Gune barriak, 200 ekitalditik gora eta 434 izenburu barri izango ditu 46. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokeak

Bizkaie! 2011-11-23 12:49   Kulturea

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokeak abenduaren 4tik 8ra zabalduko ditu ateak. 46. edizioa izango da eta 200 ekitaldi baino gehiago izango dira. Azokeak hiru gune barri izango ditu: Irudienea, Szenatokia eta Kabi@.

Gaur aurkeztu dabe Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azokea Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendariak, Mertxe Mujika Gerediagako zuzendariak, Miren Dobaran BFAko Euskerea Sustatzeko zuzendariak, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak, Aitziber Idigoras Durangoko alkateak eta Roberto Fernandez Culturgalekoko kideak. Azokeak abenduaren 4tik 8ra zabalduko ditu ateak eta bost egunetan 200 ekitaldi baino gehiago izango dira. Azokeak hiru gune barri izango ditu. Hogei urtetan Haur Literatura Aretoa egin dan antzera, eta azken lau urteetan Ahotseneak bere lekua egin dauen modura, alkarte edota erakundeen arteko alkarlanean oinarrituta, kultur adierazpen barrietara hurreratuz lehen pausuak emongo ditu Azokeak.


Hiru gune barri

- Irudienea: Euskara Elkarteen Topaguneagaz alkarlanean, euskerazko ikus-entzunezko sorkuntzearen erakuslehio izateko jaio dan gunea.

- Szenatokia: Euskal Herriko Antzerkizale Alkarteagaz batera, euskerazko antzerkigintza eta antzerkizaletasunaren topaleku izango dan gunea.

- Kabi@: sarean eta euskarri teknologiko barrietan euskeraz garatzen diran ekimen, proiektu eta produktuen eskaparatea. Aurten, Euskerazko wikipediaren 10. urteurrena ospatzeko edizino-maratoia egingo da.


Alkarlana

Nabarmendu beharreko beste kontzeptu bat alkarlana da. Azokaz aparte egokitu diran guneak kudeatzeko ezeze, Gerediaga Alkarteak Alkarte, talde, erakunde eta enpresa pribatuen laguntza eta babesa eskertu nahi dau. Bakotxak bere neurri edo gaitasunaren arabera batu da alkarlanera eta guztiek sinistu dabe Gerediagatik Azokara begira emon nahi izan dan pausu barri honetan. Krisi ekonomiko gogorrean egon arren be, etxe pribatu batzuek Durangoko Azokaren proiektuagaz bat egitea erabagi dabe lehenengoz.


434 izenburu barri

Azokara begira argitaratzen diran nobedadeei jagokenez, 434 izenburu barri argitaratu dira: 313 liburu, 63 disko, 23 aldizkari, 9 bideo, 15 liburu elektroniko eta 11 bestelako argitalpenak.

Partaidetzeari jagokonez, 138 argitaletxe, diskoetxe, talde, alkarte eta erakunde izango dira Azokan. Igazkoetatik 13 ez dira etorriko, baina 14 eskari barri onartu dira.

Stand kopuruan, murrizketea izan da: 9 gitxiago izango dira: 274 danetara, eta horreetatik 13 teknologikoak izango dira.


200 ekitaldi baino gehiago

Haur Literatura Aretoan, gaztetxuentzako ekitaldiak, tailerrak eta jokoak izango dira. Abenduaren 5etik 8ra zabalduko da. Gaztetxuentzat Azokan izango diran liburu eta diskoen aurkezpenak be nobedade izango dira, batez be, haur literatura aretora egokitutako ekitaldiak preparau diralako. Aurten, gainera, nobedade modura, seme-alabak eta gurasoek alkarregaz parte hartzeko tailerrak egingo dira lehenengoz. Bideojokuei buruzkoa Arteleku-Tabakaleraren eskutik eta ilustrazinoari buruzko Galtzagorriren eskutik. Bi tailer horreetan izena aurrez emon behar da kopuru mugatua ddabelako.

Ahotsenean, 95 aurkezpen izango dira bost egunetan. Aurten egun bat gehiago izango da zabalik, sortzaileen gunea. Idazleek eta musikariek, euren lan barriak zuzenean aurkeztuko ditue orduerdiroko ekitaldi laburretan.

Irudienea, barriz, abenduaren 6tik 8ra zabalduko da. Autobus baten barruan, 50 personentzat ikus-entzunezko aretoa egokituko da. Euskarazko film laburrak, musika taldeen bideoklipak eta ikus-entzunezkoetan nobedadeak aurkeztuko dira. Gainera, sortzaileen parte hartzea be izango da emonaldietan.

Kabi@-n, sareko eta euskarri teknologiko barrietako ekimenek izango dabe lekua. Azokako Aretoa egokituko da horretarako abenduaren 5ean eta 6an. Azokan parte hartuko daben erakundeek euren ekimenak aurkeztuko ditue eta abenduaren 6an euskerazko wikipediaren 10. urteurrena ospatzeko edizino-maratoia izango da.

Szenatokia, ostera, San Agustin Kultur Gunean izango da. Azoka TBtik eta Bizkaia Irratitik zuzenean emongo dan irakurketa dramatizatuagaz emongo jako hasierea ekimenari. Antzerki maratoia, mahai-ingurua eta antzezlan baten estreinaldia be izango dira.


Kultura konbidatua

Kultura galegoa izango da aurten konbidatua. Culturgal alkarteagaz alkarlanean egingo dira ekitaldiak Azokan. Gerediagak eta Culturgalek, Galiziako eta Euskal Herriko sortzaileen arteko alkarlana sustatu nahi izan dabe eta Azokan izango diran ekitaldietako askok bi herrialdeotako sortzaileen partaidetzea izango dabe.

Azokearen hasiera eta amaiera ekitaldiek kultur konbidatuagaz loturea izango dabe. Anton Reixa abeslariak Galizia denok gara”izeneko berbaldia emongo dau. Amaierea musikaz emongo jako Plateruena Kafe Antzokian; bertan, Acrobatak taldeagaz batera Mikel Urdangarinek herri musiken aberastasuna erakutsiko dabeute.


Argizaiola Saria

Iñaki Beobide donostiarrak jasoko dau 2011 Durangoko Argizaiola. Heri Gogoa diskoetxea sortu eban 1967an eta 1981. urtera arte, musika talde askoren diskoak argitaratu zituan. Euskerearentzat garai errazak ez ziran sasoian egindako esfortzua eta lanagaitik emoten dau urtero Gerediaga Alkarteak Argizaiola saria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu