Montero Glez eta Edorta Jiménez idazleek literaturearen azpiko munduaren ganean berba egingo dabe Eztabaidak Literatureagaz ekimenean

Bizkaie! 2011-12-13 10:42   Kulturea

Alkarrizketak hilero izaten dira, martitzenetan, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek ekitaldiaren aurkezle eta gidari lanak egiten ditu. Oraingo honetan, topaketearen moderatzailea, Txani Rodríguez kazetaria izango da.

Eztabaidak Literatureagaz, jentaurreko alkarrizketearen bitartez letrak eta beste zenbait diziplina buztartuz literatureagazko topalekua proposatzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak beste topaketa bat aurkeztuko dau gaur, hilak 13, martitzena. Hitzorduan, Montero Glez eta Edorta Jiménez idazleek Literaturearen azpiko munduari buruz berba egingo dabe.

Alkarrizketak hilero izaten dira, martitzenetan, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek ekitaldiaren aurkezle eta gidari lanak egiten ditu. Oraingo honetan, topaketearen moderatzailea, Txani Rodríguez kazetaria izango da.

Eztabaidak Literatureagaz egitarauaren barruan, hile honetan bi idazle horreek zenbait gairi buruz berba egingo dabe, azpiko mundu horrek gaur egungo literaturan dauen presentzia urria, auzo pobreetan kokatutako eleberriek beteten daben salaketa lana, azpiko munduen errealidadea ezagutu beharra edo ez, mundu horri buruz idatzi ahal izateko, kaleko hizkuntzearen izaera aberasgarria…

Roberto Montero González idazlea, Montero Glez ezizenez ezagutua (Madril, 1965) azken urteetako nortasun eta literaturarako sen gehien dauen idazleetako bat da Espainian, literatur kritikarien eretxiz. Haren prosak kaleko hizkuntzatik, zinemako iturri apurtzaileetatik eta underground komikitik edaten dau. Batzuen eretxiz, haren prosa, Valle Inclán edo Camilo José Cela lako idazleek, errealidade ezkutua, kalekoa, batuz egin daben lanaren jarraitzailea da. Izan be, Montero Gonzalezen lana, Inclánen esperpentuaren tradizinoagaz eta Charles Bukowskiren errealismo zikinagaz lotzen da.

Oso ondo balorau izan da izaera barriko metafora apurtzaileak eta politikoki desegokiak sartzeko izan dauen jarrerea, eta baita zinemako edo komikietako lengoaiaren zenbait arau papelera eroan izana. Sed de champán (1999) lehenengo liburuaren ondoren beste hamar bat lan idatzi ditu, azkena Pistola y cuchillo (2010). 2008. urtean Azorín eleberri Saria irabazi eban Pólvora negra lanagaz.

Edorta Jiménezi (Mundaka 1953) jagokonez, literatur idazle izateaz gan, hainbat dokumental idatzi eta zuzendu ditu telebistarako eta zenbait komunikabidegaz be kolaborau dau, Eginegaz, Garagaz, Egunkariagaz, Berriagaz edo EITBgaz, besteak beste. Euskal Telebista Publikoan zenbait saiotako gidoilari izan da, Babel, Beti eskamak kentzen, Hau komeria edo Goenkale saioetan. Ernest Hemingwayk euskaldunakaz eta Urdaibaigaz izan zituan hartu-emonei buruz ikertu dau. Sei poesia liburu eta hainbat eleberri idatzi ditu, tartean, Bilboko Zazpi Kaleak eta bertako gauak protagonista dituen Speed gauak.


Laugarren edizinoa

2007ko urtarrilean, Eztabaidak Literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, José Andrés Rojo eta Manuel Vicent, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea edo María Dueñas eta Lorenzo Silva.

Ekimena, Bidebarrieta Kulturguneak, liburuaren eta literaturearen garapena eta sustapena helburu nagusi dauen kultureari eskainitako guneak, antolatzen dau. Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko era barria izan da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitekturea, musikea edo matematikak, besteak beste, edo genero jakin batean zentratuz, kasu honetan lez, beti be lehen mailako protagonisten bitartez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu