Beñat Gaztelumendik eta Jexux Mari Irazuk Ilunbeko finalean kantauko dabe

Bizkaie! 2011-11-28 12:04   Bertsolaritzea

Beñat Gaztelumendi (Arrasate) eta Jexux Mari Irazu (Tolosa)dira astegoieneko finalaurrekoak irabazita, abenduaren 18an jokatuko dan Gpuntuaren finalerako txartela irabazi daben lehenengo bertsolariak. Hirugarren eta azken finalaurrekoa abenduaren 4an jokatuko da Hernanin.

Gpuntua azken txanpan sartu da eta gero eta gitxiago falta da abenduaren 18an Illunbeko azken helmugara heltzeko. Finalaurreko hiru saio izango dira horren aurretik, eta astegoienean saio bi jokatu dira: lehenengoa Arrasaten eta bigarrena Tolosan. Finalaurreko lehen saiora jente-oldea hurreratu zan zapatuan, 1.000 lagun inguru. Taula gainean, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Felix Zubia, Agin Rezola, Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin.

Hasiera berezia izango dabe finalaurrekoek, eta bertsolariak banaka oholtzaratuko dira kartzelako saioan: agurra lehenik eta saio puntuagarriko lehen ariketan hiru punturi erantzunez hurrengoa. Gogotsu hasi dira sei bertsolariak eta bertsozaleek txaloakaz eskertu dabe hasiera berezi honetan bertsolariek egindako lana.

Lehen kartzelakoaren ondoren, zortziko nagusian jarraitu dau saio puntuagarriak. Ondo ibili dira oro har, eta euren maila erakutsi dabe sei bertsolariek.

Puntukako saioari ekin deutsie gero. Umoreari etekina ederto atara deutsie bertsolariek eta erritmo bizian bertsoaldi bikainak osotu ditue.

Sei puntuko motzarena izan dabe hurrengo langintzea: sakonago jardun dabe oraingoan eta bertsoak arrazoiz burutzen bikain asmau dabe.

Bigarren kartzelako saioan, gai berari hiruna bertso kantau behar izan deutso bakotxak. Hauxe izan dabe gaia: Egoereak bultzatuta azkenean dimisinoa aurkeztu dozu. Zubeldiak tailer bateko nagusiaren rola jokatu dau, bertsotarako astirik ez dauelako lana itxid auena, hain zuzen be.

Felix Zubiak Patxi Lopezen aukera egin dau, eta saioari amaiera ona emon deutso zarauztarrak.

Agin Rezolak, Silvio Berlusconiren papela hartu dau, eta errima aberatsean eta goitik beherako esaldiakaz osotu ditu hiru bertsoak, bikain.

Iban Urdangarinek herriko alkatearen rola hartu dau, ustelkeriagaitik postua itxi behar izan dauen alkatearena. Ataundarrak, ohiko dauen eran, sendo osotu ditu hiru bertsoak, sinisgarritasun handiz.

Alaia Martinek be Silvio Berlusconiren rola aukeratu dau. Oiartzuarrak saio ederra osotu da, bere rolari ondo eutsiz eta maila teknikoan bertsoak bikain osotuz.

Beñat Gaztelumendik Berriako zuzendaria izatea nahi izan dau eta sentiberatasunez beteriko bertsoak osotu ditu añorgatarrak.

Amaieran, Beñat Gaztelumendi izan da puntu gehien batu eta Ilunbeko final handirako txartela eskuratu dauena.


Tolosa

Tolosan bart jokatu da bigarren finalaurrekoa eta 1.400 lagun inguru batu dira Usabal kiroldegian. Kantuan sei bertsolari: Unai Agirre, Nerea Elustondo, Iñigo Izagirre, Aitor Sarriegi, Jexux Mari Irazu eta Beñat Lizaso.

Lehen kartzelakoaren ondoren, puntukako saioan eta sei puntukoan bertsoladi bikainak osotu ditue eta bigarren kartzelako saioan, barriz, gai berari hiruna bertso kantau behar izan deutso bakotxak. Hauxe izan dabe gaia: Azken orduerdian 15 aldiz begiratu deutsazu erlojuari. Aitor Sarriegik kirofanoaren zain dagoanaren rola jokatu dau, eta azkenera arte ez dua azaldu ume jaiobarriaren zain dagoala, hiru habanera ederrakaz.

Jexux Mari Irazuk be kirofanoaren aukerea hartu dau, minbizia dauen aitaren zain dagoala.

Beñat Lizasok bikotea trenean noiz helduko dagoanaren papela hartu dau, eta bere bildurrak bikain islatu ditu bertsoaldian zehar, ohiko dauen kantaera sakonagaz.

Iñigo Izagirrek neska bategaz zita egin eta bere bebarruan zain dagoen mutilarenetik kantatu du. Erritmoak markatuz, errimak landuz eta bertsoa osotu ahala publikora helduz bertsoaldi bikaina egin dau itziartarrak.

Nerea Elustondok kartzelan bere txandearen zain dagoan bertsolariaren rola jokatu dau eta ondo osotu dau bere lana.

Unai Agirre izan da kartzelan azkena, eta Nerea Elustondok lez, kartzelan zain dagoan bertsolariaren hautua egin dau.

Amaieran, Jexux Mari Irazu izan da puntu gehien batu eta Ilunbeko final handirako txartela eskuratu dauena. Erregular ibili da Jexux Mari Irazu saio osoan zehar, sendo arrazoiketan eta bertsoaren joskeran.


Puntuazinoa Arrasate eta Tolosako saioak jokatu ostean:

Jexux Mari Irazu 496.5
Beñat Gaztelumendi 490.5
Aitor Sarriegi 492
Jon Martin
Jokin Uranga
Felix Zubia 479.5
Alaia Martin 482
Agin Rezola 486
Beñat Lizaso 458
Nerea Elustondo 468
Iker Zubeldia 465
Iñigo Mantzizidor “Mantxi”
Amaia Agirre
Iñigo Izagirre 475
Iban Urdangarin 438
Unai Agirre 490
Iñaki Apalategi
Ainhoa Agirreazaldegi


Azken finalaurrekoa

Abenduaren 4an, Hernaniko Galarreta Kiroldegian jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari txapelketako azken finalaurrekoa. Kantauko daben bertsolariak: Jon Martin, Jokin Uranga, Iñigo Mantzizidor “Mantxi”, Amaia Agirre, Iñaki Apalategi eta Ainhoa Agirreazaldegi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu