ia gehienak zonbiak ziran. Txinan izen hori emoten jake programa automatiko batek sortutako erabiltzaile faltsuei. Profil irrealak dira, argazkirik bakoak, ez dago alkarreraginik ziberespazio horretan. Sare sozialetan, norberaren profilean zelan edo halan fan kopurua gehitzea da asmoa. Ez dago jakiterik profil zonbiak zenbat diran baina oraintsu Wibo, twitter txinatarrak iragarri ebanez, 20 miloe erabiltzaile baino gehiago dira gaur egun, Twitterren baino gehiago, hain zuzen be. Eta harrigarria bada be, azken aldion miloeka zonbi profil zarratu ditue sare horretan.
Wuk kontratau zituanak lagun faltsuak ziran baina kalterik ez dabe egiten sikeran. Badira beste batzuk, ostera, zabor mezuak sortu eta bialdu eta irainak eta birusak zabaltzen dituenak eta burukomin handia eragiten deutsee erabiltzaile arruntei zein gobernu eta enpresei. Kaltegarriak ez diranei ez deutsegu jaramonik egiten adierazo dau Charles Chao, Sinako kontseilari ordezkariak. Edozelan be, 10 miloe zonbi baino gehiago eta horreei bizirik eusteko hamar behargin zituan enpresaburu bat atzemon dabe oraintsu. Kontuan hartu behar da erabiltzaile kopurua zenbat eta handiagoa izan, burtsan enpresa baten etekinak handiagoak izaten dirala.
Etekinak ez dira dirutan bakarrik nertzen, izan be, lagun kopuru potolo horrek autoestimua be puzten dau. Lagun kopururen arabera neurtzen da bakotxaren indarra eta eragina eta enpresa munduan sano garrantsitsua da hori azaldu dau Fudaneko Unibersiodadeko soziologia irakasle Xu Anqi jn.ak. Estatus soziala adierazoten dau, markako erropearen edota Iphone lako tramankuluen antzera. Wu Dianyi-ren kasuan, lagun zonbien ugalketea positiboa izan zan ze amu horren eraginez, erabiltzaile errealak be hurreratu jakozan. Gero eta iruzkin eta aitamen gehiago nituan. Baina laster sartu ziran Sinak zonbiak hilteko erabilten dituan filtroak eta lagun kopurua oso azkar murriztu zan. Kontuak kontu, merkatuan eskaintzen dan beste erabiltzaile mota baten alde, 'huofen' edota zonbi biziaren alde egin behar izan eban; izatez erabiltzaile erreala da huofen hori eta norberaren lagun zerrendara batzeak yuan bateko gastua dakar (12 zentimo euro). Profil zehatza izaten dabe, iruzkinak egiten ditue eta euren mezuak zabaltzen arduratzen dira. Hori bai, bezeroagazko hartu-emonik ez dabe izaten, batez be, oso lanpetuta egoten diralako. 3.000 yuan (340 euro) inguru kobretan ditue profila sortu eta manteniduteagaitik; 'Maoren ejerzitoa'-ren bersino pribatua dira, izan be, Interneten Txinako gobernuaren irudia hobetzeko beharginak kontratetan ditue eta argitaratzen daben iruzkin bakotxeko 5 mao (6 zentimo euro) kobretan daben 'soldaduak' lez ezagutzen dira.
Badira enpresa batzuk jarraitzaileak edo lagunak, iruzkinak eta retuitak eskaintzen dituenak. 388 yuan (46 euro) ordaindu ezkero, 2.000 jarraitzaile, 500 aitamen eta 100 iruzkin eskaintzen doguz. 588 yuan (70 euro) ordainduta, barriz, 3.000 fan, 700 ‘retuits’ eta 150 iruzkin eskaintzen dira esan deust Taobaoko saltzaile batek; joandako hilebetean 17.501 kontratu sinatu dituala be esan deust baina webgunea zarratuko deutsen bildurrez, haren izenik ez aitatzeko eskatu deust.
Holako negozioak sano arrakastatsuak dira gaur egun, izan be, XXI. mendean Txinan nagusi dan indibidualismoaren biktimak ez eze, izen ona hobetzeko edota rankingean gora egin gura daben enpresa eta persona ospetsuak be badagoz bezeroen artean. Datu lez baino ez bada be, Chen Chuanliang, Sarean zonbiak atzemoteko software berezia egin dauen injineru informatikoak adierazo dauenez, VIP erabiltzaileen % 17 hilda dagoz.
Kontuak kontu, batzuk etekin handia ataraten deutsie saltsa honi, berbarako, on line upealako ospea lortu dabenek; Youkun bideo arrakastatasuak argitaratu dituelako edota telebistako programatan parte hartu dabelako izkutuko publizidadea daroen mezuak zabaltzearren kobrau egiten dabe eta, beraz, zenbat eta jarraitzaile gehiago euki, eskatu be gehiago eskatu leikie. 150.000 jarraitzaile dituanak 400 yuan (47 euro) eskatu leikez iragarki bakotxeko. 200.000 jarraitzaile izan ezkero, barriz, 500 yuan (59 euro) behar dira iragarkia kontratetako adierazo dau Taobaoko saltzaileak. Beraz, zonbiak pilatzeko egin behar dan inbersinoa azkenean oso errentagarria da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!