Berrogei erakusmahaitik gora, Bilboko 29. Artisau Azokan
2011-12-13 14:29 KultureaBilboko 29. Artisau Azokeak berrogei standetik gora izango ditu aurten, abenduaren 16an edegiko dabe, eta hainbat kontzertu eta tailer eskainiko ditue, Sortzen Bizkaiko Artisau Sortzaileen alkarteko Txema San Juanek prentsaurrekoan azaldu dauenez. Urtero lez, Arriaga Antzoki alboan ipini dabe karpea.
Bilboko 29. Artisau Azokeak berrogei standetik gora izango ditu aurten, abenduaren 16an edegiko dabe, eta hainbat kontzertu eta tailer eskainiko ditue, Sortzen Bizkaiko Artisau Sortzaileen alkarteko Txema San Juanek prentsaurrekoan azaldu dauenez. Urtero lez, Arriaga Antzoki alboan ipini dabe karpea. Aurkezpenean, Renfeko Álvaro Etxaniz eta BBK Fundazinoko Gorka Martínez be izan dira.
Oparia eskura lemapean, bisitariek Artisau Azokea ikustera animau gura ditue antolatzaileek. 90.000 lagun inguru espero ditue, abenduaren 16tik urtarrilaren 6ra. Salgai eta ikusgai izangogo diran piezak bakarrak dirala nabarmendu dau San Juanek, ez doguz beste inon topauko.
Artisautzea krisian aspalditik dago, San Juanen eritxiz; horregaitik, oaringoa ez dabe lar be igarri. Orain lau bat urtera arte, urtero-urtero % 10 bajatzen ziran salmentak; baina, ordutik, egoerea hobetu egin da, eta egonkortu gara. Igaz, esaterako, aurreko urtean baino % 6 gehiago saldu genduan. Edozelan be, Azokeari jagokozan datuak dira honeek, ez artisautzearenak orokorrean, azaldu dau.
Euskal Herriko zein kanpoko artisauak batuko dira egunotan Bilboko azokan; horreetatik 16 bizkaitarrak dira. Ehungintzea eta bitxigintzea lantzen daben artisauak izango dira aurten be nagusi, baina horrekaz batera makina bat arlotako sortzaileek euren lanik ikusgarrienak erakutsiko ditue Bilbon; beirea, burdina, narrua, zeramikea, ardi-lanea, zidarra, urrea, egurra eta buztina lantzen dabenak, hain zuzen be.
Bizkaiko artisauek dauke lehentasuna, eta ganerakoak txandaka etorten dira Azokara. Lehiaketa antzeko bat egiten dabe urtero parte-hartzaileak aukeratzeko. Artisauaren ibilbidea, lehengaiak, originaltasuna, barrikuntzea eta ikerketea, produktuaren kalidadea dira, besteak beste, aukeraketa horretan kontuan hartzen diran erispideak. Lan originalak baloretan doguz, ekarpena egin behar deutse gure Azokeari, azpimarratu dau Txema San Juanek. Aurton, zazpi artisau barri, orain arte Bilbon egon bakoak, izango dira karpapean.
Aurten be, artisau-lantegi bizkaikatarrak ezagutarazoteko stan berezia atondu dabe Azokan, K. A. B Kalitatea. Artisautza Bizkaian izeneko erakusmahaia. Espazio honen helburua Bizkaian sortzen diran artisau-produktuen lagin bat erakustea da. Eta artisauen lana saritzeko, lehiaketa bi prestau ditue: ExperimenTarte, lan originalena nabarmentzeko; eta, Stand Lehiaketea, erakusmahai ikusgarrienarentzat.
Bisitariek ganera, parte-hartzeko aukerea eukiko dabe Sortzen alkarteak antolatutako tailerretan. Danetara bost tailer antolatu ditue: linoa lantzeko tailerra, Zamuren eskutik (abenduaren 26 eta 27an); koaderneketea, Lumagaz (abenduaren 28 eta 29); burdina, Luis Albiacegaz (hilaren 28tik 30era); urun pastea, Mingogaz (urtarrilaren 2an eta 3an); eta, luhierrak (hilaren 4an eta 5ean).
Azokako egitarauan kontzertuak be izango dira: abenduaren 19an, Kegrandband; 22an, John Balduan; 28an, Puro Luego; eta, urtarrilaren 4an, Harry Bird.
Artisau Azokea goiz eta arrasti egongo da zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Abenduaren 25ean eta urtarrilarean 1ean zarratu egingo dabe, eta azkenengo egunean, urtarrilaren 6an, goizez besterik ez dira egongo.
Azokearen barruan, abenduaren 27tik 29ra, artisauak eurak IV. Artisautza Jardunaldietan batuko dira, sektorearen erronka barriak aztertzeko. Aldatu beharra dago biziraun gura badogu. Barrikuntzea oso garrantzitsua da. Urteak daroaguz lanean, eta igarten da, adierazo dau Sortzen alkarteko ordezkariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!