Existiduten ez diran miloeka lagun (eta II)
2011-11-18 14:04 BidaideRajirak sei urte ditu, eta PBKOJP gobernuz kanpoko erankudeko haurtzaindegian irakurten ikasten dabil. Gurasoek sei seme-alaba ditue, eta bat bera be ez dago inongo erregistrotan. Ez dira existiduten. Calcuttatik mila kilometro baino gehiagora, historia bera topau dogu. Thailandiako iparraldean, Arphaek daukan gauzarik baliotsuena nortasun agiria da.
Rajirak sei urte ditu, eta PBKOJP gobernuz kanpoko erankudeko haurtzaindegian irakurten ikasten dabil. Gurasoek sei seme-alaba ditue, eta bat bera be ez dago inongo erregistrotan. Ez dira existiduten. Legez kanpo bizi gara hemen, eta ez daukagu Gobernuagaz konfiantzarik, eta umeak erregistrau ezkero, arazoak euki geinkez, azaltzen dau aitak. Bienbitartean etxetzat dauken txabolako teilatu antzekoa ohol bategaz konpontzen ahalegintzen da. Gujaratetik etorri dira, nekazariak ziran han.
Calcuttatik mila kilometro baino gehiagora,historia bera topau dogu, baina bestelako ñabardurekaz. Thailandiako iparraldean, Arphaek daukan gauzarik baliotsuena ez da bitxi bat, ez da gadget teknologiko bat. Ez. Akha etniako neska gazte honek banbu eta egurrezko etxean hain ondo gordeta daukana nortasun agiria da. Daborduko adinez nagusia da, baina orain urtebete besterik ez legearen aurrean jaio zala. Ordura arte ez zan existiduten. Ama Chian Rai oihanean erditu zan, iparraldeko muturreko probintzian ospitaletik makina bat kilometrora. Gurasoek ez eben egundo bera erregistretako ardurarik hartu.
Gauza normala da gitxiengo etnikoen artean, azaltzen dau Moo Chit Mirror Fundazinoko zuzendariak. Erakunde honek lagundu eutson Arphaeri nazionalidade thailandiarra lotzen. Nazionalidade barik aberribako personea zara, mobiduteko eskubidea mugatu egiten deutsue, ezin zeinke osasun edo hezkuntzako laguntzino publikorik eskatu, eta ezin zeinke botorik emon edo ezkondu. Arphaek joan dan garagarrilaren 3an botau eban lehenengoz. Shinawatraren alde botau neban. Zoragarria da aukeratu ahal izatea, dino irrifartsu. Dana dala, ia 50.000 lagunek ezin leikie botorik emon, agiri barik bizi dira.
1992. urtetik Thailandiako Kode Zibilak ez dau jaiotzaz nazionalidaderik emoten. Holan, errefuxiatuen seme-alabak eta Birmaniko immigranteak legez kanpo jaioten dira, milaka ume. Tailandiak ez ditu tailandar lez onartzen, eta Myanmarrek ez dau euren ardurarik hartzen. Ez dira inongoak.
Miloe bi edo hiru legez kanpoko langile birmaniarrek ei dagoz Thailandian, hortik atara kontuak. Arphaeren kasua gogorra da, baina probau ahal izan genduan haren familia thailandiarra zala. Baina birmaniarren seme-alabekaz ez dago zereginik. Gaur egun, sikeran, lehen hezkuntza jaso leikie.
Rojanak ondotxu daki. Orain 16 urte jaio zan, Chiang Rai probintziako herri txiki baten. Gurasoak legez kanpoko langile birmanarrak dira, batak eraikuntzan behar egiten dau, eta besteak, etxeko lanetan. Ama ospital baten erditu zan eta jaiotze-agirian argi ipinten dau, baina Rojana ez da inongoa. Nortasun agiria dauka, eta eskolara doa. Beragaz batera, agiri hori be ez dauken ikasleak dagoz. Eskoleak aurre egiten deutse legeei, eta agiri bako umeak onartzen ditu. Horregaitik ez dau gura bere izenik emoterik, ezta non dagoan esaterik be ez.
Rojana estatidistiketan dago, baina haren askatasuna guztiz mugatua da. Herrian eta inguruan besterik ezin neike ibili. Urten ezkero, Poliziak atxilotu ahal nau, eta jakina da hainbat gazte bortxatu dituela. Ganera, euren herrialdera bialduko dituela esanez mehatxatzen ditue, azaltzen dau. Aberribakoen Mirror alkarteko arduradun Natthaphon Singtuanek dinoenez, mehatxuak besterik ez dira, dirua eta sexu-harremanak lortzeko. Ezin dabe abarribakoari bere aberrira bialdu. Myanmarrek ez leuke Rojana modukorik onartuko egundo be, ez dau inon ipinten-eta birmaniarra danik.
Formazinorik eza da arazorik handiena. Gure lana informazinoa emotea da, batez be. Nazionalidadearen ganeko legea aldatu arte, ezin da gauza handirik egin. Eta gatxa da legea aldatzea. Baina Rojana moduko askok eskubide batzuk baditue, eta eskubideon barri izatea da gehiegikerien kontra dauken tresna bakarra, azaltzen dau Singtuanek.
Thailandiako aberribako guztiak ez dira gitxiengo etkinikoetakoak, edo birmaniarrak; badira Txina edo Bangladeshekoak be. Herrialdean ondo egokitu dira, baina beste mundu baten bizi dira; gizarteak eta Gobernuak ez ditu aintzat hartze. Etorkizunean arazo handia izan daiteke, gero aberribako gehiago dagoz, eta gero eta eskubide gehiago eskatzen ditue.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!