UPV/EHUk euskal unibersidade publikoaren 75. urteurrena ospatuko dau
2011-11-23 14:50Euzko Irakastola Nagusia, gaur egungo UPV/EHUren jatorria, 1936ko abenduaren 1ean sortu zan. Erakusketa bat, berbaldi ziklo bat eta ekitaldi nagusi bat antolatu ditue efemeridea gomutatzeko.
Euzko Irakastola Nagusia, gaur egungo UPV/EHUren jatorria, 1936ko abenduaren 1ean sortu zan. Erakusketa bat, berbaldi ziklo bat eta ekitaldi nagusi bat antolatu ditue efemeridea gomutatzeko. 1936an, Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusia jaio zan eta UPV/EHUk lehen euskal unibersidade publikoa izandako horren 75. urteurrena ospatzeko antolatu dituan ekitaldiak aurkeztu ditu gaur, zemendiak 23. Heredamos un sueño - Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusia 1936 izenburua izango dauen erakusketa ibiltari bat, hainbat berbaldi eta, abenduaren 1ean, lehen unibersidadearen ateak zabaltzeko ekitaldia egin zan egun berean, ospakizun berezi bat egingo dira.
Ekitaldion aurkezpenean izan dira Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko erretorea, Gidor Bilbao, UPV/EHUko Euskera erretoreordea, eta Mikel Aizpuru, Amets baten oinordeko gara - Euskal Irakastola Nagusia 1936 erakusketearen komisarioa.
Euzko Irakastola Nagusia sortu zanean egoerea oso gogorra zan; gerra zibilaren erdian gengozan, eta gudaroste batek euskal autonomia setiatuta eukan, argi eta garbi ha desagerrarazoteko asmoz. Egoera politiko eta militarra hain larria eta hain mingarria izanik, eratu barria zan Euzko Jaurlaritzearen lehenengo erabagietako bat unibersidade bat, danon zerbitzura egongo zan euskal unibersidade publiko bat, sortzea izan zan. Helburu horri emondako lehentasunaren erakusgarri, zenbait ikasle eta irakasle gerra gunetik ekarri zituen lanari ekiteko. Uste dot harro egon gaitekezala, eta harro egon behar dogula, Euzko Jaurlaritza demokratikoak, orduko zailtasunak gorabehera, hezkuntzea interes militarren aurretik jarri izateaz, adierazo dau Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko erretoreak.
Erakusketea, berbaldiak eta ekitaldi nagusia
UPV/EHUren hiru campusetan ikusgai izango dan erakusketeak gaur, zemendiak 23, zabaldu ditu bere ateak lehenengoz Bizkaia Aretoan. Bertan izango da abenduaren 9ra bitartean. Erakusketa honetan, argazki, kartel eta agirien bitartez, Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusia sortzeko ibili behar izan dan bidean izandako jazoera historiko garrantzitsuenak erakusten dira.
Erakusketeagaz batera, UPV/EHUren hiru campusetan baita be, hainbat berbaldi emongo dira, Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusiaren sortze prozesua, unibersidade haren bultzatzaile nagusia izandako Angel Apraiz katedradunaren figura edota Jose Zinkunegi medikuak emon eta ikasketa-planean barrikuntza nagusietako bat izandako Sendakintz-euzkera ikasgaia lako gaietan sakontzeko.
Azkenik, abenduaren 1ean, orain 75 urte Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusiak bere ikasturte-hasiera ekitaldia egin eban egun berean, efemeride hau gogoratzeko ekitaldi nagusi bat ospatuko da Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan. Ekitaldi honetan musikea, poesia, Euskadiko erakundeetako ordezkarien berbaldiak eta lehen unibersidade publikoaren bultzatzaileei eskainiko jaken omenaldia tartekatuko dira. Euskal gizarteko ordezkaritza zabala bertaratuko da ekitaldi horretara.
Lehen Euskal unibersidade publikoa
Euskal unibersidade publiko baten beharrizanaren lehen aldarrikapenak XIX. mendean topau geinkez, hezkuntza sistema modernoa ezarri zan sasoi berean. Bakotasun honen ondorioz, euskal ikasle eta irakasleek beste lurralde batzuetara joan behar izaten eben ikastera edo unibersidade-alorrean lan egitera.
Saiakera eta proiektu ugari izan ondoren, 1936ko zemendiaren 18an Agirre lehendakaria buru eban lehen Eusko Jaurlaritzearen eskutik, Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoan argitaratu zan Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusia modu ofizialean sortzen eban dekretua. Ondorioz, Osakintza Ikastola (Medikuntza Fakultadea) jarri zan martxan Bilboko Ospitale Zibilean kokatuta, Basurton. Eta urte bereko abenduaren 1ean ikasturte-hasiera ekitaldia egin zan. Ez zan kasualidadea izan sortutako lehen ikastegia Medikuntza Fakultadea izatea, izan be, Bilboko Ospitale Zibilak baeukan erizaintza eskola bat eta XX. mendearen hasieratik hainbat saiakera egin izan zituen unibersidade mailako hezkuntzea eskaini ahal izateko.
Basurtoko Medikuntza Fakultadeko ikasle gehienak beste estaduko medikuntza fakultade batzuetatik etorritakoak izan ziran, nahiz eta baten batzuk unibersidade mailako euren lehen matrikuela Euzko Irakastola Nagusian egindakoak izan ziran. Hasieran, arrazoi praktikoakaitik, fakultadea martxan jarteaz arduratu ziran medikuek ganerako unibersidadeetan indarrean egoan ikasketa-plan bera bereganatu eben, baina barrikuntza garrantzitsu bigaz: Psikologia eta Sendakintz-euzkera (medikuntza arloko Euskera teknikoa) ikasgaiak.
Eusko Jaurlaritzearen helburua irakaskuntza sare osoa eta integrala sortzea zan eta, horretarako, beste proiektu batzuen artean, hasia zan Langile Unibertidadearen ezaugarriak be zirriborratzen, lanbide heziketarako. Halan da be, asmo guzti horreek bertan behera geratu ziran matxinatuak Bilbon sartu ziranean. Azkenean, 1937ko bagilean Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusiko gelak zarratu behar izan ziran.
Amets baten oinordeko gara - Heredamos un sueño Universidad Vasca / Euzko Irakastola Nagusia 1936. Egitaraua
- Ekitaldi nagusia: abenduaren 1ean, 18:00retan, Bilboko Bizkaia Aretoan (Mitxelena aretoa).
- Erakusketa ibiltaria:
* Bizkaiko campusa: zemendiaren 23tik abenduaren 9ra Bizkaia Aretoan eta abenduaren 12tik urtarrilaren 27ra UPV/EHUko Leioako Biblioteka Nagusiko 1. Solairuan (astelehenetik barikura 8:30etatik 19:30eara, jai egunetan izan ezik).
* Gipuzkoako campusa: zezeilaren 1etik 29ra Carlos Santamaria Zentroko Andrestegi gelan.
* Arabako campusean: martiaren 1etik 30era Elurretako Gelategian.
- Berbaldiak:
Zemendiak 24, 18:00etan, Bilboko Bizkaia Aretoan (Oteiza aretoan). Berbaldiak euskeraz:
* Mikel Aizpuru (UPV/EHUko Garaiko Historia Saileko zuzendaria eta erakusketaren komisarioa): Euzko Irakastola Nagusia. Amets baten historia.
* Jesus Mari Makazaga (UPV/EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendaria): Jose Zinkunegiren sendakintz-euzkera-ren oinordeko gara.
Zemendiak 30, 18:00etan, Bilboko Bizkaia Aretoan (Oteiza aretoan). Berbaldiak gaztelaniaz:
* Lucía Lahoz (Salamancako Unibertsitatea): Ángel Apraiz: gestor de un sueño.
* Anton Erkoreka (UPV/EHUko Medikuntza Historiaren Euskal Museoa): La Facultad de Medicina de la Universidad Vasca de 1936-1937.
Zezeilak 1, 18:00etan, Donostiako Carlos Santamaría Zentroan. Berbaldiak gaztelaniaz eta euskeraz:
* Pauli Dávila (UPV/EHU, Hezkuntzaren Historiako Katedraduna): La Universidad Vasca, la facultad de medicina y la escuela de enfermería 1936-37.
* Jesus Mari Makazaga (UPV/EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendaria): Jose Zinkunegiren sendakintz-euzkera-ren oinordeko gara.
Martiak 1, 18:00etan, Gasteizko Elurretako Gelategian. Berbaldiak gaztelaniaz eta euskeraz:
* Mikel Aizpuru (UPV/EHUko Garaiko Historia Saileko zuzendaria eta erakusketaren komisarioa): Universidad Vasca - Euzko Irakastola Nagusia. Historia de un sueño.
* Jesus Mari Makazaga (UPV/EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendaria): Jose Zinkunegiren sendakintz-euzkera-ren oinordeko gara.
Universidad Vasca/Eusko Irakastola Nagusiaren 75 urteurreneko ospakizunen inguruko informazino guztia hemen:
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!