Aspaldiko Agirre eta Sarriegi
2011-12-14 13:26 BertsolaritzeaIzenen edadeari begiratuta, gazteen eta bereranoagoen finala dala igarri leitekenez, beteranoena (Jexux Mari Irazu) trankilo itxi eta Unai Agirre (Hernani, 1975) eta Aitor Sarriegirengan (Beasain, 1976) ipiniko dot nire bertso-dianea.
Berandutxo bada be, banatortzue bueltan artikuluagaz. Honezkero jakingo dozue nortzuk diran Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako Illunbeko finalean kantauko daben bertsolariak: Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Unai Agirre, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Jon Martin eta Agin Rezola.
Egunotan bertsolariok buruan bueltaka euki dodaz eta ze jaungoiko eskribidu behar dot? pentsetan izan dot neure kautan. Baina izenen edadeari begiratuta, gazteen eta bereranoagoen finala dala igarri leitekenez, beteranoena (Jexux Mari Irazu) trankilo itxi eta Unai Agirre (Hernani, 1975) eta Aitor Sarriegirengan (Beasain, 1976) ipiniko dot nire bertso-dianea.
Egun ugari pasau dodaz artikulurik egin barik eta, gaurkoan, halantxik akordau jatalako, urte ugari egingo doguz atzerantza. Izan be, gure gaurko protagonistak apurka-apurka berrogei urterantza badoaz be, euren Eskolarteko Txapelketetako bertsoak liburuetan parau dira. Pelikula famau haretako DeLorean kotxean sartu eta ia 20 urte atzera egin daigun. Horretarako, liburu estu, baina aproposko bi elejidu dodaz: 1992 eta 1993ko Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak.
1992ko txapelketan, 15-18 urtera artekoetan, Aitor Mendiluze izan zan txapelduna eta Maialen Lujanbio parau zan bigarren. Beste finalistak, honexek: Asier Bergaretxe, Ibai Esoain, Andoni Larrañaga, Saioa Arando, Aitor Sarriegi eta Unai Agirre. Gaurko menuagaz hasteko, Unaik lau oinakaz osotu eban bertsoa:
Doinua: Bordaxurirena
Neri gustatutzen zait
Rock and Roll musika.
Lehengoan neskatxa bat
han zegoen jauzika:
parez pare jarrita,
elkar ikusita,
igande gauerako
egin degu zita.
Bat-bateko bertsoak ez eze, bertsopaperak be topau geinkez bertan. Esate baterako, 1992an eta 1993an Aitor Sarriegi izan zan txapeldun 8. mailatik gorako arloan. Bertsopaperetan makinatxo bat lehiaketa irabazitakoa da Aitor. Bere hiru bertsoetatik lehenengoa hauxe:
Gaia: Eskutitz bat Zaharren Egoitzako jubilatuei.
Doinua: Munduan libre bizi izatea
Gizonak gizon egin aurretik
sufritzen du haurtzaroa,
zenbait kasutan ez da izaten
guk nahi bezain oparoa:
frankismoaren garai haietan
ilun zenuten geroa,
ez ote da arraroa,
dena azkar igaroa?
Mundu honetan azken-azkenik
heltzen da zahartzaroa.
Guk horrela ez pentsatu arren
denbora presaka doa (bir.)
Unai Agirreren bertsopaperak be badagoz bertan. Bere bigarrena ipiniko deutsuet:
Gaia: Denbora oso azkar doa.
Doinua: Mundu hontatik aparte
Bizitzan hari argala,
hauts daiteke berehala.
Aitonak zion ahal zan garaian
gozatu nezala.
Nahiz uste erreza dala,
orain aurkitzen naiz hala:
laurdenik ere aprobetxatu
ez banu bezala.
1993an, 15-18 urtera artekoetan, Aitor Mendiluze izan zan txapelduna atzera be eta Ainhoa Agirreazaldegik jaso eban bigarren saria. Maialen Lujanbiok, Manex Mujikak, Ibai Esoainek, Nahikari Gabilondok, Unai Agirrek eta Aitor Sarriegik be kantau eben finalean. Hurrengo bertsoan, Unaik Euskal Herriko eta Gipuzkoako Eskolartekoetan, txikerren mailan, irabazitako txapelen aitamena egiten dau. Aiko hemen bere agurra:
Doinua: Iparragirre abila dela
Hemen kantatzen ausartzen dena
jaunak, ez degu edonor.
Urtero legez aurtengo hontan
saiatuko gara gogor.
Atzeko txapel hori
aspaldi ez da erori,
garai batean bai jator!
Azken aukera dedanez gero,
rekonkistatzera nator.
Lau oinakaz bertsoa osatzen be elegante ibili zan hernaniarra:
Hara zer pasatu zen
joan daneko udan:
ametsa ote nuan
orain nago dudan.
Plaian bikini batez
ikusi zintudan.
Imajina ez zait neri
ahaztuko sekulan.
Bertso gehiago ipintea gustauko jatan, baina lekurik ez eta bertsolari bakotxaren bertso banagaz akabauko dodaz etxeko beharrak. Lehenengoa, Aitor Sarriegirena, gaia ipinita bakarka botatakoa, eta bigarrena, Unai Agirreren bertsopaperetatik hartutako hirugarren bertsoa, nire eretxian sano-sano ona dana.
Aitor Sarriegi:
Gaia: Donostian zaude hondartzan. Uretan sartu eta petrolioz beteta atera zara.
Doinua: Sentimentua sartu zitzaidan
Bi edo hiru hondartza dauzkat
nik Donostian aukeran.
Hori horrela lasai sartu naiz
Ondarretako sarreran.
Uretan sartu eta begira
nola aterako geran!
Nik espero det beste hondartzak
ez egotea honen eran,
gaurtik aurrera bainatuko naiz
nere etxeko baineran (bir.).
Unai Agirre:
Gaia: Etxe aurreko zuhaitza loretan dago.
Doinua: Mutil koskor bat
Bazkalosteak sortu orduko
siestarako irrika,
pentsatu gabe gerizondora
abiatzen naiz korrika.
Uda beroak freskura non dun
nola nagon igarrita:
pasatzen diren txori txikiei
txistuka edo zirika,
ordu luzeak egingo ditut (bir.)
itzalpe hortan jarrita.
Leidu dozue Unaik eta Aitorrek gazte-gazterik zelan egiten eben bertsotan. Orain, domekan Illunbera joatea baino ez jatzue falta eurak biak eta beste finalistak animetako. Ganera, ez dakit zergaitik, baina txapelagaz sorpresaren bat egongo dalakoan nago.
Ondo pasau Gabonetan,
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!