Gaudík badauka lehiakidea Vietnamen
2011-11-30 17:30 BidaideHor dagoz sinistu ez egiteko moduko forma organikoak, muturrera eroandako neogotikoaren xehetasunak, eta zentzu bako espazioak: pasabide klaustrofobiko bat eta gela itzel bat. Bai, Antonio Gaudíren lan bat izan daiteke; nahiz eta Crazy House (etxe zoroa) honetako elementu batzuk Salvador Dalíren erloju bigunen antza handiagoa dauken.
Hor dagoz sinistu ez egiteko moduko forma organikoak, muturrera eroandako neogotikoaren xehetasunak, eta zentzu bako espazioak: pasabide klaustrofobiko bat eta gela itzel bat. Kolore grisak eta okreak ez dira falta, eta tartean, kolore biziagoak bere bai. Duda barik, lanon oinarrian naturea dago: hemen, zuhaitz erraldoi baten adarrak, baranda itxuran; han, kobea, estatalaktika edo kandeloiekaz eta estalagmitekaz; eta, edozein bazterretan, upealako aramu-sareak, perretxiko funtzionalak, eta begi gorri distiratsudun monstruoak.
Izan be, leku honetako txoko batzuek hotzikarak eragiten ditue: gabaz ateak ulu bihurtzen dira eta leihoek etxe-aurreko aurpegi bildurgarrietatik begiratzen gaitue. Bai, Antonio Gaudíren lan bat izan daiteke; nahiz eta Crazy House (etxe zoroa) honetako elementu batzuk Salvador Dalíren erloju bigunen antza handiagoa dauken. Dana dala, seguruenik, artistotako batek be ez eban egundo entzungo Dalat izena, etxe bitxi hau dagoan Vietnameko uria, hain zuzen be. Crazy Housek ez dauka inolako zerikusirik Dalateko ganerako eraikinen europear arkitektura koloniala edo estilo komunistearen marra zurrunekaz.
Ez da harritzekoa Hang Nga (Ilargiaren ahiztea) ostatua uri berezi honetako leku turitiskoenetakoa izatea. Lehenago, kolono frantsesen deskantsu hartzeko mendiko uria zan. Hotela 1990ean zabaldu eben. Dang Viet Nga-ek (Vietnam, 1940) diseinau eban, 1981etik 1988ra bitartean Estaduko Batzordeko presidente izan zan Truong Chinh-en alabea. Moskuko Unibersidadean egin eban doktoretzea Nga-k. Familia Sakratuaren antzera, hau be oraindino eregiten dabilz, baina Dangek zazpi urtean amaituko dabela uste dau.
Txinako People’s Daily egunkari ofizialaren esanetan, munduko hamar eraikin eder eta oparoenen artean dago. Izan be, erraza be ez da zenbat pisu daukan jakitea. Dang-en eritxiz, ostera, teknikea eta artearen buztarketea da. Edozelan be, egileak onartu dau Dalateko Herriko Batzordeko funtzionario askok, bere lankide izandakoak batzuk, ez dabela begi onez ikusten. Arazoak euki dodaz, eta jota nagoala esan dabe. Zorionez, Hanoin badira zer egin gura dodan ulertzen dabenak, erantzun deusku telefonoz. Honeei esker, bere herriko agintarien debekua indar barik itxi, eta hasi eban etxea eregiten, 18 urteko atzerapenagaz bada be. Gaur, eraikina dibisak erakarteko atxaki aproposa da.
Diru asko ordaindu barik, 20-40 euro inguru, turista batzuk ostatuan emoten dabe gaba. Logelek zuhaitz ganeko etxeen antza dauke, eta danetarikoak dagoz, azaltzen dau. Tigrearen gelea, kitsch dalakoa gogoko daben txinatarrentzat; arranoarena, handiagoa, AEBetako turisten gorputz handiak eroso egoteko; eta, inurriena, vietnamdarrek inperialismoaren konra egindako lan itzelaren omenez. Erlearen logelea da suite edo gela nagusia; gizakiek alkarri laguntzeko batasuna gogoratzeko asmoz egindakoa. Edozein herritan dagoz erleak, horregaitik logela honek ez dauka nazionalidaderik. Mundu hobea lortzeko asmoz, munduaren batasuna irudikatzen dau. Eraikina barrutik ikustea besterik ez dabenek nahi 30.000 dong-eko sarrera (1,1 euro) ordaindu behar dabe, eta kito.
Daborduko, etxe zoro hau Dalateko aire garbiaren bila datozen bidaiarientzako derrigorrezko bisitea da. Ez neban espero holangorik topetea Vietnamen, eta Dalaten, pentsau be ez, idatzi dau Miguel Saavedra turista espainiarrak, bisita-liburuan. Eraikina lekuz kanpo dagoan amesa da, arkitektuaren ausardia gustetan jat. Baina, danak ez dira hain gogotsu agiri. Dang-en zementuzko zorakeriak eztabaida bizia sortu dau. Arkitektu batzuek kritikau egin dabe ez daukalako ezelango batasun estetikorik, ezta funtzonalidaderik be ez. Gurean ez leuke inongo baimenik lortuko, ez ditu eta segurtasun-arauak beteten.
Baina, maitagarrien ipuin polit hau aurrera doa. Gero eta logela gehiago dagoz, bertan lo egin dabenei askorik gustau ez arren. Gehienak oheak lar gogorrak dirala dinoe, eta goizean goizetik bisitariek zarata handia egiten dabela be badinoe kexetan, azaldu deusku Trang Hung gida turistikoak. Eta beste batzuk bildurrez egon dirala autortu dabe, dino barrreka.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!