Gpuntuak Illunbeko hitzorduagaz emongo deutso amaierea 2011ko Txapelketeari

Bizkaie! 2011-12-14 13:07   Bertsolaritzea

Hasiera haretan 76 bertsolarik emon eben izena, eta 8 heldu dira azken helmugara: Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Agin Rezola, Alaia Martin eta Jon Martin.

Abenduaren 18an, domekan, jokatuko da Donostiako Illunbe zezen-plazan Gpuntua: 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala. Maiatzaren 8an hasi eta zortzi hilebetean Gipuzkoako 26 herritan 36 saio jokatuta emongo jako amaierea 2011ko edizinoari. Hasiera haretan 76 bertsolarik emon eben izena, eta 8 heldu dira azken helmugara: Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Agin Rezola, Alaia Martin eta Jon Martin.

2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea inoizko luzeena izan da. Parte-hartzaile gehien izan dauen txapelketea be izan da, bertsolari, gai-jartzaile, epaile eta antolatzaile kopuruari erreparau ezkero.

Maiatzaren 8an hasi zan Orion, eta abenduaren 18an amaituko da Donostiako Illunbe zezen-plazako finalagaz. Zortzi hilebete luzean bost fase igaro ditu Gpuntuak. Maiatzean Lehen Fasea jokatu zan; 20 saio egin ziran 10 herritan: Orio, Mutriku, Alegia, Soraluze, Lezo, Amezketa, Usurbil, Gabiria, Aretxabaleta eta Urretxu-Zumarragan. 60 bertsolarik jokatu eben fase hori eta lehenengo galbahetik 32 pasau ziran. Udako atsedenaldiaren ostean, 32 bertsolari horreei 2007ko Txapelketako 10 semifinalista batu jakezan, eta irailaren 17an hasita 7 saio jokatu ziran final-zortzirenetako fasean. Saioak izan ziran Andoainen, Azkoitian, Eibarren, Lazkaon, Elgoibarren, Lasarte-Orian eta Irunen. 42 bertsolari horreetatik 24 pasau ziran final-laurenetara. Fase barrian 24 horreei 2007ko 6 finalista batu jakezan, eta urriaren 22an hasita, 5 saio egin ziran final-laurenetako fasean Oñatin, Villabonan, Hondarribian, Idiazabalen eta Azpeitian. 30 bertsolari horreetatik 18 pasau ziran finalaurreko galbahetik. Finalaurrekoak hiru saiotan banatu ziran: Arrasaten, Tolosan eta Hernanin. Eta Illunbeko azken geltokira finalista izango diran 8 bertsolariek egin dabe salto.

Saioetara hurreratu dan jente-oldea izan da aurtengo Gpuntuaren ezaugarri nagusia. Antolakuntzatik, edukieraz ahalik eta areto eta pilotaleku egokienak aukeratzeko apustua egin zan hasieratik, eta bertsozaleek erantzun bikaina emon dabe txapelketa osoan zehar. Hainbat saiotan, sarrera guztiak saldu dira, eta bertsozale berantiarrenek saiora sartu barik geratu behar izan dabe.

Donostiako azken geltokirako be aurreikuspen guztiak gainditu dira eta 9.600 lagunetik gora batuko dira aurtengo Gpuntuaren helmugan. Txapelketa osoan zehar, barriz, 25.000 bertsozale inguru ibili dira Gpuntuko saioetan joan-etorrian.

Kontuak kontu, abenduaren 18an jokatuko da final handia Donostiako Illunbe zezen-plazan, eta Gipuzkoako bertsolaritzeak jaia ospatuko dau txapelketeari amaierea emoteko. Finala 16:30ean hasiko da eta 8 bertsolari protagonistez gan, Inaxio Usarralde eta Itziar Etxezarreta aurkezleak izango dira oholtzan. Illunbeko ateak 15:00etan zabalduko dira, eta 16:30ean Elkano Browning Cream taldeak kontzertutxua emongo dau, Gari abeslariagaz batera. Eurak izan dira, Antzuolako Sasibertsolaixak Bertso Eskoleagaz batera, aurtengo txapelketako sintoniaren egileak. Jarraian bertsolariek hartuko dabe berbea, eta gaueko 20:45ak aldera jakingo dogu zein dan 2011ko Gipuzkoako txapeldun barria.

Lan puntuagarrien eskema barria landu dau Gipuzkoako Bertsozale Alkarteak aurtengo Gpuntuan zehar, eta Illunbeko finalean be eskema barriaren azken emoitza izango dabe bertsolariek oholtza gainean. Egin beharreko lan-sortaz gan, barrikuntza nagusia izango da buruz buruko lanaldian, kartzelako lanean, bi bertsolarientzat egokituko dan gaia ikus-entzunezko baten bidez emongo dala.


Txapel-jartzailea nahiz, -hartzailea, biak barriak

Laxaro Azkune izango da Illunben aurtengo txapeldun barriari Txapela jarriko deutsona. Laxaro Azkunek ibilbide luze eta oparoa dauka bertsolaritzearen munduan. Gai-jartzaile, aurkezle, eta irrati-esatari lanetan hamarkada askotako lana egin dau azpeitiarrak, eta, besteak beste, 1991ko Gipuzkoako Txapelketea antolatu eban taldeko arduraduna be izan zan. Horrezaz gan, Erniarraitz Bertsozale Alkartearen sortzaileetako bat izan zan orain 20 urte inguru.


Sarrerak

Pasa dan zapatuna, abenduak 10, Internetez salgai egozan sarrera guztiak agortu ziran. Herrietako saltokietan, halan da be, sarrerak salgai dagoz oraindino, hilaren 15, arratsaldera arte. Herri batzuetatik sarrerak erretirau ostean, gaur, eguaztena, hilak 14, goizeko 10:00etan zabalduko da Internetez azken sarrerak erosteko aukerea, dagozanak agortu arte.


Garraio bereziak

Domekako finalerako, antolakuntzatik garraio publikoa erabilteko deia egiten jake bertsozaleei. Horren harira, Donostiako Boulevardetik autobus bereziak izango dira Illunberaino 14:30etik hasita. Illunben bertan aparkalekua egongo da bertsozaleen autoentzat nahiz herrietatik datozen autobusentzat, eta Illunbe azpiko aparkalekua be zabalik egongo da.


Finalaren jarraipena

Txapelketa osoan zehar lez, finalaren jarraipen zabala egingo da Sarean. www.gpuntua.com gunean finalaren jarraipen zuzena egingo da Berriketan eta Twitter sare sozialen bitartez. Horrezaz gan, www.bertsoa.com guneak be zuzenean emongo dau finala iruditan. Finala amaitu ostean be, gpuntua.com gunean saioaren osteko informazino zabala eguneratuko da. Puntuazinoak eta kronikea eguneratzeaz gan, Gpuntuko blogari taldearen gogoetak argitaratuko dira astean zehar: http://www.gpuntua.com/archives/category/bloga

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu